Hasi dira udaberriko lehen eguzki printzak itsasoko uretan dir-dir egiten, eta laster hasiko dira hondartzak betetzen: turistak, batetik; hirian bizi direnak, bestetik. Frustrazioa eragin dezake leku librerik ez topatzeak, baina, urteak pasatu ahala, geroz eta zailagoa gertatuko da lekua aurkitzea —lurraren berotzeak oraingo erritmoan jarraitzen badu behintzat—. Ez turistak gehiago izango direlako: hondartzak txikitu egingo direlako baizik. Zientzialarien ikerketak hori iragartzen ari dira aspaldi, eta hori berretsi du IPCCko zientzialarien seigarren ebaluazio txosteneko bigarren atalak.
«Gure lanak egiten ez baditugu eta [karbono] isurpenek igotzen jarraitzen badute, agertoki ezkorrenean, baliteke 0,7 metro inguru igotzea itsas maila mende amaierarako», azaldu du Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikertzaileak. Agertoki baikorragoak posible dira: Parisko Akordioak jarritako helburuak beteko balira —tenperatura bi gradu berotzea gehienez—, litekeena da 0,4 metroren bueltan igotzea itsasoaren maila Euskal Herrian. Igoko dela ez da dudarik.
Klima aldaketak eragin ditzakeen kalte globalak atzematen ari dira, baina zaila da agertoki zehatzak irudikatzea; orain arteko aurreikuspenek erakusten dute lurraren berotzeak zer ondorio ekar ditzakeen eta horiek zer joera izan dezaketen, baina ezin liteke ziurtasunez baieztatu joera horiek beteko direla. Baliteke okertzea ere: «Esaterako, Groenlandia edo Antartikako izotz geruzak momenturen batean ezegonkortu eta urtzen hasiko balira, baliteke itsas maila dezente gehiago igoko duten prozesuak martxan jartzea».
Beste ondorio batzuk ere ekar ditzake itsas maila igotzeak: «Uholde arriskua handitzen da, batez ere gune lauetan, eta, gainera, baliteke kostaldeko higadura asko areagotzea». Horrek azpiegiturei eta kostaldean dauden herriguneei eragingo die, baina prozesuak oso ezberdinak izan daitezke kokapenaren arabera.
Hondartzen ezinak
Sainz de Murietak azaldu du Donostiak eta Bilbok, biek daukatela kostaldearen eragina, baina bi hirietan gerta daitezkeen prozesuak oso ezberdinak direla, esaterako: «Kontxako eta Zurriolako hondartzetan, adibidez, higadurak hondartza horien eta Euskal Herriko beste askoren hedadura murriztuko du». Beste arazo bat ere aipatu du: hondartza horiek atzera egiteko daukaten ezintasuna: «Euskal Herrian, burura etortzen zaizkigun hondartza gehienen atzean errepide bat edo herri bat dago. Ez daukate atzera egiteko leku askorik».
Izan ere, hori da klima aldaketara egokitzeko kostaldean proposatzen den neurrietako bat: hondartzetan sedimentua gehitzea. Hau da, hondartza artifizialki atzerantz hedatzea. Horrez gain, egokitzapen neurri naturalak ere har daitezke: esaterako, landaredia erabiltzea hondartzetako dunak berreskuratzeko. «Egokitzapen natural horien onura gehigarria da bioaniztasuna handitzen dutela; bai begetala, bai faunarena», azaldu du ikerlariak. Jarduteko modu horrek paisajistikoki eta kulturalki ere onurak ekar ditzakeela erantsi du.
Hala ere, neurri horiek ezartzea ez da beti posible: naturan oinarritutako neurriak diren heinean, berezko elementuek izan dezaketen higadura berbera izan dezakete horiek ere. «Horrez gain, gune batzuetan neurri naturalak ezartzea ez da posible. Pentsa dezagun Barakaldon, adibidez: gune guztia ezin da berriro naturalizatu».
Horrelako kasuetan, «neurri gogorrak» esaten zaien egokitzapen estrategiak erabiltzen dira: azpiegiturak, babes dikeak edo babes egiturak izan daitezke, besteak beste. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak berotzearen ondorioak ikertzeko berriki argitaratu duen txostenean azaltzen du kostaldeko uholdeek eragindako kalteen %83 saihets daitezkeela Europan, kostaldearen %30ean dikeak eraikita.
Egokitzapen neurriok ez ezartzeak ekonomikoki ere kaltea ekarriko du, herritarren bizimoduan eragiteaz gain. Txosten horretan ageri denez, merkeagoa da egokitzapen horiek egitea, inpaktuak jasatea baino: 2050erako, itsas mailaren igoeraren ondoriozko kalteak 115-300 milioi euro ingurukoak izango dira Europan, urteko. Neurriak ezarriz gero, berriz, bost-zortzi aldiz murriztu daiteke gastua.
