Ostiralean Berlingo Holokaustoaren monumentuan labankadaz zauritu zuten bilbotarrak hobera egin du, eta gela arrunt batera lekualdatua izateko moduan dago. Haren senitartekoak ere Alemanian daude, eta, EITBri esan diotenez, esna dago eta hitz egiten du. Lepoan eta aurpegian ditu zauriak.
Lagun batzuekin egun batzuetarako Berlinera joana zen, eta, ostiral arratsaldean Holokaustoaren Memoriala bisitatzen ari zirela, labanaz eraso zioten. Alemanian bizi den 19 urteko errefuxiatu siriar bat atxilotu zuten, erasotzailea delakoan. «Larri» artatu zuten, eta larunbatean egin zioten ebakuntza; hobera egin du geroztik.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak asteburuan esan zuen Lehendakaritza eta Ertzaintza harremanetan daudela Alemaniako ordezkariekin. Hango Poliziako iturrietan oinarrituta, esan zuen azken hilabeteetako atentatuekin lotzen dutela, eta, beraz, ez dela pertsona jakin batzuen kontrakoa.