Klima aldaketa eta tenperaturen igoera. Eragina hirietan. Maria Ruiz de Gopegi. BC3ko ikerlaria

«Beroa areagotzeak kalte zerrenda luzea dakar»

Basque Centre for Climate Change-eko adituak dio printzipio bioklimatikoetan oinarritutako neurriak garatu behar direla tenperaturen gorakadak hirietan eragingo dituen kalteak murrizteko.

BC3 BASQUE CENTER FOR CLIMATE CHANGE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Iraunkortasunean eta klimarekiko egokitzapenean espezializatuta dagoen arkitekto hirigilea da Maria Ruiz de Gopegi (Bilbo, 1987), eta BC3 Basque Centre for Climate Change zentroan egiten du lan, ikerlari gisa. Lankideekin batera, hiriek klima aldaketara egokitzeko hartzen dituzten neurriak aztertu ditu azken urteetan.

Nolakoa izango da tenperaturaren igoera Euskal Herrian?

Espero da tenperaturak gero eta gehiago igotzea: alde batetik, igoera orokor eta gradual bat emango da, eta, bestetik, bero boladak gero eta luzeagoak izango dira, eta maizago gertatuko dira. Adibidez, orain Euskal Herrian udako egunen %10etan izan ohi ditugu bero boladak, baina 30 urte barru %30 izango dira, eta mende amaieran, berriz, %50. Uda erdia tenperatura izugarri beroekin pasatuko dugu.

Eta nola nabarituko da hori hirietan?

Hirietan bero-uharteen fenomenoa areagotuko da. Hirien erdian tenperaturak hiru gradu beroagoak izan ohi dira, eraikinen eta kaleen materialengatik, trafikoagatik, airea gutxiago mugitzen delako... Hiriguneetan beroa harrapatuta geratzen da, eta eremu kritikoenak dira horregatik.

Beroak, alde batetik, eraikuntza materialetan deformazioak eragin ditzake, esaterako, errepideak apurtu eta trenbideak dilatatu. Bestetik, airearen kalitatea okertu egiten du, kutsatzaile batzuen kontzentrazioa indartzen duelako, ozono troposferikoarena, kasurako. Halaber, hiriko biodibertsitatea galtzea dakar, eta izurriteak eta espezie inbaditzaileak sortzea eragiten du.

Eta, horretaz guztiaz gain, herritarron bizitzan eragin zuzena du, besteak beste, tenperatura beroek erosotasuna eta bizigarritasuna murrizten dutelako, eta espazio publikoaren erabilera aldatzera irits daitezkeelako. Jendea gutxiago ateratzen da kalera, eta joera sozialak aldatu egiten dira.

Osasunari ere kalte egin diezaioke.

Noski. Hasteko, estres termikoarekin lotutako afekzioak ditugu. Beroak hilkortasuna edo erikortasuna areagotzen du, bereziki zaurgarriak direnen artean, eta gaixotasun kardiobaskularrak eta arnas bidezkoak larriagotzea dakar. Gainera, eltxoek transmititutako gaixotasunak ere gehiago zabaltzen dira, adibidez dengea eta zika, beroarekin gero eta eltxo gehiago daudelako, eta alergiak eta uretan eta elikagaietan dauden patogenoek eragiten dituzten gaixotasunak ere areagotu egiten dira, hala nola legionellosia eta salmonellosia. Beroa areagotzeak kalte zerrenda luzea dakar.

Tenperaturek igotzen eta hiriek handitzen jarraituko duten heinean, arazoa gero eta larriagoa bilakatuko dela dirudi.

Hala da, baina, era berean, hiriek potentzialitate handia dute egoerari aurre egiteko. Batetik, udalek har ditzaketen neurriek jende pila bati eragiten diotelako, eta, bestetik, hirigintza diseinatzeko gaitasuna dutelako.

