Berhokoirigoin omenduko dute EHLGn

Maiatzaren 7an urtea eginen du hil zela. Egun horretan omenduko dute, Ainhize-Monjolosen, erakundearen egunean

ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Mixel Berhokoirigoin omenduko dute maiatzaren 7an, pausatu zela urte bat eginen duen egunean, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren Ainhize-Monjoloseko egoitzan (Nafarroa Beherea). Urtarrilean egin beharra zen eguna orduan markatuko dute, beraz, ekitaldi, bazkari eta kontzertuen bidez.

EHLGko arduradunek Berhokoirigoinen familiarekin apailatu dute omenaldia. «Haren ibilbide guzia kontatuko da: gazte denboratik —MRJC garaia, Euskaldun Gazteria—; sindikatu mailan,FDSEAtik ELB/Confederation Paysannera pasatzea; laborantza ganberaren sortzea, duela hamazazpi urte. Gero, haren azken engaiamenduak bake artisau gisa», kontatu du Bixente Eiherabidek, egunaren antolakuntza bere gain duenak. Berhokoirigoin ezagutu duten dozena bat lagunek lekukotasuna emanen dute, Txomin Hegi antzerkilariaren eta Marie-Agnes Gorostiaga irratilariaren gidaritzapean. Horrez gain, haren bideo artxiboko hitzaldi batzuk erakutsiko dituzte, besteak beste. «Tarteka, zenbait bertso ere kantatuko dira», erran du Eiherabidek.

Haren esanetan, omenaldiarekin Berhokoirigoin gogoratzeaz gain, bada historia baten transmititzeko xedea ere. «Gazteek jakin dezaten nor zen Mixel, zer egin duen, nondik heldu garen. Bada memoria eta transmisio istorio bat». Eiherabidek berak ongi ezagutu du Berhokoirigoin EHLGko langile gisa. «Profeta bat zen denendako. Orain, aita izpirituala erran nezake. Hamabost urtez ari izan naiz haren itzalean. Ikusi dut gizon hori hitza hartzen ehunka jenderen aitzinean; denak bezala liluratua nintzen, zein ele eder eta sinpleak zituen». Artxiboko irudiekin eta maiatzaren 7ko lekukotasunekin dokumental baten egiteko asmoa dute.

Laborari, sindikalista, ekintzaile eta bakegilea Gamarten (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1952an, eta 69 urte zituela hil zen, gaixotasun baten ondorioz.

Azken aldia gelan

Bi urtez egon da EHLG urtemuga besta egin gabe. Maiatzaren 7koa parada izanen da berriz biltzeko. Berezitasun honekin: kontzertu gaualdiko besta azken aldikoz eginen da egoitzaren gela handian, ondoko urteetan hain segur xapito pean eginen baita.

Egitura 22 langiletara heldua da, eta barneak hertsi aire ditu. Ondorioz, ekitaldien gela handian bulegoak eginen dituzte. «Azken parada» izanen da, beraz, besta barne horretan gozatzeko. Giro bereziak sortu baitira urtez urte kontzertu gaualdian. «Beti plazer hartu dut: goizean biltzar nagusirako gela bat da, eta gauez gaztetxe bat bilakatzen da», dio, irriñoarekin, Eiherabidek. Euskal Herriko talde andanak jo du barnean. «Kalitatezko tokiko taldeak programatu ditugu, beti. Laborantza ganberaren gauza hori da».

MAIATZAREN 7KO EGUNA
10:00. Omenaldia Mixel Berhokoirigoini.
12:30. Herri bazkaria (Tokiendako: 0559-37 18 82).
18:00. Kontzertuak: Bokale Brass Band, Pelax, Kurtney Barnetx, Fusible, Willis Drummond. DJ XA2 & Bixtuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.