Euskara eta euskal kultura indartzea, integrazioa, digitalizazioa, materialgintza... Erronka asko dituzte ikastolek, eta horiei erantzuteko egingo dute larunbatean VII. batzarra, Iruñean. Emaitza ez ezik, prozesua goraipatu dute Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak (Lezo, Gipuzkoa, 1975) eta Agurne Barruso zuzendari nagusiak (Bergara, Gipuzkoa, 1969).
Zer helburu ditu batzarrak?
Artola: Euskal Herriak, hezkuntzak eta ikastolok ditugun erronkez hausnartu dugu. Horiei erantzutea da helburua, adostasunez. Zerbait nabarmendu beharko banu, kohesioa nabarmenduko nuke.
Barruso: Garrantzitsua da prozesuari balioa ematea. 114 ikastolatan egin da eztabaida; jendetsua izan da, gogo handiz egindakoa. Jendeak etorkizunari begiratzeko gogoa dauka, eta ikastolen ekarpena berresteko eta indartzeko gogoa erakutsi du. Bederatziehun ekarpen eta zuzenketa baino gehiagoren artetik hemezortzi bozkatuko dira azkenean batzarrean; kohesio handia erakusten du horrek. Indartu egin gaitu horrek, aurrera begira: berretsi da ikastolen ereduak potentzialitate handia duela.
Zein dira ikastolen indarguneak eta ahulguneak?
Barruso: Indargunea eredua bera da. Autonomia indargunea da horrelako prozesu bat abiatzeko, burutzeko, gure ildoak zehazteko... Bestalde, eredu horren aitortzarik eza ahulgune bat da: ez dauka aitortza instituzionalik. Herri honetan hezkuntzaz eztabaidatzen denean, planteatzen da Murtzian edo Albaceten [Espainia] planteatzen den terminoetan, nahiz eta gure herria ez den ez Murtzia ez Albacete.
Osasuntsu al daude ikastolak?
Barruso: Gizarteko ajeak badauzkagu, baina bai. Gainera, azken bi urteetan-edo osasunak hobera egin du, eta inplikazioa gorantz doa.
Artola: Badago gogoa aurrera egiteko, eraldatzeko eta erabakiak hartzeko.
Zer ondorio atera dituzue prozesutik?
Barruso: Batetik, ikastolen komunitatea kohesionatua dela eta aurrera begira gogoz dagoela. Bestetik, ikastolen eredua berretsi da.
Artola: Ikastolek elkarlanerako deia ere egin dute: eragileekin, instituzioekin... aliantzak sortzeko eskatu dute.
Barruso: Badago beste atal bat ere: izaera nazionalean sakontzea nahi dute.
Zertan sumatuko da?
Barruso: Dena bost urterako plan batera ekarri beharko dugu udazkenean. Hortik aurrera hasiko gara erabakiak lurreratzen. Heldu beharko diogu digitalizazioaren gaiari; hezkuntza marko orokorra lurreratzen ari gara, baina sakondu eta azkartu egin beharko dugu...
Zerk kezkatzen ditu ikastolak?
Artola: Euskararena eta euskal kulturarena kezka izugarria da. Badago kezka inklusioarekin ere. Eta badaude bi ildo hausnarketa sakonagoa edo irmotasuna eskatzen digutenak: digitalizazioa eta materialgintza.
Datozen urteetan, jaiotze tasak izango du eragina.
Artola: Badago kezka, baina aukerak ere ikusten ditugu: hobetu dezagun kalitatea, horretan jarri behar dugu arreta.
Inklusioan zer egiteko asmoa daukazue?
Artola: Herri honek aurrera egingo badu, gizarte kohesiotik abiatuta egingo du. Hori lortzeko, hezkuntzak badauka zer egin, eta guk konpromisoak eta neurriak hartuko ditugu. Erronka horri euskaratik helduko diogu. Eta eskaintzen dugun proiektua irekia da nahi duten guztientzat; horrela izango da.
Barruso: Hemen badago hezkuntza sare bat leku askotan ez dagoena. Badago lana hezkuntza eskaintza guztia ondo azaltzen eta dauden aukerak denen eskura jartzen, tartean ikastolak. Ikastolara etortzen direnean, hainbeste aipatzen den ekarpen ekonomikoa inoiz ez da arazo: familia bat ez da inoiz ikastolatik kanpo geratuko arazo ekonomikoengatik.
Artola: Neurri batzuk planteatu ditugu, eta gizarte kohesiorako gure ekarpena egiteko prest gaude. Orain arte egin dugu, eta egingo dugu.
Euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean ikusten al duzue atzerakadarik?
Barruso: Ikasleen euskara maila eta erabilera jaitsi dira; gureena bezala, hemengo gazte guztiena, eta asko kezkatzen gaitu horrek. Euskararen eta euskal kulturaren arrastorik ez daukaten ume horiek guztiak euskaldun oso bihurtzeko estrategiak garatu behar ditugu, eta ari gara neurri batzuk hartzen.
Artola: Eta arreta ez dugu jarri nahi ikasleengan bakarrik, baita irakasleengan eta langileengan ere; prestatuta egon behar dute daukagun erronkarako.
Nolakoak izango dira ikastolak hamar urte barru?
Barruso: Ikastolak txikiagoak izango dira, jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioz, baina, aldi berean, biziagoak, inplikatuagoak, askotarikoagoak...
Artola: Proiektuaz harro egongo dira, ikastolen mugimenduaren parte eta herri ekimeneko izateaz harro. Gainera, beharrezkoak garen sentsazioarekin. Nola ez gara, bada, beharrezkoak izango?