Bernadek ez du helegiterik jarriko, uste baitu auzia «manipulatua» dagoela

Clemente Bernad argazkilariak salatu du Erorien Monumentuko kriptan meza bat grabatzeagatik izan duen epaiketa «azpijoko izugarria» izan dela

Clemente Bernad eta Carolina Martinez, atzoko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Karta guztiak markatuta daude, eta ez naiz joko horretan sartuko». Clemente Bernad argazkilari eta dokumentalista iruindarrak ez du prozesu judiziala gehiago luzatu nahi, eta ez du helegiterik aurkeztuko urtebeteko espetxealdia eta 3.000 euroko isuna ezarri dizkion sententziaren kontra. ZER kolektiboko kideek lagunduta, epaiaren balorazioa egin zuen atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Harekin zen lankide eta emazte duen Carolina Martinez dokumentalista ere: haren kontra ere jarri zuten salaketa, baina epaileak atzera bota zuen, frogarik ez zegoela iritzita.

2016an, Bernadek meza frankista baten irudiak grabatu zituen Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan, horretarako bideo kamera txiki bat ezkutatuta. Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak antolatzen ditu meza horiek, eta elkarte erlijioso horrek salaketa bat jarri zuen Bernaden eta Martinezen kontra, anaidiko kideen intimitatea urratu zutelakoan. Bernadek onartu du irudi horiek grabatu zituela, baina salatu du prozesu osoa «manipulatua» egon dela: «Mezak grabatu nituen interes politiko handiko jarduerak direlako eta ez dakigulako ezer ere haiei buruz, eta horregatik erabili nuen kamera ezkutua. Azpijoko izugarri baten biktima izan naiz. Argi dago manipulazio handi bat izan dela hau guztia; hortaz, ez dut inongo asmorik joko honetan jokatzen segitzeko».

Hala, Bernadek iragarri du «planto» egitea erabaki duela: «Aurre eginen diet zigorraren betebehar guztiei, baina ez arrazoia aitortzen diedalako, baizik eta balizko helegite batek ez lukeelako inongo aukerarik izanen aurrera egiteko; hortaz, uko eginen diot joko burokratiko eta judizialari».

Prozesua, « kutsatuta»

Dokumentalistak aitortu du «atsekabetuta» dagoela prozesuaren nondik norakoak ezagututa: «Epaiaren arabera, gauza bera da udalaren kripta batean grabatzea edo norbaiten egongelan». Bernadek gaineratu du «beti» zaindu duela pertsonen intimitatea, baina dei egin du «interes orokorra» eta «gizarteak jakin beharrekoa» lehenestera.

Xehetasunak ere eman zituen Bernadek. Esan zuen, besteak beste, ikerketa polizialaren arduraduna Daniel Rodriguez izan zela, Espainiako Poliziak Nafarroan zuen burua. Rodriguezek dimisioa aurkeztu behar izan zuen, sare sozialetan hainbat mezu idatzi zituelako Francisco Franco diktadorearen eta 1981an estatu kolpea ematen saiatu zen Antonio Tejero Guardia Zibilaren koronel ohiaren alde. Bestalde, Bernadek azpimarratu du hainbat lekukok «gezurra» esan zutela epaiketak iraun zuen bitartean: «Irregulartasunez betea egon da auzia». Erakunde publikoen jarrera «motz» gelditu dela ere iruditzen zaio: «Gehiago egin zezaketen auzi honetan».

Iruñeko 3. Zigor Auzitegiko epaileak zigortu zuen Bernad: urtebeteko kartzelaldia eta 3.000 euroko isuna ezarri zizkion, eta 1.200 euroren kalte ordaina ere pagatu beharko dio kongregazio erlijiosoko kide bati, «kalte moralengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.