30 urteko gizon bilbotar bat sastakatu zuten atzo arratsaldean Berlinen. Lepoan zauritu zuten. «Larri baina egonkor dago», Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur zehaztu duenez. Alemaniako Fiskaltza Nagusiak eta Poliziak ohar bat kaleratu dute elkarrekin, eta esan dute ez dagoela hiltzeko arriskuan. «Espero dugu haren egoerak hobera egingo duela eta egun batzuen buruan gela arruntera eraman ahalko dutela», adierazi du Zupiriak.
Larrialdi zerbitzuak azkar iritsi ziren erasoaren lekura, eta laster batean eraman zuten ospitalera. Gaur goizean operatu dute, eta denbora tarte batean koman jarri dute. Erasoaren sei lekuko artatu zituzten.
Holokaustoaren Memorialean eraso egin zioten bilbotarrari, Alemaniako hiriburuan bisitari gehien joaten diren lekuetako batean, 17:00ak aldera.
Alemaniako Fiskaltza Nagusiaren eta Poliziaren esanetan, ustezko erasotzailea Alemanian bizi den errefuxiatu siriar bat da, 19 urtekoa. Errefuxiatuentzako aterpetxe batean bizi zen, Leipzigen. Poliziak aterpetxea miatu du gaur goizean. Egoera legeztatuta daukala erantsi dute, eta ez daukala aurrekari penalik Alemanian. Saxoniako Poliziak argitu du zenbait «delitu arrunt» egin zituela, baina ez motibazio politikoren bat zutenak. 2023an iritsi zen Alemaniara, adingabea zela, gurasorik eta seniderik gabe. Orduan eskatu zuen asiloa, eta eskaera onartu egin zioten.
Erasoaren lekura bueltan
19:45 aldera atxilotu zuten, erasoaren lekura bueltatzen ari zela. Poliziek ikusi zuten eskuak eta galtzak odoleztatuak zituela. Atxilotuak garbi hitz egin zuela eta laguntzeko jarrera izan zuela nabarmendu dute.
Bilbotarraren egoerari eta ustezko egileari buruzko xehetasunak eman dituzte, baina ez dakite ziur zergatik gertatu den erasoa. Hala ere, hipotesi batzuk zabaldu dituzte. Bi erakundeen arabera, ustez «arrazoi erlijiosoengatik» egin zuen erasoa, eta «asteak zeramatzan juduak hiltzeko planak egiten».
«Lotura posibleak daude Ekialde Hurbileko gatazkarekin», esan dute Fiskaltza Nagusiak eta Poliziak. Erasoa egiteko lekua ere, Holokaustoaren Memoriala, horregatik aukeratu du, haien iritziz. Naziek hildako milioika judutarren omenez jarritako estelen eremuan egin zuen erasoa.
«Arrazoi erlijiosoa»
Atxilotu dutenean, motxilan «errezatzeko alfonbra bat, Korana, Koraneko txatalak zituen otsailaren 21eko paper bat eta ustez hiltzen saiatzeko erabili duen arma» zeramatzan. «Horrek», Fiskaltza Nagusiaren eta Poliziaren ustez, erasoaren «arrazoi erlijiosoa erakusten du». «Orain arte» ez dute aurkitu inolako loturarik beste pertsona edo antolaketaren batekin.
Gaur bertan eramango dute atxilotua epailearen aurrera. Berlingo Fiskaltza Nagusiak hartu du ikerketaren ardura.
Zupiriak azaldu du familiaren bitartez jakin duela sastakatutako gaztea nor zen. Eusko Jaurlaritzako harremanetan jarri da Espainiako Atzerri Ministerioarekin; Espainiako Atzerri Ministerioa bilbotarraren familiarekin; eta Ertzaintza, berriz, Alemaniako Poliziarekin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Alemaniako Poliziako iturrietan oinarrituta, esan du azken hilabeteetako atentatuekin lotzen dutela, eta, beraz, ez dela pertsona jakin batzuen kontrakoa.
Nancy Faeser Barne ministroarentzat, eraso «izugarria eta basatia» izan da. Erasoaren egilea Alemaniatik kanporatzeko eskatu du: «Halako ekintzak egiten dituenak eta Alemaniaren babesaz modu nazkagarrian abusatzen duenak galdu egiten du gure herrialdean egoteko eskubide guztia». Faeserrek «baliabide guztiak» erabili nahi ditu «gaizkile bortitzak Siriara deportatzeko».
Antzeko mezua zabaldu du Kai Wegner Berlingo alkateak ere. Espero du Alemaniako hurrengo gobernuak ziurtatuko duela halako erasotzaileek «babesa galduko dutela eta berehala herrialdea utzi beharko dutela».
GIZON bat hil dute labanaz, Frantzian
Gizon batek beste bat hil du gaur Mulhousen (Frantzia) labanaz eraso eginda, eta gutxienez beste hiru zauritu ditu. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hedabideei adierazi die «terrorismo islamistako» ekintza bat dela gertatutakoa. Erasoaren ustezko egilea atxilotu dute, eta iturri ofizialek adierazi dutenez, herrialdetik kanporatua izateko agindu bat emanda zegoen haren kontra, eta «terrorismoari» aurreko zerbitzuen zerrendan zegoen.