Bernard Elhorga izanen da Senpereko (Lapurdi) auzapeza. Atzo iragan zen herriko bozen bigarren itzulia, eta 1.333 herritarren bozak eskuratu zituen (%38,6). Ehun bozen diferentzia atera zion abertzaleek bultzatutako zerrenda zabalari. 1.233 boz eskuratu zituen Christophe Jauregik (%35,7). Azken lekuan iritsi zen Dominique Idiart auzapez ohia, 886 boz eskuratuta (%25,7). Zentro-eskuineko hautagaia zoriondu zuten atzo arratsean hainbat hautetsik, hala nola Max Brisson Errepublikanoetako senatariak,Vincent Bru Modemeko diputatuak eta Henri Levrero Urruñako (Lapurdi) hautetsi eta Errepublikanoetako arduradunak.
Azken hilabeteetan izandako gorabeheren gainetik, batasunaren aldeko mezua helarazi zuen Elhorgak. «Senpertarrei erran nahi diet bihartik aitzina elkarrekin lan eginen dugula, bai Crhistophe Jauregirekin eta baita Dominique Idiartekin ere. Hori da zabaldu nahi dugun diskurtsoa. Elkarrekin gaude eta elkarrekin lan egin behar dugu. Ideia onak dituzte, eta ideia onak ditugu. Dena eginen dugu ondoko hiru urteak erreusitzeko, eta gero gerokoak».
Hauteskundeak irabazi dituenez, gehiengo osoa izanen du Elhorgaren zerrendak herriko kontseiluan, eta, beraz, ez du funtsezko elkarlan beharrik izanen gainerako zerrendekin. Mesfindantza suma zitekeen Idiarten hitzetan: «Ikusi beharko da orain arte eraman ditugun dosierren artean zein atxikiko duten lehentasunezko bezala eta zein baztertuko duten».
Kanpaina bukaeran izandako gorabeherak deitoratu zituen Jauregik, eta herrian zabalduak izan diren eskuorri batzuen edukia gaitzetsi zuen, «beste garai batekoak» direla erranez. «Gu entseatu gara errespetuzko kanpaina bat eramaten». Hemendik aitzina, gairik gai aztertuko dute nola jokatu herriko kontseiluan.
Dimisio arrapalada
2020ko ekainean izan ziren herriko bozak Ipar Euskal Herrian, eta Dominique Idiart hautatu zuten Senpereko auzapez, Senpere Bai taldeko abertzaleekin aliantza egin ondotik. Baina azken urteetan arrakalak sortu dira gehiengoan, eta hautetsi batek baino gehiagok desadostasunak agertu ditu auzapezaren kudeaketari buruz. Idiarten taldeko bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten iazko urrian, auzapezarekin zituzten gorabeherak plaza publikora eramanez. Senpere Bai taldeko bost hautetsik dimititu zuten ondotik, eta oposizioko zazpiek segidan. Hauteskundeak berriz egitea zen aukera bakarra.