Bi atentatu egin zituzten, besterik ez: 1994ko urrian Bundeswehr armada alemaniarraren bulego bati eman zioten su Bad Freienwalde herrian. Hurrengo urtean, Berlinen eraikitzen ari ziren deportazio kartzela bat zartarazten saiatu ziren lehergailuen bidez. Das K.O.M.I.T.E.E. erakunde armatuak Alemaniaren barne eta kanpo politikak salatu nahi izan zituen ekintza horien bitartez. Kurduen kontrako genozidioan parte hartzea leporatu zion Berlini.
Leherketetan ez zen hildakorik izan. Biktimarik ez. Ustezko atentatu-egileen bila hasi zen Polizia. Bernhard Heidbreder, Peter Krauth eta Thomas Walter muturreko ezkertiartzat jo zituen. Ihes egitea lortu zuten. 30 urte geroago haien aurkako karguak aurkeztu ditu fiskaltzak, Der Spiegel astekariak aste honetan argitaratu duenez. Alemaniak ondo daki militanteak non dauden, baina ezin du haien estradizioa lortu. Venezuelan bizi dira.
Egozten zaizkien delituak preskribatzeko denbora luzea dute oraindik: hamar urte. 2035era arte ez dute sorterrira itzultzerik izango kartzelara joan gabe. Ordurako 70 urtetik gora izango dituzte. Bizitzaren azken aroa jaioterrian igaro nahi dute senide eta lagunekin, baina ezin.
Ez dira erbestean bizi diren iheslari bakarrak. Haiek bezala, euskal errefuxiatuak ere badira Venezuelan, Kuban, Mexikon eta abarretan. Espetxea saihestu zuten. Kartzelan sorterritik hurbil egongo lirateke, baina gatibu. Atzerrian herritik urrun ditugu, baina libre —edo ez-preso—. Iheslariek beste bizitza bat hasi behar izan dute han. Bizimodua aldatu, bizileku berrira egokitu. Ez da erraza, baina nork nahiago du 20-30 urtez espetxean egon?
Legeak bihurritu kartzelaldia luzatzeko, presoek berez dagokiena ez izateko. Etxera libre etortzen ez uzteko
2017an Venezuelara joan ziren TAZ egunkari alemaniarreko kazetariak hiru kideak elkarrizketatzeko. Bueltan, titulu hau idatzi zuten: «Behin terrorista, beti terrorista?». Eta testuaren hasiera: «Alemaniako Poliziarengandik duela bi hamarkada baino gehiago ihesi dabilen gizona Venezuelan dago, larre batean, eta behi bat jetzi berri du». Ondoan, Peter Krauthen argazkia. Txapela zuen buruan. Gorputzean, kamiseta beltz bat, paparrean Allez hitza gorriz idatzia.
Haien hurkoek jasandakoa azaldu zieten iheslariek kazetariei. Izan ere, telefonoak, komunikazioak kontrolatu zizkieten urte luzez. Peter Krauthek alde egin eta gero, Birgit, haren arreba, atxilotu zuen Poliziak. Neska haurdun zegoen eta argi utzi zuen ez zuela zer ikusirik nebak eginikoarekin. Hala ere, ia hilabete atxiki zuten preso, bakartuta. Umea 26. astean jaio zen, eta hilabeteak eman zituen ospitalean, oso larri.
Euskal Herrian badugu horren berri. Zenbat atxiloketa, zenbat mehatxu presoen senide eta lagunei. Tortura ere bai. Tomas Linazaren aitari gorputza ubeldurik utzi zioten, goi eta behe, guardia zibil juancarlistek. Mendeku hutsa, semeak ihes egin zielako. Xantaia emozionalak ere izan dira: guraso zaharrak, anaia edo ahizpa manipulatzen saiatu, presoari amore emateko esan ziezaioten. Legeak bihurritu kartzelaldia luzatzeko, presoek berez dagokiena ez izateko. Etxera libre etortzen ez uzteko. «Ingeniaritza juridikoa» deitu zion Jorge Fernandez Diaz ministroak.
Sufrimendua ez bukatzea, kriminalizatzen segitzea da kontua. Edonon, edonola. Bartzelonako egunkari bateko kazetariak bere esperientzia azaldu du hedabidean jarritako soslaian: Proces, M-11, Gurtel, Noos eta antzeko aferen epaiketak jorratu ditu. «Los más sanguinarios etarras» ere (ETAko kide odoltsuenak) izan ditu idazgai. Halaxe. Lasa eta Zabalaren auziari lotu balitzaio, guardia zibil torturatzaile sadikoenen kontrako epaiketan egon zela idatziko luke? Ez dut uste. Ezta bere egunkari famatuak utziko liokeenik ere.
Bernhard Heidbreder minbiziz hil zen 2021eko maiatzean Venezuelan. Ezin izan zuen etxera itzultzeko ametsa bete. Denbora krudelak errukirik ez. TAZ egunkariak heriotzaren berri eman zuen. Wolf-Dieter Vogel kazetariak horrela amaitu zuen militanteari buruzko testua: Bernd joan egin da. Betiko. Hasta siempre, compañero.