Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle erruduntzat jo baina zigortu ez izana «berri ona» dela adierazi dute epaiaren zain zeuden eragileek. Batzuek kritikatu egin dute errudun izendatu izana, baina, oro har, «garaipentzat» jo dute Parisko Zigor Auzitegiaren erabakia.
EH Bilduk eta EH Baik ohar bateratu bat argitaratu dute. Hartan, ebazpenaren «esangura politikoa» nabarmendu dute: «Zigorrik ez jartzeak agerian utzi du Luhusoko ekintza kolektiboaren erabateko zilegitasuna, eta, aldi berean, Euskal Herriko bake prozesuaren eraginkortasuna». Gainera, uste dute epaiak agerian utzi duela «fiskaltzaren posizioaren ahuldadea», eta eskatu diote epaiaren aurkako helegiterik ez aurkezteko. Bestalde, zehaztu dute Euskal Herriak «konponbide osoa» behar duela, eta horrek eskatzen duela preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzea, baita biktima guztien aitortza eta memoria lantzea ere.
Bide beretik, Sortuk ere uste du «bake prozesua bultzatzeak» ez lukeela delitu izan beharko, eta «poztekotzat» jo du zigorrik ez ezarri izana: «Gaurkoa herri gisa eramandako borroka zabal baten emaitza da. Aurrerantzean ere urratsak egiteko ezinbestekoa izango dena».
Ebazpenarekin kritikoagoak izan dira ELA eta LAB sindikatuak. Lehenak «deitoratu» egin du, eta bigarrenak ez du «ontzat» jo. Izan ere, ELAk uste du sententzia Frantziako Estatuaren eta euskal gizartearen arteko «desfasearen» erakusgarri dela: «Absoluzioa zen Iparraldeko eragile kolektibo nagusien iritziarekin bat zetorren ebazpen bakarra». LABek, berriz, «zentzugabetzat» jo du epaiketa bera egin izana, euskal gizarteak jada «argi utzi» duelakoan «konponbide prozesuan egindako urratsak» babesten dituela: «Konponbide osoaren norabidean jarraituko dugu lanean».
Baionako alkate eta Euskal Hirigune Elkarteko lehendakari Jean Rene Etxegaraik X sare sozialean adierazi du «justiziaren balantza» gailendu dela, eta zigorrik ez izatea nabarmendu du, baita gizarte zibilak ETAren amaierara bitarteko prozesuan izandako rola ere. «Auzitegiak bere egin du —eta hori historikoa da— 2011n Kofi Annanek abiatu eta Euskal Herriko gizarte zibilak etengabe aitzina eraman duen bake prozesua», zehaztu du, 2011ko urriaren 17an Aieteko Konferentzian abiatutako bideari erreferentzia eginda.
Berdeen eledun Sophie Bussierek, berriz, «justutzat» eta «historikotzat» jo du ebazpena, eta gogoan izan ditu Mixel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana ere: «Zuena ere bada!». Bussierek espero du fiskalak epaiari errekurtsorik ez jartzea, eta bake prozesua «ahalik eta azkarren» garatzea Euskal Herrian.
Iñaki Etxaniz Alderdi Sozialistako diputatua ere antzera mintzatu da. Haren hitzetan, «erabakigarria» izan da gizarte zibilak eta, zehazki, Luhusoko ekinaldiak Euskal Herriko bake prozesuan izandako rola.