Osasun sistema publikoa. Antolaketa

BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA

Erruz ugaritzen ari dira osasun sistema publikoan dauden arazoei buruzko berriak; izurriak zamatu egin du aurrez ere usu herren ari zen lan eredua. Populazioa zahartzen ari den neurrian, premia handitzen ari da, eta sistema berriz asmatzeko garaia da, sare publikoak sendo iraun dezan, pribatuaren itzal gero eta luzeagoaren aurrean.

BERRIA.
Arantxa Iraola - Garazi Aduriz
2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

Asteotan lehen lerroan dauden albisteei erreparatzea aski da osasun sistema publikoak dituen zailtasunei erreparatzeko. Arduratuta begiratzen die Osalde osasun publikoaren aldeko elkarteko ordezkari Juan Luis Uriak. Hiru aldagai nagusi ikusten ditu arazoen atzean. Baga: «Gizartea zahartzen ari da, eta horrek presioa eragiten du arta sisteman». Horren araberako aldaketarik ez da egin, ordea: «Norabide komunitarioa eman behar zaie osasun gaiei, taldeari begira, baina hor ez da egon sakoneko aldaketarik». Biga: lehen arretan ez da aski inbertitzen. «Lehen mailako arreta oinarrizkoa da; ez bada indartzen, osasun sistema publikoak ez du etorkizunik». Higa: gero eta «amortizazio epe laburragoak» dituzten gailuetara eta botika konpainia handien «presioen» ondorio diren gastuetara bideratzen da sarritan dirua.

Ikusi gehiago:Aintzat hartuak izateko bide bila

Ataka gaitz horretan,osasun sare «pribatua» indartzen ari da. Ez da pankartaren batean egindako aldarri hutsa. Datuek erakusten dute. Eustatek urri amaieran eman zituen datuak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2019tik %6,4 igo dira aseguru poliza pribatuak. Nafarroan ere handitzen ari da aseguru poliza pribaturen bat duten herritarren ehunekoa; hamar urtean bikoiztu egin da.

Datu horiek ezagunak ditu Rafael Bengoak. Osasun sailburua izan zen Eusko Jaurlaritzan 2009-2012 aldian, osasun kudeaketako gaietan nazioarteko aditu ari da egun, eta ezinbestekotzat dauka osasun sistemaren geroari buruzko gogoeta: «Ideia ona da epe ertainerako proiekzioak egitea. Jendeak osasun sistema izaten jarraituko duen segurtasuna izan behar du». Eta bai, ezin da ukatu: «krisian» dago gaur egun osasun sistema publikoa, eta «pribatizaziorako» ateak irekitzen ditu horrek. «Adi egon behar dute osasun agintariek; izan ere, egoerak ekar dezake pribatizazio isil bat. Berez, ez duzu zure politiketan ezarri, baina merkatuaren indarrek ekarri egin dute».

Bera Jaurlaritzan egon zen aldian, irudikatzen hasi zen geroan aldaketa batzuk egiten hasteko gidalerro batzuk, paziente «kronikoak» gero eta ugariagoak izango zirela ikusita, bereziki. Eta garai hartan zituen kezkak, populazioa zahartu ahala, handitu besterik ez direla egin esan du. Batez ere, lehen mailako arreta ez delako behar bezainbeste indartu: «Katebegi hori ahultzen bada, kate osoa apurtzen da, jendeak ez baitu sarbiderik arreta jaso behar duen tokietara heltzeko».

Kronikoen arta

Osasun zentroetan artarik edukitzeko erarik gabe, erietxeetara jotzen du maiz jendeak. Horregatik, Bengoak argi du beste arta mota bat sustatu behar dela, bereziki eri kronikoei begira. Haiek gogoan, «proaktiboa» izan behar du: «Gaixo dauden horiek ja radarrean eduki behar ditu osasun sistemak, eta haiei buruzko informazioa jaso behar du». Presentziala ez den sistema bat da, baina gertukoa pazienteentzat; haien etxebizitza du ardatz, eta behar duten orotan profesional bat ondoan izateko pentsatuta dago. Antolaketan asmatzen bada, guztiz egingarria dela uste du: «Izan ere, diseinatuta dago, eta teknologia ere aski garatuta».

