BERRIA '.eus' bilakatu zen urtea

2014ko ekainaren 28a gogoan hartzeko eguna da euskal komunitatearentzat: 92 eragile hasi ziren euskarazko domeinua erabiltzen. Tartean zen BERRIA ere: '.info' deitura utzi, eta '.eus' hartu zuen.

'.eus' domeinuaren hamargarren urteurrena oroitzeko ekitaldia, aurtengo apirilean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
'.eus' domeinuaren hamargarren urteurrena oroitzeko ekitaldia, aurtengo apirilean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
mikel p ansa
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Gaur normala den hori atzo borroka bat zen; eta orain egunero ikusten dena lehen amets bat besterik ez zen. Euskarak ikusgaitasuna lortu zuen sareen sareetan, gaur justu duela hamar urte, .eus domeinua martxan jarri zenean. 2014ko ekainaren 28an, 92 eragilek birbataiatu zuten beren webgunea, tartean zela egunkari hau ere. BERRIA .eus bilakatu zen urtea izan zen, beraz: hamar urte joan dira ia oharkabean, eta ametsa zena normala da orain.

Zaharrenek gogoratuko dute agian, eta gazteenek jakin ere ez dute egingo beharbada, baina BERRIAk .info deitura erabili zuen 2003tik, sortu zenetik, 2014 arte. Garai hartan, .com domeinuak garestiak ziren, eta Espainiako zein Frantziako domeinuak erabili nahi ez zituzten batzuek .eu domeinua ere erabiltzen zuten, Europa esan nahi duen arren, euskara ere esan zezakeela imajinatu nahiz. Bestalde, .org, .info eta beste aukera xumeago batzuk ere baziren, zirrikituak, baina euskarak ez zuen domeinurik sarean, eta, dominio-k gaztelaniaz horixe esan nahi baitu, ezta territorio librerik ere beraz, Joseba Sarrionandiaren poema gogora ekarrita.

2014ko ekainaren 28tik aurrera, baina, euskarak badu bere territorio librea Interneten, ordura arte euskara existituko ez balitz bezala izan baitzen. Gaur duela hamar urte, hala eman zuen BERRIAk albistea: «Iritsi da eguna. Gaurgero aktibatuta dago sarean .eus domeinu izena, hura erabiltzea erabaki duten 92 entitateen eskutik. Aitzindari horien artean daude erakunde publikoak, enpresak, hedabideak —BERRIA eta eskualdeetako Hitza guztiak barne—, eta euskalgintzako zein euskal kulturako elkarte eta erakundeak». Euskal komunitateak sei urte lehenago, 2008 aldera, hasitako borrokaren emaitza ederra zen.

Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak 2013an idatzitako artikuluak nabarmentzen du lorpen haren garrantzia: «Garrantzitsua da, Interneteko mundu globalizatu honetan, euskarak bere domeinu propioa izatea; garrantzitsua, munduaren aurrean gure sinadura propioarekin agertzeko eta euskarak zein euskal kulturak merezi duten agerpena eta ikusgarritasuna izateko. Orain arte, globalak diren edo beste herri batzuenak diren domeinuak erabili behar izan ditugu gure izenaren atzean; orain, geurea propioa izateko aukera izango dugu, izenetik bertatik abiatuta geure izana eta euskaltasuna agertzeko aukera, denon artean euskal kulturaren aberastasuna erakusteko aukera. Azken batean, Joan Mari Torrealdaik zioen moduan, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko aukera emango digu .eus domeinuak».

15.000 kideko mundu bat

Berez, Puntueus fundazioak 2013ko ekainaren 14an jaso zuen .eus domeinua erabiltzen hasteko baimena. ICANN nazioarteko erakundeak arautzen ditu Interneteko domeinuak, eta hark eman zituen .eus erabiltzeko irizpideak: euskarazko bertsio bat edukitzea, hizkuntzari dagokionez; euskal kulturari buruz aritzea, edukiari dagokionez. Baimena eskuratuta, urratsez urrats zabaldu zuten. 2014ko apirilaren 14an sortu zen lehen .eus ataria: domeinuak.eus, gaur egun puntu.eus dena. Fundazioak berak kudeatzen ditu domeinu horiek harrezkero. 2014ko ekainaren 28an, 92 aitzindari hasi ziren erabiltzen, BERRIA tarteko, eta hurrengo asteetan 1.200 bat eskari jaso zituzten. 2014ko abenduaren 3an ireki zuten nahi zuen edonork domeinua erabiltzeko aukera, eta gaur egun 15.000 eragilek erabiltzen dute.

Josu Waliño fundazioko zuzendariak hala esan zuen BERRIAn, 2014ko irailean: «.eus domeinuak euskal gizartearen irudi birtuala izan behar du: guztiona». Apiril honetan, urteurrena gogora ekartzeko ekitaldian, Waliñok berak azaldu zuen 15.000 kide dituela domeinuak gaur egun, eta helburu horri eusten diola. Webgune horietatik, %70 inguruk egiten dute euskaraz. Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuta, %15 inguru ari dira euskaraz, fundazioaren beraren datuen arabera.

Enpresenak dira domeinu horietatik ia erdiak (%45 inguru), eta euskarari edo euskal kulturari lotutako proiektuenak %12 inguru; norbanakoenak, berriz, %11 inguru dira. Gipuzkoan erregistratzen dira .eus domeinu gehien: hamarretik lau, gutxi gorabehera. Bizkaian daude .eus domeinuen heren bat, Araban %10 inguru, Nafarroan %5 inguru, eta Ipar Euskal Herrian %3 inguru.

Sei urteko lana

Euskal komunitateak modu antolatu eta partekatuan egindako bide luze baten emaitza izan zen .eus, nolanahi ere. Ez zen hutsetik sortu. Ikusirik katalanek .cat sortu zutela eta jakinda Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunak ere hastekoak zirela Interneten hizkuntza horiei leku egiteko lanean, 2008 aldera antolatu zen Puntueus elkartea. 2012an fundazio bilakatu zen, ICANNen eskaera egin ahal izateko. Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, EITB, EHU, Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa, Euskadiko Informatika Ingeniarien Elkargoa eta Internetika izan ziren sortzaileak. Laster jaso zituzten dozenaka atxikimendu, tartean BERRIA Taldearena. 2008ko apirilaren 2an aurkeztu zuten ekinbidea, 30 erakunderen babesarekin.

2009rako 25.000 atxikimendu inguru jaso zituen eskariak. Ordurako, galizieraren (.gal), bretoieraren (.bzh) eta galesaren (.cym) domeinuaren alde lanean ari ziren elkarteekin harremanetan jarriak ziren Puntueuseko kideak. 2011ko abuztuaren 15ean, Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzako orduko Justizia sailburuak, jakinarazi zuen Puntueus elkarteari laguntza eman ziola, «lehentasuna» zelako domeinu hori lortzea. Elkarteak 2012ko martxoan aurkeztu zuen eskari ofiziala, 185.000 dolar ordainduta —orduko 150.000 euro inguru—.

Aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko, eskaintza bat egin dute: abenduaren 31ra arte, .eus domeinuak hamar euroan eskuratzeko aukera jarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.