Euskal Herritik Mont-de-Marsango presondegirantz (Okzitania) abiatu da euskal ordezkaritza bat, eta han ekingo diote hiru astez kartzelaz kartzela egingo duten birari.
Ordezkari politiko ugari joan dira espetxe atarira; esaterako, Errepublika Martxan taldeko Fabien Laine, Vincent Bru Frantziako Asanbleako diputatua eta Josu Juaristi Europako Parlamentuko diputatua. LAB, CFDT eta CGT sindikatuetako ordezkariak ere joan dira.
Bru espetxe barruan izan da zuzendariarekin mintzatzen. Bestalde, Juaristik adierazi du Europan ere "mugimenduak" daudela.
Tolosarantz abiatu baino lehen eginiko agerraldian, Mixel Berhokoirigoin bakegileak hartu du hitza: "Bide guzia bururaino ezin da aldebakarrean egin". Azaldu du "milaka" izango direla Parisen, "errateko: presoena mugitu behar da, orain".
Bagoaz-eko Emilie Martinek gogorarazi du "zuzenbide komuna" ezarriz gero 43 preso leudekeela kalean, eta Bruk erantsi du 50 preso bertara eramateko lekua dagoela Mont-de-Marsanen: "Kontziente gara presoen egoera larriei estatuaren erantzunik ezaren eskandaluaz". EPPK-ko kideek bisitarik ez dute jsoko abenduaren 9an, senideak Parisera joan daitezen.