Berria Taldea

‘BERRIA zabalik’ kanpaina martxan jarriko dute Zumaian

Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egitasmoa da. Gaur aurkeztu dute, eta hilaren 16tik aurrera hartu ahalko dute parte herritarrek, komertzioek izena eman ostean.

'Berria Zabalik' kanpainaren aurkezpena egin dute Zumaian. BERRIA
2020ko azaroaren 2a
14:05
Entzun

Gaur eguerdian aurkeztu dute BERRIA zabalik kanpaina Zumaian (Gipuzkoa). Herri horretako tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egitasmoa da, eta datozen egunetan jarriko dute abian. BERRIAk jarri du martxan kanpaina, Zumaiako Udalarekin eta Gertu merkatari eta ostalari elkartearekin batera, eta Kutxabanken babesarekin.

Kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek eta ostalariek izena eman beharko dute azaroaren 5etik 11ra, sarekoformulario baten bitartez. Orduan, BERRIAlagun iragarle izango dira aurrerantzean. Horri esker, harreman zuzenean egongo dira norbanako BERRIAlagunekin. Azaroaren 16tik 24ra, berriz, herritarren txanda iritsiko da; Zumaiako dendetan eta ostalaritzan gastua eginez gero, zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Herri horretako dendetan eta tabernetan erabiltzeko 1.000 euro zozketatuko dira herritarren artean, abenduaren 1ean. Horrez gain, beste 1.000 euroko zozketa bat egingo dute kanpainan parte hartu duten saltokien eta ostalaritza lokalen artean. BERRIA egunkarian publizitatea jartzeko izango da diru kopuru hori.

Tokiko merkataritzaren ikusgarritasuna sustatu nahi dute antolatzaileek egitasmoarekin, eta baita BERRIAren kale presentzia ere. Ainara Lasa BERRIAko marketin eta publizitate arduradunak azaldu du lankidetza dagoela kanpainaren oinarrian: «Iruditzen zaigu bi sektoreek bat eginda, elkarri babesa eskainiz eta bultzada bat emanez lortzen dugula tokiko merkataritza ahalduntzea eta BERRIA herritarrengana hurbiltzea, jakin dezaten euskaraz informatzeko egunkari bat dagoela». Kanpainak irauten duen bitartean, herritarrek BERRIA egunkaria eskura izango dute kanpainan parte hartuko duten taberna eta jatetxeetan. Lasak erantsi du BERRIAk, euskarazko egunkari nazionala izanik, erakusleiho nazional bat eskaintzen diela herriko merkatari eta ostalariei.

Tokikoari bultzada, euskaraz

Lore Garciarena Gertu Zumaiako Merkatari eta Ostalari Elkarteko teknikariak uste du herritarrei eskerrak emateko modu bat ere badela egitasmoa, herriko merkataritzan jarri duten konfiantza dela eta. Gainera, azpimarratu du herrian erostea «ekintza segurua» dela: «Gure helburu nagusia da gogoraraztea dendak eta zerbitzuak gertu gaudela; hemen gaudela herritarren beharrak asetzeko, segurtasun neurri guztiak betez».

Zumaiako Udalak bitartekaritza lanak egingo ditu BERRIAren eta merkatari eta ostalarien artean. Alex Oliden Turismo eta Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, gizarteratu egin nahi dute hurbileko merkataritzak duen garrantzia. Horrez gain, euskararen erabilerari ere bultzada bat eman nahi diote. «Euskara tresna egokia da merkataritza eta negozio munduan ere ibiltzeko», gogorarazi du Olidenek.

Ainhoa Arruabarrena Kutxabanken Gipuzkoa Sareko zuzendariak azaldu du era horretako egitasmoek «bizitasuna» ematen dietela herriei. Adierazi duenez, Kutxabankek BERRIA zabalik kanpainari babesa emateko erabakia hartu zuen uste duelako beharrezkoa dela merkatariei baliabide bereziak eskaintzea. «Helburua argi dago: etxeratzeak ez ditzala tokian tokiko ekonomiak ito», nabarmendu du.

Egitasmo berezia

BERRIAk bost urte daramatza udalekin eta merkatari elkarteekin elkarlanean BERRIA zabalik kanpainaren moduko egitasmoak egiten. Urtean pare bat herritan jarri ohi dute martxan gisa horretako kanpaina bat. Dena den, BERRIA zabalik izenpean egiten duten bigarrena da Zumaiakoa. Urrian, Bergaran (Gipuzkoa) egin zuten, eta antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute.

Aurretik antzeko esperientziak izan dituzten arren, aurtengoek badute berezitasun bat; pandemia dela eta, euskara eta tokiko merkataritza sustatzen dituzten egitasmoek garrantzi berezia dutela uste du Lasak. «Tokiko ekonomia asko ari da sufritzen, eta jokaleku horretan askoz ere zentzu handiagoa du kanpainak», nabarmendu du. Olidenek, bestalde, uste du kanpainak herritarren arteko loturak indartzeko balio dezakeela: “Geroz eta nabarmenagoa da, pandemia kontrolatzeko hartu beharreko neurriak zorrotz errespetatzearekin batera, bizitza soziala ere behar dugula”.

Garciarenak erantsi du gaur egungo egoeran laguntzarik txikiena ere handia dela, eta, beraz, interesgarria dela BERRIA zabalik kanpaina. Iritzi berekoa da Arruabarrena. Horrez gain, adierazi du arduratsu jokatzeko garaia dela, eta, ondorioz, egitasmo arduratsuak sustatzea dagokiela: «Gure herrian arduraz kontsumitzea eta mila euroko zorroa irabaztea edonori gerta dakioke pozgarri; poz apur bat emateko gai bagara, helburua beteta izango dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.