'Berria FM'

‘Berria FM’-ren ziklo berria, martxan

Gaur itzuliko da Ane Eslaba eta Uxue Rey kazetariek gidatuko duten podcast feminista. Bi astean behin entzun ahalko da

Jone Bastida Alzuru.
2023ko martxoaren 7a
16:10
Entzun

Abisua emana zuen Maider Galardi F. Agirre kazetariak: «Berria FM podcasta segitzeko etorri da». Eta, hain zuzen, gaur abiatuko da podcast feministaren ziklo berria, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Bi gidari berri izango ditu: Uxue Rey eta Ane Eslaba. Eta, horrez gain, beste hainbat berrikuntza ere ekarriko ditu. Bi astean behin emango dute, eta plataformetan eta BERRIAn entzun ahalko da.

2019. urtean sortu zen Berria FM podcast feminista, eta Galardi ibili da hiru urtez gidaritza lanetan. Askotariko gaiak jorratu ditu, sakon eta begirada feministatik, eta ahots ugariri egin die tokia. Saritua ere izan da. Ibilbide oparo baten ostean, bukatutzat eman zen etapa hori, baina ez podcastaren bidea. BERRIAko lantaldeko emakumeak forma berritzeko eta bidea zehazteko asmoz elkartu ziren, eta bildutako ekarpenekin proposamen bat landu zuten. Bihar plazaratuko da emaitza.

Bi gidariek nabarmendu dute ez direla hutsetik abiatuko, podcastak bide bat egina eta aitortua baitu. Hala ere, berritzeko eta esperimentatzeko aukera izango dutela azaldu dute. Eslaba: «Niretzat opari bat da kazetaritza feministako podcast bat gidatu ahal izatea». Bistakoa da zein den aldaketa nagusia: bi ahotsera arituko dira. Reyren arabera, bien arteko solasaldiak osatuko du saioa, eta horrek berak badakar aldaketa: «Gure arteko harreman hori ere islatuko da, nolabait, uhinetan».

Edukiak antzekoak izango dira, baina forma edo formatua aldatuko da gehien. Arrasto batzuk eman ditu Reyk: «Edukiak laburragoak izanen dira, eta saio bakoitzak elementu gehiago izanen ditu, horrek dakarren dinamismoarekin». Atal bakoitzean gai bat joko dute begiz, baina ez dira saio monografikoak izango. Eslabak iragarri du aniztasuna bilatzen saiatuko direla.

Horiek horrela, gaurkotasunari helduko diote podcastean, eta atzera begirako bat egiten ahaleginduko dira bi astean behin. «Saio bakoitza baliatuko dugu zer gertatu den errepasatzeko, eta horrek aginduko digu ezinbestean zer landu behar den, horrela exijitzen dutelako errealitateak eta egunerokoak».

Elkarlanean egindako podcasta izango da, eta hainbat gonbidatuk hartuko dute parte. Tartean, genero gaiak lantzen dituzten BERRIAko kazetariak ere izango dira: «Haien ekarpena baliatuko dugu. Podcasta aberastuko dute». Eskerrak eman dizkiote atzean duten lantaldeari, eta Eslabak azpimarratu du «ezinbestekoa» dela haiek ondoan edukitzea.

Lehen atalean, M-8a

Aurkezpenerako saio bat izateaz gain, Martxoaren 8aren bueltako hainbat eduki landuko dituzte etapa berriko lehen atalean. Egun horrek izan duen bideaz eta haren dimentsioaz arituko dira, baita zaintzaz ere. Izan ere, zaintza sistema izango dute jomugan biharko mobilizazioek.

Podcastaren sintonia berria eta kareta nagusia Mauriziak Ez Dau Inor Hil taldeak egin ditu; grabaketak, gainera, Euskalerria Irratiaren estudioan egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.