Alazne Aizpitartek (1984, Azpeitia, Gipuzkoa) kezkaz jaso ditu, bere doktore tesia osatzeko egindako elkarrizketa eta galdeketetan, bikote harremanak ulertzeko orduan nerabe eta gazteek azaldu dituzten hainbat iritzi eta sentipen; jeloskortasunaren itzala maiz agertzen dela dio, eta bortizkeriaz betetako habia izaten direla usu erlazioak. Mexikoko, Guatemalako, Herbehereetako eta Euskal Herriko hainbat gaztek kontatutakoei begira egin du ikerketa lana. Badira ezberdintasunak: «Aldeak dira, bereziki, biolentzia fisikoko portaeretan; hau da, ikusgarriena den bortxa motan. Indarkeria mota hori gehiago gertatzen da kultura gutxien garatua duten herrialdeetan. Adibidez, Mexikon agertu ziren biolentzia fisikoko jokaeren tasarik handienak; Herbehereetan, apalenak», azaldu du. Kultura deritzo giza garapenaren indizeari: hezkuntza, bizi esperantza eta beste hainbat aldagai aintzat hartuta ebazten den indizea da, erabakigarria herrialdeetako bizi-kalitatearen berri izateko.
Biolentzia fisikoko portaeretan ikusi du aldea, eta baita bortxa klase horren gaineko onespenean ere. Dioenez, aipatu indizea handitzen den neurrian, herrialdeetan bikotekideekin bortxa fisikoa darabilten pertsonekiko «zigorra» handitu egiten da —«gehiago zigortzen da, eta eraginkorragoa da zigor hori», adierazi du—, eta horrek esplikatzen du zergatik aldatzen den, herrialdeka, egoera. Bada deus gutxi aldatzen den zerbait, ordea, herrialde guztiak batzen dituena: biolentzia psikologikoaren erabilera eta horren onespena. Izan ere, bortxa psikologikoa aztertzean herrialdeen arteko aldeak lanbrotu egiten dira: «Are gehiago, tasarik handienak Herbehereetan izan ziren». Ohartarazpena egin du Aizpitartek. Psikologikoa indarkeria klase «sotilena» dela azaldu du, eta gazteek ez dutela sarri indarkeria gisara ikusi ere egiten: bikotekidea familia eta lagunengatik urruntzean datza, hari buila egitean.«Bereziki, kontrol egoerak izaten dira», esplikatu du.
Kolaboratzaileen bidez jaso ditu testigantzak Guatemalan eta Mexikon; zuzenean bera aritu da gazteei galdezka Euskal Herrian eta Herbehereetan. Arretaz eta kezkaz jaso ditu haien hitzak. Psikologoa da, eta bikote erlazioetan espezializatuta dago; gogoetarako gako ugari jaso ditu. Generoen arteko ezberdintasuna —«arrisku faktorea indartsua da», onartu du— datuak ikertzeko aintzat hartu dituen aldagaietako bat da, ez bakarra: pentsatzen du gai asko hartu behar direla kontuan harreman horiek ulertzeko orduan.
Herrialdeka egindako alderaketan, Mexikoko, Herbehereetako eta Euskal Herriko gazteen datuak aztertu eta ebaluatu ditu: «18-22 urte arteko gazteak dira, unibertsitateko ikasleak». Euskal Herrian egin duen ikerketan, institutuko, unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleak ere aztertu ditu; 16-20 urteko ikasleen testigantzak eta iritziak bildu ditu. Eta hortxe gogoetarako motiboak. «Jasotakoek erakusten dute garrantzia eman behar diegula alderdi sozio-emozionalei», azaldu du. Gazteak atzeman ditu beren gertuko lagunei begira, eta haien bizi esperientzietatik ikasten: heldu izateko bidean, eredu bila. «Esaterako, beren adiskideek dituzten bikote harremanek eragin handia dute: lagunen arteko harremanetan gatazkak oso normalizatuta daudenean, nolabaiteko kutsatze bat gertatzen da... Nolabait ere galdetzen dute: 'Oso normalizatuta dauden egoerak badira, zergatik ez ditut nik egingo?'. Hor askotan daude zeloak. Oinarria dira gai honetan».
Elkar kontrolatzen
Landu beharreko gaiak iruditzen zaizkio bikote barruko «kontrol egoera» horiek, baita sotilenak ere. «Harreman horiek denboran mantentzen badira eta bikote barruan normalizatzen badira portaera horiek, luzera begira ager daitezke bortxa mota larriagoak; indarkeria fisikora ere irits daiteke». Kontrol horiek «bi norabidetakoak» direla dio; nesketan zein mutiletan izaten dira. Argi du baieztapen horrek «polemika» eragin dezakeela genero indarkeriari buruzko kontzientzia errotu den garaiotan, baina nerabeekin eginiko ikerketa askotan agertzen dela dio, ez soilik berean. «Generotik harago doan fenomenoa da bikote gazteen arteko indarkeria».
Galduta ikusi ditu gazte asko. «Haien lehen harremanak dira. Inork ez die erakutsi nola jokatu:ez die esan: 'Hau onargarria da, hau ez'». Lana gogotik egin behar dela dio. «Bereziki zeloen gaia jorratu behar da, emozioen ikuspegitik». Oso argi du nabarmendu egin behar dela gaiztotutako harreman horien desegokitasuna. «Badirudi zeloak eta bikoteaz kanpoko harremanak tartean daudenean dena dela dela libre», esan du. «Harreman sano bat edo ez-sano bat ez du baldintzatzen soilik kolpe batek; ez du zertan seinale fisikorik agertu».
Genero indarkeria. Gazteen harremanak. Alazne Aizpitarte. Psikologoa
«Bereziki zeloen gaia jorratu behar da, emozioen ikuspegitik»
Nerabeen eta gazteen arteko bikote harremanetan jeloskortasuna usu bortizkeriarako abiapuntu dela dio; munduko hainbat bazterretara so, ikerketa lan bat egin du, eta kezkarako motiboak guztietan ikusi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu