Hizkuntza gutxituak

Berezko hizkuntzen alde lanean hasteko eskatu diote Espainiari

Espainiako Kongresuak martxoan onartutako puntuek mandatua egin zioten gobernuari berezko hizkuntzen ofizialtasunean urratsak egiteko. Eragileek Icetari bilera eskatu diote

Paul Bilbao, atzo, Bilbon. Berezko hizkuntzen aldeko eragileek agerraldi telematikoa egin zuten Valentziatik, Gijonetik, Zaragozatik eta Santiagotik. E. PORTILLO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Urrats txiki bat» egin zuen joan den martxoaren 11n Espainiako Kongresuak, baina, hala ere, berezko hizkuntzen aldeko eragileek uste dute «eztabaida parametro egokietara eta erdigunera» eraman zela. Izan ere, Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, «behingoz, berezko hizkuntzen kudeaketa justiziaren, berdintasunaren eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatu da». Agerraldi bateratua egin zuten atzo euskararen, katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren aldeko eragileek telematikoki, eta hizpide izan zuten Espainiako Kongresuan eztabaidatu zen legez besteko proposamena. Zazpi puntu zituen egitasmoak, eta horietatik hiru onartu zituen parlamentuak.

Mandatua egin zion parlamentuak Espainiako Gobernuari, eta orain eskaera horri nola erantzungo dioten ikusi nahi dute eragileek. Nogarako Chuserra Barriosek azaldu duenez, gobernua interpelatzea eta presio egitea izango da orain euren lana, eta, horregatik, Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroarekin bilera eskatu dute. Batzarra ahalik eta azkarrena egin nahiko lukete: «Ezin diete izkin egin berezko hizkuntzen alde lan egiten dugun eragile nagusiei. Are gehiago, kontuan hartuta berriki Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak berriz ere eskatu diola gobernuari aintzat hartu behar dituela eragileon iritziak».

Espainiako Gobernuaren zain egoteaz gain, eragile bakoitzak bere eragin esparruan lan egingo du parlamentuan onartutako neurriak norbere eremu linguistikoan aplikatu daitezen. Kontseiluaren kasuan, Nafarroako eragileekin biltzen hasiko direla aurreratu du Bilbaok. Izan ere, onartutako eskaeretako baten arabera, Espainiako Gobernuak estatutu erreformak bultzatu eta babestu beharko lituzke berezko hizkuntza ez bada ofiziala hitz egiten den lurraldearen zati batean edo eremu osoan. Kasu horretan paradoxa bat dagoela gaineratu du Bilbaok: ofizialtasuna bilduko lukeen balizko estatutuaren erreforma PSNk gidatzen duen Nafarroako Gobernuari dagokio, eta Espainiako Kongresuan PSOEk berezko hizkuntzen ofizialtasunaren alde egin zuen. «Nafarroan agintea duen alderdiak eskatu du hori, beraz, PSNren jarrera aldaketa eragin beharko luke horrek».

Horrez gain, ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko neurriak hartu behar liratekeela ere nabarmendu du Bilbaok. «Honek guztiak erakutsi beharko luke zein den bidea ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko; gobernuak zerbait egin beharko luke auzi honen harira». Onartutako beste eskaeretako baten arabera, eremu linguistiko bera duten lurraldeetan komunikabideak hedatzeko aukera sustatu beharko luke Espainiako Gobernuak. Beraz, parlamentuan onartutako bi puntu horiek eragina izan dezakete Nafarroako egoeran.

Itxita utzitako leihoak

Legez besteko proposamenarekin «leiho bat ireki» dela esan du Francesc Marco Plataforma per la Llenguako ordezkariak, baina beste batzuk nahita utzi dituztela itxita: «Ulergaitza egiten zaigu zenbait alderdik benetako irmotasuna erakutsi ez izana justizian eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza kudeaketaren eredu berri bati hasiera emateko». Egun, berezko hizkuntzen hiztunek bizi dituzten «bidegabekeriei» aurre egiteko neurriak errefusatu baitzituen Kongresuak. «Ez dute nahi izan araudian dagoen gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera uztea». Horregatik, zenbait alderdi «benetako berdintasunetik urrun daudela» esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.