Aukera ugari dituzte, eta imajinazioa ona da horretarako. Bartzelonan, esaterako, gotorleku klimatikoak sortu dituzte tenperaturak oso beroak diren egunetarako. Udan hutsik geratzen diren eskolak zaurgarriak diren pertsonei eskaintzen dizkiete, eguna gune fresko batean pasatu ahal izan dezaten.

Hirigintzari dagokionez, zertan jarri beharko litzateke indarra?

Neurriak askotarikoak izan daitezke, baina garrantzitsuena da mikroklima positiboak sortzea, printzipio bioklimatikoak erabilita, espazio publikoetan gune berdeak, aireztapen ona eta eguzkiarekiko babesa sustatuz. Adibidez, zuhaitz gehiago edukitzea eguzkitik babesteko, edo gainazal iragazgaitzak baztertzea eta horien ordez landaredia sartzea.

Arlo horretan Euskal Herrian nola egiten ari dira gauzak?

Orokorrean, hiriak berdatzea sustatzen ari dira, bai, baina planak ez dira oinarri zientifikoekin garatzen. Askotan lau zuhaitz landatzen dira, benetan jakin gabe horrek zenbateko eragina izango duen. Horrek zuriketa estrategia bati erantzuten dio gehiago.

Normalean arriskuei eta zaurgarritasunari buruzko azterketak egiten dituzte, baina horiei aurre egiteko proposatzen dituzten ekintzekiko lotura ia inoiz ez dago garbi. Eta ez dira beharrezko jarraipen edo monitorizazio lanak egiten.

Diseinaturiko planei sinesgarritasuna falta zaie?

BC3ko Marta Olazabal ikerlariak aldaketa klimatikora egokitzeko planen sinesgarritasuna neurtzeko tresna bat garatu zuen, eta, horren arabera, emaitzak ez dira onak. Planak behar diren modura gauzatzeko aurrekontu falta, harturiko erabakiak lotesleak ez izatea, diseinuetan herritarren parte hartzea mugatzea... Baina ez da soilik hemen gertatzen den zerbait. Mundu osoko 216 hirik diseinaturiko planak aztertuta, ikusi genuen arazo hori globala dela.

Baina erakundeek zer oztopo dituzte gauzak behar den modura egiteko?

Bueno, argi dago gune berde batek hormigoizko plaza batek baino mantenu eta diru gehiago eskatzen duela, baina uste dut arazoa oinarrizkoagoa dela. Ezagutza falta da, eta, batik bat, asko kostatzen da ohiko jokabideak aldatu eta proposamen berriak barneratzea.

Datorkigunari aurre egiteko, ordea, ideia apurtzaileak behar dira, eta ez hainbeste teknologiaren edo gailu artifizialen menpe daudenak, ingurumenak eskainitako aukeretan eta printzipio bioklimatikoetan oinarritzen direnak baizik.

Arazoaren tamaina kontuan hartuta, uste duzu neurriak inposatzea irtenbidea izan daitekeela?

Baietz esango nuke. Hain zuzen, egun badira hirigintzaren esparruan legeztaturik dauden kontu ugari, eta hori zabalduz joatearekin nahikoa izango litzateke. Edo behintzat pizgarri fiskalak proposatu diezazkiekegu klimaren aldaketei egokitzeko planak garatzeko asmoa duten hiriei, egia baita neurri eraginkorrak hartzeak esfortzu ekonomiko handia eskatzen diela udalei. Baina egia da ere luzera begira errentagarria izango dela, zalantza izpirik gabe.

Arazoa da epe laburrera begira jokatzeko joera handiegia dugula, erritmo politikoek ez dutelako zerikusirik klima aldaketak dakartzan erritmoekin. Baina uste dut azkenaldian ikusi ditugun bero boladekin jendea jabetzen ari dela gertatzen ari denaz: hau ez dela soilik 2100era begirako zerbait. Klima aldaketa eta tenperaturen igoera hemen eta orain gertatzen ari den zerbait da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.