Haur eta gazteen buru osasuna lehenetsiko du Jaurlaritzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Estrategia aurkeztu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. 2023-2028 urteetarako prestatu dute.

osakidetza osasun mentala
nerea intxausti
2023ko azaroaren 21a
19:05
Entzun

Osasun mentala lehentasun bihurtu den eta tabu izateari utzi dion garaiotan, Eusko Jaurlaritzak osasun mentala zaintzeko eta tratatzeko plana osatu du. Planak hamar ildo estrategiko ditu, baina horietatik bi dira nabarmentzekoak: haurren eta nerabeen osasun mentala, eta osasun mentaleko arazoren bat dutenen familiei eskaini beharreko arreta. Eta, ildo estrategikoen gainetik, ideia bat: osasun mentalaren zaintzak «komunitarioa» izan behar du. 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Osasun Mentaleko Estrategia aurkeztu du Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, eta iragarri du Jaurlaritzak buru osasunaren arloa indartuko duela. 2023 eta 2028 urteen artean egongo da estrategia martxan. Ia 140 orriko agiria, asmo on, nahi eta helburuz betea, datozen urteetarako erabakiak, ekintzak eta neurriak biltzen dituena.

Estrategiak herritarren osasun mentala hobetzea du helburu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nahasmendu mentalak dituztenen eta haien familien arreta hobetzeko ildoak eman ditu, baita osasun mentalaren arretan prebentzioa lantzeko eta kalitatea hobetzeko neurriak ere. Sagarduik espero du plana «baliagarria» izango dela, eta esan du beharrezkoa dela «pertsonen osasun mentala eta fisikoa modu integralean» artatzea. 

Gaixotasun mentalen prebentzioak, detekzio goiztiarrak, tratamendu eraginkorrak eta errehabilitazioa landuko duten politika publikoak bildu dituzte estrategian; baita gaixotasun mentalak jasan dituztenak gizarteratzeko neurriak ere. Prebentzioari garrantzia eman diote, bereziki elikadura portaeraren nahasmenduak dituztenei dagokienez. Arreta pertsonalizatua eskaintzea eta pertsona ardatz izatea da asmoa: planak aurreikusten du pertsona bakoitzak plan terapeutiko pertsonalizatua izango duela, bere tipologia klinikoaren arabera. 

Lehen mailako arretako lantaldeen jardunari eman diote balioa, eguneroko bizitzako prozesu psikosozialetan arreta jartzeko, estigma gutxitzeko, bai eta osasun mentaleko arazoei lotuta ager daitezkeen arrisku faktoreak edo sintomak goiz detektatzeko ere. Sagarduiren esanetan, plana gauzatzeko prozesua «partaidetza prozesu zabal baten emaitza» da: Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Batzordean egin da, eta osasun mentalaren arloan inplikatutako profesionalen, adituen eta elkarteen laguntza izan du.

Komunitatea, funtsezkoa

Osasun mentalaren estrategia «komunitarioa» izango dela aurreratu du Sagarduik, eta hori izango dela asistentzia emaitza hobeen giltzarri. Funtsean, osasun mentala sistema sanitarioan integratzea da planaren asmoa, eta esku hartzea indartuko da, bereziki gizarte bazterkeria, diskriminazioa, pobrezia eta marjinaltasuna izateko arrisku handia duten eremuetan. Herritarrei zerbitzuak eskaini ez ezik, modua emango du zerbitzuak kalitatezkoak izan daitezen, beste zerbitzu sanitario eta sozial batzuekin lankidetzan.

Haur eta nerabeen osasun mentala

Lehen urteek pertsonaren etorkizuneko osasun mentalean izan dezaketen garrantzia dela medio, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak lehentasuna eman dio haurren eta nerabeen osasun mentala artatzeari. Osasun mentaleko sintomen eta nahasmenduen prebentzioari eta detekzio goiztiarrari bide eman nahi diote planean, eta, horretarako, hainbat jarduera jarriko dituzte martxan: profesionalekin koordinatutako ongizate emozionala sustatzeko jarduerak, osasun eta nahasmendu mentalak ezagutzeko ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak. 

Azken bi urteetan haur eta nerabeen osasun mentala tratatzeko giza baliabideak eta materialak «bikoiztu» dituztela ziurtatu du Sagarduik. Iragarri du 2024ko lehen hiruhilekorako hamasei lanpostu berri sortuko dituztela Gipuzkoako eguneko ospitaleetan. Osasun mentalean artatutako adingabeen erregistro diagnostikoa ere hobetu eta homogeneizatu nahi du Jaurlaritzak: nahasmendu mentalak dituzten haur eta nerabeentzako arreta azkarra indartuko da, bereziki nahasmendu mental larrien adierazle diren sintomak identifikatzen direnean. Horretarako, adingabeekin aritzen diren profesionalak etengabe prestatuko dira, nahasmendu mentalak goiz detektatzeko, eta baliabideak eskainiko zaizkie: familiekin tratamendu terapeutikoak edo etxeko tratamenduak egingo dituzte, besteak beste.

Familiaren esku hartzea

Familia da Jaurlaritzak landu nahi izan dituen beste ildoetako bat. Kontuan hartuta familiak zenbateko garrantzia daukan buru osasunean, planak barne hartu ditu haientzako informazioa, aholkularitza, prestakuntza, zaintza eta tresnak. Familia osasun mentaleko arreta komunitarioaren osagai bat izango da, elementu aktiboa osasun mentaleko arazoak dituenaren errekuperazio psikosozialerako. Bide beretik, familiek elkar laguntzeko taldeak bultzatuko dira.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.