Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2016ko sanferminetan egindako bortxaketagatik zigortutako biri —Jose Angel Prenda eta Jesus Escudero— kartzela zigorra urtebete murriztea: hamabost urtetik hamalaura. 2023ko irailean lehen kondenatuaren kasuan erabili zen irizpide juridiko berari jarraituz egin dute. Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko 10/2022 Lege Organikoaren aplikazioan oinarritzen da erabakia. Lege horrek Zigor Kodea aldatu zuen, sexu delitu jakin batzuetarako gutxieneko zigorrak murrizteko. Lege hori 2022an sartu zen indarrean, eta murriztu egin zuen sexu erasoen delituetarako gutxieneko kartzela zigorra.
Hasieran, erasoa egin zuten bost gizonei hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zieten taldekako bortxaketagatik. Auzitegi Nagusiaren arabera, zigor hori handiagoa zen legearen erreformaren ondoren ezarritako legezko minimoa baino. Delitu horietarako gutxienekoak hamalau urte, hiru hilabete eta egun bat izateari utzi zion, eta hamahiru urtekoa ezarri zuten. Hori dela eta, hamabost urteko zigorra gehiegizkotzat jo zuten lege esparru berriarekin alderatuta.
2023ko irailean, zigorrek «legezko gutxienekotik oso hurbil» egon behar dutela dioen printzipioari jarraituz, Auzitegi Nagusiak erabaki zuen zigorra hamabost urtetik hamalau urtera jaistea Angel Bozari, berrikuspena eskatu zuen lehen kondenatuari.
Auzitegi Gorenak, 2024ko uztaileko epaian, berretsi egin zuen lehen kondenatuaren zigorraren murrizketa. Ebazpenean, nabarmendu zuen hamabost urteko zigorra «gertukoa zela», baina erreformarekin murriztu egin zela gutxieneko zigorra, eta, ondorioz, berrikusi beharrekoa zela. Epai horrek aurrekari bat ezarri zuen beste kondenatuentzat. Eta, epai hura baliatuz, Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok ere eskatu zuten ezarritako zigorra berrikusteko, eta Auzitegi Nagusiak onartu egin die, irizpide berei jarraituta. Izan ere, epaitegi horrek argudiatu duenez, ez dago arrazoi juridikorik lehenengoari onartutako murrizketa besteei ez onartzeko.
Ikusi gehiago
Nafarroako Gobernuaren jarrera
Erabaki judizial horren harira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaur adierazi du foru gobernuak «errespetatu» egiten dituela epai judizialak. Hala ere, prozesuak iraun zuen bitartean, Nafarroako Gobernuak auzian parte hartu du, herri akusazio gisa, eta defendatu izan du beste argudio juridiko batzuk ere bazeudela zigorrak ez jaisteko.