Berria hasi dute, baina ezagun dute bidea

COVID-19a protagonista izango da hasi berri den ikasturtean. Orain arteko babes neurriekin jarraituko dute, baina txertoa eta esperientzia izango dituzte alde. Nafarroan, badute aparteko kezka bat: ordutegia ikasturtea hasi bezperan aldatu diete.

Bideberri ikastetxeko hainbat ikasle maskararekin, ikasturteko lehen egunean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Irati Urdalleta Lete
Barañain. Donostia
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Akabo oporraldia. Udako etenaren ondotik, Hegoaldeko ikastetxe gehienek atzo zabaldu zizkieten ateak ikasturte berriari. Egunak dira irakasleak lanean hasi zirela, datozen hilabeteetako jarduna prestatzeko, baina orain ailegatu da ikasleen txanda. Nekez da isiltasunik korridoreetan, haur eta gazteen oin hotsek hartu baitute giroa berriz, baita luze ikusi gabeko lagunei egindako agurrek ere. Agur horiek, ordea, bigarren urtez dira maskararen atzetik esanak. Izan ere, pandemiak baldintzatutako hirugarren ikasturtea dute hau zentroek. Estreinako aldia ez izateak ezinbestean du eragina eskolen hasieran: iazko egoeraren aldean, prebentzio neurriek antzeko segituko dute, eta «ikasiak» dira, beraz. Halere, gehienek beste aldarte bat dute aurten, «baikorragoa».

Ilusioa eta eskolara itzultzeak eragindako poza agerikoa da Barañaingo (Nafarroa) Jaso ikastolako ikasle askoren aurpegietan. Gainera, lehenbiziko egunerako aukeratutako arropek ere ematen dute atentzioa: Osasuna kamiseta mordoa da begien bistara, Realekoren bat ere bai. Poz-pozik dira gehienak. Halako batean, idazkaritza ondoan diren ama-seme batzuengana hurbildu da zentroko irakasle bat, irribarrez. «Gogotsu hasteko?», egin dio galde haurrari. «Urduri», erantzun dio hark.

Ez da urduri den bakarra. Hain zuzen, Nafarroako ikastetxeetako langile asko pausoak zehazki nola eman ez dakitela dira astelehenetik, Nafarroako Gobernuaren iragarpenaren ondotik.Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak orduan eman zituen ikasturteari berriari buruzko zenbait argibide, eta albistea ustekabean heldu zen hainbatentzat. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ordutegi jarraitua izanen dute, baina ikastetxeek astean lau egunetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituzte arratsaldez, urritik. Saio horiek irakasleek eman beharko dituzte.

«Kontraesan handia dago erabaki horretan, ez dago ulertzerik. Gauzak erraztu baino gehiago, zaildu egin dituzte». Jaso Ikastolako Idoia Illarramendirenak dira hitzak. Ez du ulertzen zergatik erabaki den arratsaldez eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharra dagoela eta, kontrara, zergatik ez den baimendu eskola goizez eta arratsaldez ematea.Nafarroako itunpeko ikastetxeak hilaren 14an dira Gimenorekin biltzekoak. Ordea, Illarramendik aitortu du deus gutxi espero dutela batzar horretatik: «Ezertarako balioko duen ez dakigu». Haren arabera, ikastolek «behin eta berriz» eskatu dute autonomia gehiago, eta ez dute erdietsi.

Bestalde, eskolen berrantolaketak ezinbestean eragin du harridura familiengan ere. Javier Viscarretek hiru haur ditu ikastolan, eta aitortu du «kezkatua» dela, ziurgabetasunarengatik bereziki. «Gauza asko daude hankaz gora. Adibidez, aldaketa honek nola eraginen dio bus zerbitzuari? Nolakoak izanen dira eskolak eskainiko dituzten jarduerak?». Galdera asko ditu buruan.

09:00ak jotzerako ikasleak tantaka iristen hasiak ziren Donostiako Bideberri ikastetxera ere. Atarian zituzten zain irakasleak eta Javi Lopez zuzendaria. «Urko hazi egin da» eta «hauek orain hasiko direnak izango dira», esaten zioten elkarri. Ikasturte hasierako ohiko iruzkinak. Baina atzo hasitakoa ez da ohiko ikasturte bat izango: birusak markatuko du, berriz. Ikasle guztiek maskara zeramaten ahoan, despistaturen bat salbu: «Maskara ahaztu zait, barkatu». Eskolara sartu orduko, COVID-19a presente: gel hidroalkoholikoa, joan-etorriak gidatzeko marrak lurrean...

Iazko neurri bertsuak izango dituzte Bideberrin: ikasleek sartzeko ordutegi desberdina izango dute mailaren arabera, patioa egokitu dute, taldeen arteko harremanak murriztu... 2020-2021 ikasturtean lortutako esperientzia baliagarri izango zaielakoan dago Lopez. «Zalantzekin eta beldurrez» hasi zuten ikasturtea iaz; aurten, egoera bestelakoa da: «Iaz asko ikasi genuen; aurten, esperientziak lagunduko digu».

Txertoa lagun

Bideberri bigarren hezkuntzako ikastetxea izaki, txertoak ere mesede egingo die aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko. Izan ere,aurtengo berrikuntza nagusietako bat da txertoa hartua duten ikasleek, irakasleek eta eskoletako beste langileek edo gaitza azken 180 egunetan igaro dutenek ez dutela berrogeialdirik egin beharko, positibo eman duen norbaiten kontaktu estuak izanda ere. Gaurkoz, oraindik ez dakite nor dagoen txertatuta eta nor ez, baina galdetzeko asmoa dute, kasuren bat dagoenean kudeaketa errazteko: «Gurasoentzat galdetegi bat prestatu dugu. Badakigu informazio guztiz konfidentziala dela, eta ez badute erantzun nahi, ez da ezer gertatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.