Beroak pitz dezakeen sua

Bero handia, hezetasun gutxi eta haizea. Hirurak batzean, suteetarako arriskua areagotzen da. Portugalgo suteak urduritasuna sortu du, baina, adituen arabera, ez da alarmarik piztu behar. Tokian-tokian aldatzen da arrisku maila. Sasoi honetan, hegoaldeari adi begiratu behar zaio.

Espartza inguruko labore sail batean sutea piztu zen atzo eguerdian; suhiltzaileek azkar itzali zuten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Arriskua bazegoen, eta, azkenean, gertatu egin zen: hiru sute piztu ziren atzo Nafarroan, Aratzurin, Espartzan eta Artaxoan. Azken hori kontrolatzeko lanetan, gainera, Gatzolazko bizilagunak herritik atera zituzten, badaezpadako neurri gisa, etxeetatik oso hurbil baitzeuden garrak. Ez dira Nafarroan egunotan izandako sute bakarrak: herenegun ere, tren batek su txiki batzuk eragin zituen Larrageta ingurutik igarotzean; Berriozarreko igerilekuak hustu zituzten, helikopteroak handik har zezan garrak itzaltzeko ura. Azken egunotako beroak —gaur giroa freskatuko da— neurri bereziak hartzera eraman ditu erakundeak: Nafarroako Gobernuak baso suteen aurkako kanpaina aurreratu du; Bizkaian, baso zerbitzua indartu dute, eta, Araban, sua piztea debekatu dute. Baina, suteetarako zer arrisku dago, eta non?

Adituek diote eremuaren araberakoa dela, tokiko klimak eta ezaugarriek zeresan handia baitute arrisku mailan. Kantauri itsasoko ertzean, udazkena eta negua dira garai arriskutsuenak, orduan basoa lehorrago dagoelako. Araba eta Nafarroa hegoaldean, ordea, uda sasoian dago suteetarako arrisku gehien.

Hain justu, Nafarroako Gobernuak udako baso suteen aurkako kanpainaren hasiera bi astez aurreratu du, hegoaldeko lehortearengatik. Negua eta udaberria lehorrak izan dira, eta horri batu zaizkio tenperatura altuak. Beraz, laboreen bilketa aurreratu dute; izan ere, gobernuak jakinarazi duenez, nekazaritza lanetan erabilitako makinek suteak sortzeko arriskua handitzen dute.

Aste honetan, Euskal Herri osoan zabaldu da beroa eta, horregatik, kostan ere alerta egoera igo dute. Halere, ez da izan muturrekoa, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuko buruak azaldu duenez: «Larritasun egoera mediatikoa da. Bero handiko egunak dira, baina ez dago aparteko arriskurik». Abendua balitz eta hego haize gogorra balego, orduan alerta muturrekoa litzatekeela erantsi du: «Suak kalte handia eragingo luke, Berangon 2015ean gertatu moduan». Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Amaia Artetxek ere lasaitasun mezua igorri du: «Egoera ez da kritikoa, ez dago berehalako arriskurik. Bi zaintza talde gehiago jarri ditugu, sute sasoiaz kanpora beroaldia dagoenean ohikoa denez».

Uriagerekak azaldu du prozedura: «Egunotako moduko egoeretan, zaintza talde gehiago jartzen dugu, badaezpada. Baina sutea badago, ez dute itzaltze lanetan parte hartzen hasieratik, soilik zerbitzua indartu behar bada. Beroaldia urteko planean kontuan hartuta dago, eta, horrelakoetan, sistematikoki indartzen dira zaintza taldeak».

Baso suteak prebenitzeko planaren barruan, zaintza taldeen urte osoko egutegia aurrez zehaztuta dauka Baso Zerbitzuak. Bizkaiko zaintza taldeetan, basozainek, langileek, eta Basalan enpresa publikoko kideek parte hartzen dute. Sei pertsonako taldeak osatzen dituzte zaintzarako.

Hala, aurrez zehaztuta, zaintza talde gehiago jartzen dituzte estatistikoki suteetarako arrisku gehien dagoen sasoian, eta, egunotako moduko beroaldietan, zerbitzua indartzen da. Suhiltzaileekin batera lan egiten dute baso suteetan. Amatatze lanak baso ingeniari teknikariek zuzentzen dituzte, eta suhiltzaileak ere ateratzen dira, elkarlanean. Zaintzako teknikariak ematen dio abisua taldeari, suterik gertatzen bada.

Araban ere antzeko prozedura bat daukate. Asteon, neurri bereziak hartu dituzte haiek ere. Eguraldi baldintzak aldatu bitartean, toki jakin batzuetan sua piztea behin-behinean debekatu du diputazioak: landa lurzoru, mendi, natur parke eta errepideetako atseden guneetan. Debekua ez errespetatzeak, gainera, mila eurora arteko isuna ekar dezake.

Ingurumena zaindu

Baina hobe da suteak saihestea, eta, horretan, basozainak ere aritzen dira. Ingurumenaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen dira, ingurumen legedia errespeta dadin mendi, baso eta natur guneetan; halaxe azaldu du Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko kide Martin Lizeagak. Larrialdiak ere artatzen dituzte, tartean, basoko suteak. Horiek amatatzeko ardura daukate eta, behar izanez gero, suhiltzaileek laguntzen diete. «Azkarrago iristeko aukera daukate baina, ikusten badugu gure baliabideak nahikoak direla sua itzaltzeko, guk egiten dugu», zehaztu du Lizeagak.

Halere, euren egoerarekin kezkatuta daude Gipuzkoako basozainak. «Gaixoaldiak daudenean, ez dira ordezkoekin betetzen, eta jende faltan gaude», ohartarazi du Lizeagak. Bestalde, basozainen sailaren antolaketa eta funtzionamendua aztertzeko, aldundiak enpresa bat kontratatu duela jakinarazi du: «Enpresak proposatu ditu guri eragiten diguten neurriak, txosten batean azaldu du gure lana nola egin behar den, baina ez du gurekin hitz egin».

Txosten horretan, baso suteak suhiltzaileen esku uztea eskatzen dela salatu dute basozainek: «Suhiltzaileekiko elkarlana oso ona izanik, beharrezkoa da Baso Suteen Zuzendaritzak, orain arte bezala, gure departamentuaren eskumena izatea, gure kolektiboak ezagutzen baitu ondoen mendia. Gaur egun erabiltzen ditugun zaintza talde eta uraskekin, suhiltzaileen lana eta gurea ezinbestekoak eta osagarriak dira». Gainera, Lizeaga kexu da txostena gaztelania hutsean dagoelako: «Horrek behartzen gaitu gaztelaniaz lan egitera, baina guk euskaraz bizi eta lan egin nahi dugu».

Basozainak «bereziki» hunkituta daude Portugalen izandako sutearekin, eta elkartasuna agertu diete hildakoen senideei eta zaurituei. «Hondamendi ekologikoaz gain, giza hondamendi mingarria izan da». Basozainen aburuz, halakoek agerian uzten dute baso politika egokien beharra, eta suteen aurrean basozain profesionalen eta basoko suhiltzaileen lanak duen balioa. «Egun eskaintzen diren zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko lan egingo dugu, Portugalgoa bezalako tragediarik gurean gerta ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.