Pandemiari aurre egiteko administrazioek hartutako neurriek joan-etorriei eragin diete nagusiki, eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, horien ondorioz kutsadura maila «nabarmen» murriztu zen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, garraioarena da atmosferara berotegi gas gehien isurtzen dituen sektorea. Jaurlaritzak ez du oraindik isurketei buruzko iazko inbentarioa osatu, baina, lehen datuek diotenez, %8 eta %14 artean gutxitu ziren isurketak 2019ko datuekin alderatuta.
Administrazioak baditu, ordea, 2019ko emisioei buruzko datuak, eta Jaurlaritza ondorio batera heldu da: deskarbonizazio prozesua «bizkortu» egin da EAEn. Txostenean diotenez, 2005 eta duela bi urte artean atmosferara isuritako berotegi gasen kopurua %27 murriztu zen EAEn. Inbentario hori aurkeztu zuten atzo, Bilbon, Ihobe ingurumen agentzia publikoak eta Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak, eta datu zehatzak eman zituzten: 2005ean 25,5 milioi tona CO2 baliokide isuri ziren atmosferara —1990ean, 20,8 izan ziren—, eta 2019an, 18,6 milioi tona. 2018ko datuekin alderatuta, berriz, orain bi urte %2 txikitu ziren isuriak. «Beraz, beheranzko joera argia da», nabarmendu zuen Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, ohar batean.
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Alexander BotoIhobeko zuzendari nagusiak adierazi zuten 2019ko datuak BPG barne produktu gordinaren «goranzko testuinguru batean» kokatu behar direla, eta, horrenbestez, «garapen positiboa» izan dela «eraginkortasunean» egindako «hobekuntzengatik» eta egiturazko aldaketengatik; «hau da, ez dela izan abagunearengatik». Bide batez, azpimarratu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %20 hazi zela 2005 eta 2019 bitartean, eta «hazkunde ekonomikoa» eta isurien murrizketa bateragarriak egiteko «beharra» dagoela.
Inbentarioko zenbakiei erreparatuta, beste ondorio batera heldu dira: Euskadiko Klima 2050 Estrategiaren helburuek markatutako bidean, isurien joera «are hobea» da. «Estrategiaren helburua da 2030era iristea isuriak %40 murriztuta 2005arekin alderatuta».
Berotegi gasen isurketak %8-14 murriztu ziren iaz EAEn
Eusko Jaurlaritzaren arabera, pandemiaren ondorioz joan-etorriak gutxitu izanak «nabarmen» txikitu du kutsadura maila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu