Koronabirusa. Hauteskundeak

Bermerik gabeko bozak

Iñigo Urkullu alderdietako ordezkariekin bilduko da gaur, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egin aztertzeko. Ez dago ziurtasunik izurritearen bilakaeraz

Iñigo Urkullu, Tknikaren egoitzara egindako bisita batean, apirilean. IREKIA.
jakes goikoetxea
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Urkulluk hauteskundeak nahi ditu. Hauteskundeak nahi zituen apirilaren 5ean, koronabirus izurrite betean: martxoaren 16an utzi zituen bertan behera , hauteskunde kanpaina hasteko lau egun falta zirela; ordurako, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia deklaratua zuen martxoaren 11n, eta Espainiako Gobernuak alarma egoera iragarri zuen 14an. Eta hauteskundeak nahi ditu orain, ahal dela uztailean, ustez pandemiaren oldarraldia baretuta eta ahulduta egongo delakoan. Baina SARS-CoV-2 birusak eta hark eragindako COVID-19 izurriteak galdera gehiago dituzte erantzunak baino. Zalantza asko, eta bermerik ez.

Gauza bat dira borondate, garai eta premia politikoa, eta beste bat da, berriz, pandemiaren egoera eta bilakaera. Inork ez baitaki, ezta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, uztailean egoera zein izango den. COVID-19 izurritearen bilakaera egunez egunekoa da, eta astebete luzera begiratzea bihurtu da ia. Are gehiago itxialdia arintzen hasi eta gero. Foku berriak sortzea eta egunez eguneko kutsatzeak igotzea da beldurra. Maiatzetik begiratuta, ez dago hauteskundeak gutxieneko baldintza batzuetan egiteko bermerik, ez uztailean, ez irail-urrian ere.

Kontua da egoera honetan beti izango direla luzeegiak hauteskunde legeak ezarritako epeak. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako 5/1990 legeak dio hauteskundeetara deitu —dekretua EAEko aldizkari ofizialean argitaratu— eta 54 egunetara egin behar direla bozak. Epe zuhurra izan daiteke egoera arruntetan; galdera ikur erraldoi bat da, berriz, pandemia batean, bai uztailera begira, bai urrira begira. Aukeran bi hilabete horiek daudela esan zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak herenegun.

Urkullu gaur 11:00etan bilduko da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin, Lehendakaritzan, hauteskundeei buruz hitz egiteko. Apirilaren 30ean egin zuten azken bilera. Orduan ere bi aukera jarri zizkien mahai gainean: uztailean edo irail-urrian. Oposizioko alderdi guztiek bileran eta bileraren ostean esan zioten ez dela hauteskundeetan pentsatzeko garaia.

Urkulluk bi asteko epea eman zien pentsatzeko. EH Bildu eta Ahal Dugu irailaren aldekoak dira, egunotan jakinarazi dutenez. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarenak dira, ordea, eskumena eta erabakia. Ikusteko dago erabakia gaur bertan hartuko duen edo ez. Urriaren 25a da hauteskundeak egiteko legezko azken eguna. Hauteskundeetara deitzeko, Urkulluk bertan behera utzi beharko luke osasun larrialdia, baina tramite bat baino ez da.

Urkulluren argudioa hauteskundeak uztailean egiteko da bere aholkulariek diotela izurritea uztailean egongo dela ahulen, eta urrian izurritearen beste olatu bat jasateko arriskua dagoela. Beste olatu posible horri, gainera, ohiko gripearen izurritea gehitzeko arriskua ere badagoela diote.

Udara begira

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alderdiekin hauteskundeei buruz hitz egin zuen azken bileran, egoerari buruzko aurreikuspenen berri eman zien. Txostenetako baten arabera, «aditu gehienek uste dute kasu kopurua gutxituz joango dela pixkana-pixkana, eta udan izango direla epidemiaren kopuru apalenak». Horrez gain, zera zioen: «Hauteskunde egun bati dagozkion herritarren mugimenduak egin ahal izango dira ziurrenik udan. Ad hoc neurri zehatzak ezarri beharko dira, bai hauteslekuetan, bai hauteskunde kanpainan».

Ignacio Jesus Berraondo Osasun sailburuordeak eta Osasun Publikoko zuzendariordeek sinatu zuten agiria. Hauteskundeak udan egitearen aldekoak dira, haien ustez udazkena eta negua ez baitira «uda bezain egokiak hauteskundeak egiteko».

Hauteskundeak baldintza arruntetan edo gaur egungoak baino arruntagoetan egin ahal izateko, beste hainbat jardueratan bezala, txertoa eduki arte itxaron beharko litzateke. Txertoa egotekotan, ordea, hurrengo urtean egongo da, gauzak ondo —eta azkar— joanez gero. Txertorik gabe, Osakidetzako mediku zaildu baten esanetan, hurrengo urteko ekaina litzateke hauteskundeak planteatzeko garai egokiagoa: izurritearen beste olatu bat egonda ere, udazken-neguan ziurrenik, 2021eko uda hasierarako baretuko litzatekeelakoan. Baldin eta beste olatu bat baldin badago. Hori ere zalantzazkoa baita.

Aurrekoa ikuspegi epidemiologiko zorrotza litzateke, ahalik eta arrisku gutxien hartzearen aldekoa. Horrek Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko iraupena luzatuko luke, pandemiaren eta haren ondorioen kudeaketa betean. Hori ez du nahi, hain justu, Urkulluk.

Javier Garaizar EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia katedradunak uste du hauteskundeak egin daitezkeela, baina hainbat baldintza betetzen badira: nagusiena, txosten epidemiologikoen datuak onak izatea; horrez gain, hauteskunde kanpaina eta botoa emateko moduak baldintza berrietara egokitzea eta bozketa egunean higiene eta segurtasun neurri zorrotzak aplikatzea.

«Zergatik ez?»

«Erabaki politikoa izango da, baina txosten epidemiologiko sendo batean oinarrituta egon behar du», Garaizarren esanetan. «Baldintzak betetzen baldin badira, egin daitezke, zergatik ez?».

Irizpide epidemiologikoen eta politikoen arteko lehia gerta daiteke. Hor dago Frantziako eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen lehen itzulian gertatu zena.

Garaizarren iritziz, bi hilabete barru egoera zein izango den jakin gabe ere, gaur egungo joerari eusten bazaio, hauteskundeak egingarriak izan daitezke: «Bizitza normalizatu samarra egongo da: jendeak bidaiatuko du, hondartzara joango da... Askatasun gehiago izango dugu, eta hauteskundeak oso garrantzitsuak dira».

Uste du egokiagoa dela hauteskundeak uztailean planteatzea eta, atzeratzekotan, iraileko lehen egunetara atzeratzea, «gero egoera okerragoa izan daitekeelako». «Bestela», jarraitu du, «hurrengo urtera arte utzi beharko lirateke, horrek dituen ondorio politikoekin».

Erabakiak, dena den, ez luke behin betikoa eta mugiezina izan behar, unean uneko egoerari egokitu beharrekoa baizik. Beharko balitz, baita bertan behera uzteko modukoa ere, Garaizarren arabera: «Zerbait gertatuko balitz ekainean, gaitzaren ugaltze tasa [R0] igotzen hastea esaterako, hauteskundeak bertan behera utzi, eta kito».

Izurritearen bigarren olatuaren beldur da. «Dauden ikerketa apurrek diote jende gutxi kutsatu dela, eta ziurrenik izango da izurritearen beste agerraldi bat», azaldu du. «Ez dakigu handiagoa izango den edo ez».

EHUko Mikrobiologia katedradunarentzat Hego Koreako hauteskundeak dira eredua. Hauteskundeen aurretik lehen arretarako zerbitzuak indartu behar direla uste du, eta PCR eta antigorputzak atzemateko probak orokor- tu. Baita, norbait gaixotuz gero, harekin harremana izan duten pertsonak jarraitzeko bitartekoak jartzea ere.

Ezohiko kanpaina

Kanpaina ez litzateke arrunta izango. Egia da azken urteetako hauteskundeetan salbuespena direla ekitaldi jendetsuak. Kanpainak asko oinarritzen direla premia eta lehentasun ezberdinak ikusarazteko agerraldi txikiagoetan, ikus-entzunezko komunikabideei begira gehienak. Hala ere, COVID-19aren garaiko kanpainak sarean oinarrituta egon beharko lukeela uste du Garaizarrek, eta ekitaldi publikoak egitea eragotzi beharko litzatekeela.

Hauteskunde egunak jendearen arteko kontaktua handitzen du. Jende asko behartzen du leku beretik, hauteslekuetatik, pasatzera. «Horregatik, posta bidez bozkatzea bultzatu beharko litzateke», nabarmendu du mikrobiologoak. «Prozedura guztiak erraztu beharko lirateke, jakina».

Bozketa eguna ere ez litzateke arrunta izango. Garaizarrek hartu beharreko hainbat neurri zerrendatu ditu, Hego Korean eta beste herrialde batzuetako hauteskundeetan ikusiak eta ikasiak: hauteslekuak etengabe desinfektatzea; aireztatzea; sarreran jendeari tenperatura neurtzea; maskarak eta eskularruak banatzea; herritarrek eskuak gelarekin garbitzea, bai sarreran, bai irteeran; jende kopurua mugatzea; segurtasun distantzia zaintzea; mahaiko kideak babestea, biserak ere erabiliz; jendeari bozkatzeko ordu tarteak ezartzea; eta edukiontzi bereziak jartzea, bozkatu eta gero maskarak eta eskularruak bota ahal izateko.

Hego Korean, berrogeialdian zeudenek ere izan zuten botoa emateko aukera. Halako kasuetarako neurri bereziak hartu beharko lirateke, haientzat ordu zehatzak jarriz, sarrera eta irteera leku ezberdinak prestatuz... «Ez dakit hori egokia den hemen; hobe postaz», Garaizarren iritziz. «Berriro diot, asko erraztu beharko lukete posta bidez botoa emateko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.