Egarria sortu du koronabirusaren krisiak, informazio egarria. Euskaldun gero eta gehiago ari dira BERRIAra jotzen, kioskora eta webgunera, birusari buruzkoak euskaraz jasotzeko asmoz. Erronka handia da BERRIA Taldearentzat: osasun neurri gisara, etxetik ari dira lanean behargin gehienak, baina eguneroko eskaintza bermatu da. Kate osoa dago martxan: kazetari, argazkilari, diseinatzaile, zuzentzaile, informatikari, administrari, inprimatzaile, banatzaile eta saltzaile. Egarri hori ikusita, eskaintza osatzeko proiektuak ipini ditu martxan BERRIAk.
Itxialdia iritsi eta berehala hasi zuen bidea BERRIA Aretoak. Kultur sortzaileei plaza emateko azpiegitura bat da: bi saio ditu egunero (10:00etan eta 18:00etan), sortzaileek etxetik eginak. Kulturan, beste bide bat ere abian da: Erresistentzia kutxa atala, sortzaileek papereko BERRIAn eta webgunean duten plaza, batik bat idatzizko jarduna bilduko duena. Koronabirusak itxi egin ditu sortzaileen ohiko areto eta plazak, eta BERRIAk leiho bat jarri du sortzaileen esku.
Informazioa da eguneroko ardatza, kalitatezko informazioa, eta BERRIA ahalegin berezia egiten ari da koronabirusaren inguruko xehetasunak unean-unean emateko: datu gaurkotuak, askotariko ahotsak eta testigantzak, arloz arlo eta lekuz leku izaten ari den eraginari buruzko xehetasunak.
Eskaintza berriak
Lantaldean aldaketa handiak izan dira egunotan: erredakzioko kide gehienak etxetik ari dira lanean, kasu askotan zaintzarekin uztartzeko ahaleginean. Aparteko esfortzua ari dira egiten egunotan. Itxialdia iritsi aurretik hasia zen taldea egoera aztertzen eta etxetik aritzeko azpiegitura prestatzen, bi helbururekin: langileen osasuna babestea eta BERRIAren eskaintza bermatzea. Koronabirusaren berri osotasunez emateko, sail arteko lantalde bat osatu du erredakzioak, eta webguneko lantaldea ere indartu da, etengabeko informazio jarioari erantzuteko.
Bestelako eskaintzan ere badira urratsak. Esanguratsuena, Mantangorri haurren gehigarria: larunbatetan argitaratzen da, eta, orain, asteazkenetan ere bai. Asmoa da etxean dauden gaztetxoek eskura izan dezatela euskaraz eurentzat egindako produktu hori. Gainera, eguna arintzeko asmoz, denbora-pasa gehiago sartu dira egunkarian, eta Iritzia sailean ere artikulu gehiago daude egunotan.
Ahalegin horrek guztiak emaitza ekarri du: webguneko bisitetan igoera handia eduki du BERRIAk, eta papereko salmentak ere igo egin dira egunotan, euskaldun gehiagok hartu baitute euskarazko egunkaria kioskotik. Zereginak betetzen ari da BERRIA, hortaz.
Baina egoerak badu beste aurpegi bat ere: nahiz eta irakurleen aldetik gero eta handiagoa izan jarraipena, publizitatean jaitsiera handia izan da egunotan. Koronabirusak nabarmen eragin dio jardun ekonomikoari, egonezina sortu du, eta segituan sumatu da publizitatean. Hedabideen jardunaren oinarrietako bat da publizitatea.
BERRIAren kasuan, BERRIAlagunen komunitatea da zimendua. Areago, publizitatearen jaitsieraren ondorioz, ezinbestekoa izango da komunitate hori sendotzea. Hori da erronka: egunotan BERRIAra jo duten milaka euskaldunak komunitateko partaide bilakatzea.
[youtube]https://youtu.be/iH9t1KXgtvk[/youtube]