Bide hori hartu ezean, beltz irudikatzen du geroa: «Ikerketen arabera,hamarraldi honetan, 2030era bitartean, %20 ugarituko dira osasun sistema publikoak izango dituen eskeak; hazkunde esplosiboa da hori... Bada, eredu proaktibo bat bilatu behar da». Osakidetzak hor aitzindari izan behar duela uste du: «Azkarrago egin dezake, hobeto; gehiago inbertitzen dugu, osasun profesional bikainak ditugu, eta osasun politikak eta aldundiek horretara jarri behar dute. Aldundiek diot, gizarte zerbitzuak haien esku daudelako, eta osasuna ez delako konpontzen gizarte zerbitzuekin koordinazio hobea ez badago».

Ikusi gehiago:Kontsultaz haragoko begirada bat

Geroa irudikatzeko ahaleginean, Bengoak ez du ikusten medikuak trebatzeko fakultate gehiagoren premia. «Erizain gehiago behar dira batez ere. Dugun demografiarengatik, sendatzeaz gainera, zaindu egin behar da». Inbertsio askoz ere handiagoak ere ez ditu irudikatzen: «Hau ez da konpontzen profesional gehiago, diru gehiago jarrita soilik: arreta eredua aldatzea da gakoa». Argi dauka botiken erabilera ere urritu behar dela: «Orain oso handia da gastu farmazeutikoa; gehiegizko preskripzioa dago». Aldiz, kontsultak ez dira desagertuko, zabalik segitu behar dute: «Kontsultak oso garrantzitsuak izango dira aurrerantzean ere, baina behar dituzten pertsona horientzat». Eta uste du teknologiak ez duela inor itsutu behar. «Teknologiak ez du artarik emango. Arta ereduaren zerbitzuan egon behar du».

Bazter utzia

Juan Simo medikua da Iruñean, Arrotxapeko osasun etxean. Hamarraldiak daramatza lanean, eta gogoetak ere plazaratu izan ditu osasun sistemaren geroaz. Lehen mailako arreta bazter utzia izan dela sentitzen du; 90eko hamarralditik ia, 80ko hamarraldian egungo osasun sistemaren oinarriak ezarri eta berehala. «Lehen urteetan, portzentajeari begira, antzera hazten zen gastua bietan, osasun etxeetan eta ospitaleetan; gero, ospitaleko gastua gehiago handitzen hasi zen. 2008ko finantza krisiaren ostean, eskandalua hasi zen». Hortik ondorioa: «Gero eta argalagoa da lehen mailako osasun sistema». Horrez gain, «ospitalezentrista» da eredua. «Eta ospitalezentrismoa ez da haientzat diru gehiago dagoela soilik: botere handiagoa dute, iman antzeko bat dira». Gizartean ere sarri estimatua: «Jendeari gustatzen zaio gauzak egitea, eta jendeak ez du protestatzen, esaterako, erresonantzia bat egin diotelako, ez du pentsatzen benetan beharrezkoa den... Pentsatzen da zenbat eta gauza gehiago egin orduan eta hobe izaten dela».

Ez da beti horrela. «Ez dugu asmatu lehen mailako arretaren atzean dauden balioak saltzen; jendeak ez daki familia medikua aldatzen ez badizute, harekin urte asko egiten badituzu, zu ere urte gehiago biziko zarela. Ematen den mezua, berriz, zera da: 'Zenbat eta gehiago, orduan eta hobe'. Bada, puntu batetik aurrera, ez. Gero eta ondorio txarragoak daude egokia ez den hiperaktibitate baten ondorioz».

Ikusi gehiago:Olatu zuriak, berriz ere

Erietxeetako funtzionamenduaren harira, kezkatua dago Patrick Cazalis UNSA sindikatuko eleduna. Erizain laguntzaile da Baionako ospitalean. «Gizartea zahartzen ari da, baina, kalitatezko zaintza proposatu ahal izateko oheak ireki beharrean, ospitale publikoaren errentagarritasuna da politikarien lehentasuna», salatu du. Joera hori oldartzen ari dela esan du: «24 urte dira lanean ari naizela erizain laguntzaile; esango nuke hamalau urte direla dirua jartzen dela kalitatezko zaintzaren aurretik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.