Bernardo Atxaga izanen da Sumar plataformako kultura arloaren arduraduna

Arantxa Elizondo EHUko doktorea feminismo eta berdintasun saileko burua izanen da. Yolanda Diazek aurreratu zuen Sumar plataforman euren arloan ezagunak diren profesionalak nahi dituela.

Bernardo Atxaga, artxiboko irudi batean. EMILIO NARANJO / EFE
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 23a
14:58
Entzun

Yolanda Diazek, Espainiako presidenteordeak eta Lan ministroak, gaur aurkeztu ditu Sumar plataformako 35 kideak. Ezkerreko hautagaitza bat osatu nahi du Podemosen bozeramaile izan zenak. Horien artean daude, bertzeak bertze, Bernardo Atxaga idazlea eta Arantxa Elizondo Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea. Diazek aurreratua zuen euren arloan ezagunak diren profesionalak nahi zituela plataforman gaien analisi eta eztabaida taldeen buru izateko. Diazen erranetan, 35 arduradunek «sareak josten eta elkarrizketan jarduten» jakinen dute.

Hemeretzi emakume eta hamasei gizon izanen dira Diazek orain dela hilabete batzuk hasitako galdeketa prozesuaren ondorioak ebatziko dituztenak. Hala, Atxaga, kultura arloaz arduratuko da. Elizondo, bere aldetik, feminismoaren eta berdintasunaren sailaz arduratuko da. Zientzia politikoetan eta soziologian lizentziatua da, eta Emakundeko idazkari nagusia izan zen.

Diazek joan den uztailean aurkeztu zuen Sumar proiektua, zeinarekin datozen hauteskunde orokorretara aurkezteko asmoa duen. Plataformaren helburua Espainiarako «herrialde proiektu» bat garatzea da. Kontzeptu horrekin lotuta, Diazek nabarmendu du Espainian lau herrialde proiektu izan dituztela. Lehenbizikoa Adolfo Suarezena «demokraziara trantsizioa» egiteko; bigarrena Felipe Gonzalezena «ekonomia eta instituzioak modernizatzeko»; hirugarrena Jose Maria Aznarrena «arlo ekonomiko eta soziala liberalizatzeko»; eta azkenik Jose Luis Rodriguez Zapaterorena «ongizate estatua osatzeko». Adierazi du, ez duela erran nahi horiekin «bat egiten» duenik, baina nabarmendu du «norabide» bat zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.