Bernardo Rodriguez Rinconen gorpuzkiak Urduñako (Bizkaia) espetxe frankistan topatu zituzten iaz, eta gaur eman dizkiote haren familiari. Legorretako (Gipuzkoa) hilerrian bildu dira Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Rodriguezen senideak. Gorpuzkiez gain, biktimaren desobiratzeari eta identifikazioari buruzko informazioa jasotzen duen txostena ere eman diete. Ondoren, ekitaldi pribatu batean, familiak gorpuzkiak lurperatu ditu.
Rodriguezen gorpuzkiak 2022ko abenduan berreskuratu zituzten, Urduñako hilerria miatzeko lanak egiten ari ziren bitartean. Campanariokoa zen (Badajoz, Espainia), nekazaria, eta bost seme-alabaren aita. Atxilotu zutenean, hainbat espetxetatik igaro zen, Urduñakora eraman zuten arte. 1941. urtean hil zen, 60 urte zituela.
Gogorak Urduñako espetxe hartan 71 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu ditu, baina horietatik bederatzi bertzerik ez ditu identifikatu. Bederatzigarrena Francisco de la Cruz Orellana da. Haren familia Mallabian (Bizkaia) bizi da, eta datozen asteetan emanen zaie gorpuzkia. Desobiratze lanak duela bederatzi urteko indusketa kanpainan egin zituzten.