Sainz de Murietak nabarmendu du alde sozial eta ekonomikotik eraginkorragoa dela neurriok hartzea, hortaz. Eta ohartarazi du etorkizunari itxaron gabe gaurtik hasi behar dela etorkizuneko inpaktuak kontuan edukitzen: «Orain egiten den hirigintza plan baten bidez eraikitzen baldin badugu urte batzuk barru arriskuan egon daitekeen gune batean, baliteke arriskua areagotzea».
Lurraren berotzearen sintomak itsasoak nabaritzen ditu gehien, eta, horrenbestez, klima aldaketaren adierazle argienetariko bat da. IPCCren azken txostenaren arabera, baliteke Europan itsasoko ur azalaren tenperatura gradu bateraino igotzea planeta 1,5 gradu berotzen bada. Igoera hori hiru gradukoa bada, berriz, itsasoko gainazalaren tenperatura 1,5 eta bi gradu artean berotuko dela kalkulatzen dute adituek.
0,1-0,3 gradu gora
Euskal Herrian ere egin dituzte berotze horren inguruko ikerketak, Guilem Chust AZTIko ikertzaileak azaldu duenez: «Gehiegizko bero horren %90 baino gehiago ozeanoek xurgatzen dute. Zehazki, AZTIko kideok euskal kostaldean egin ditugun neurketek erakusten digute hamarkada bakoitzean 0,1-0,3 gradu igotzen dela».
Uretako eta kostaldeko ekosistemetan ere nabaria izango da aldaketa: IPCCren txostenak ohartarazten du itsasoak jadanik «inpaktu ekologiko larriak» izan dituela berotzearen eraginez, eta Euskal Herriko kostaldea hartzen duen eremua «tropikal bihurtzeko» arriskuaz ere ari da txostena. Dagoeneko uretako komunitateari eragiten ari da berotzea, eta arrain sardak, esaterako, txikitzen ari dira. IPCCren azken txostenak berretsi du itsasoko arrain kopurua ere txikitzen ari dela.
«Uretako espezieak poloetarantz mugituko dira; kalkulatu dugu espezie bakoitzaren eremu biogeografikoa ehunka kilometro mugituko dela mende amaierarako», azaldu du Chustek. Horrez gain, adierazi du berotzeak aldaketak ekarriko dituela espezieen ugalketan eta urtaro migrazioetan, eta, gainera, espezie horietako banako helduen tamaina txikituko dela, eta gazteak azkarrago haziko direla.
Espezie batzuk desagertzea ekarriko du horrek? Chusten arabera, desagertu baino gehiago, eraldatu egingo dira ekosistemak, eta, horrekin batera, baita haietako espezieen konposizioa ere: «Berez ur berokoak diren espezieak geroz eta gehiago dira, eta ur hotzetakoak direnak, geroz eta gutxiago».
Euskal kostak ez du Mediterraneoaren itxura hartuko, aurreikuspenen arabera, baina bertako espezieetan jada nabaritzen hasi da aldaketa. Are gehiago: IPCCk Europako txostenean iragarri du Bizkaiko itsasoa dela arlo horretan klima aldaketak munduan gehien erasango dituenetariko bat. Azterlanaren arabera, itsasoko produkzioan %15-35eko galerak gertatuko dira, itsasoko bero boladek espezieengan eragingo dituzten kalteengatik.
Arrantzan ere eragingo du
Ikerketan ondorioztatu dute 2100. urterako %0,3 jaitsiko dela itsasoko produkzioa Europako itsasoetan, berotzea 1,5 gradukoa bada. Lau gradu igotzen bada, berriz, %2,7 jaitsiko da produkzioa.
AZTIk ikertu dituen ondorioetan ere ikusten dira aldaketak, Chustek dioenez: «Bizkaiko golkoan ikusi dugu antxoaren eta txitxarroaren sarrera aurreratu egin dela: lehenago gertatzen da. Hegaluzeari dagokionez ere, bero gehien egiten duen urteetan lehenago etortzen da euskal kostara, eta berdelak ere lehenago jotzen du iparralderantz». Horrek arrantzari ere eragingo dio, AZTIko ikertzailearen arabera: espezieak ez dira desagertuko, baina arrantzaleek arrainen ziklo eta antolaketa berrietara egokitu beharko dute. «Litekeena da horrek herrialdeen arteko gatazkak sortzea kasu batzuetan».
Berotze hori atzera bueltatzeko aukerez galdetuta, Chustek argi dio: neurriak orain hartuta ere, ondorio batzuk saihetsezinak dira dagoeneko. «Ozeanoak atmosferak baino geroago erantzuten dio berotze globalari, uraren inertziaren ondorioz. Hala, gaur egun itsasoan dagoen berotzearen joerak urte askoan iraungo du, erregai fosilak erabiltzeari uzten badiogu ere».
Klima larrialdia. Mende amaierako Euskal Herria
Bero datoz olatuak
Planetaren berotzeak Euskal Herriko kostaldean ere eragingo du: itsas maila gora doa, eta uretako ekosistemetan hasi dira ondorioak nabaritzen. Mendea amaitzerako, agertoki ezkorrenean, litekeena da 70 zentimetro igotzea itsas maila. Arrantzari dagokionez, Bizkaiko kostaldeak nabarituko du kalterik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu