Berezia da oraindik ere

Oraintxe 30 urte atxilotu zituzten Parot anaiak, Haranburu eta Esnal, ETAren 'Argala komandoarekin' lotuta. Parisek askatasuna ukatzen die oraindik ere.

Frederic Haranburu, Unai Parot, Jon Parot eta Jakes Esnal euskal presoen askatasunaren aldeko manifestazio bat, 2018an, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Frantziak 1997an Jon Paroti, Frederic Haranbururi eta Jakes Esnali bizi osoko kartzela ezarri zienean, Parotek kartzelaldiaren hamabosgarren urtetik aurrera zuen baldintzapeko askatasuna eskatzen hasteko aukera: 2005etik. Beste biek, berriz, 2008tik. Oraindik ez dira atera espetxetik, ezta Jon Paroten anaia Unai ere —Espainian daukate preso—, 1990eko apiril hasieran atzeman zituzten laurak, ETAren Argala komandoko kidetzat jota. «1997an Parisek epaia eman zuenean, urrun ikusten genituen askatasun eskaerak egiten hasteko urteak. Baina, bederen, data jakin batzukbagenituen zerbait egiteko. Pentsatzen ez genuena zen atxiloketatik 30 urtera oraindik preso egonen zirela», azaldu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Haren ibilbide profesionaleko aurreneko auzia izan zen 1997ko hura.

Unai Parot apirilaren 2an atzeman zuten, Sevilla (Espainia) ondoko herri batean —Santaponcen—, errepide kontrol batean. Esnal, Haranburu eta Jon Parot bi egun barru atxilotu zituzten, Lapurdin. Laurei, guztira, 30 pertsona baino gehiago hiltzea egotzi zieten; besteak beste, 1987an, Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurkako erasoan, 11 lagun hiltzea —horien artean, bost haur—. Jende gehiago atxilotu zuten oraintxe dela 30 urteko polizia operazioan.

Haranbururen, Parot anaien eta Esnalen atxiloketek harridura sortu zuten, lehen aldia baitzen ETAn pisuzko zeregin batean aritu zirena Ipar Euskal Herriko lagun batzuk. Poliziarentzat ere ustekabea izan zen, orduan aipatu zenez; ez zituzten fitxatuak. Lapurdin atzemandako hiru kideak ez zituzten Espainiaratu, Frantziak ezin baitzuen bere nazionalitateko herritarrik estraditatu—artean ez zegoen euroagindua—.

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) ikastolako lehendakaria zen 1990ean Mertxe Colina, eta hango gurasoetakoa zen Esnal. «Haiek atzeman eta lau egunera ikastolako festa bat izan genuen, 600 laguneko bazkari bat. Han izatekoa zen Jakes. Festaren egun berean eraman zituen Poliziak Parisera». Colinak azaldu du atxiloketek eta akusazioek «lurrikara» eragin zutela Ipar Euskal Herrian, «ez baitzen inondik inora espero horrelakorik. Iheslariei jende askok lagundu izan die hemen, baina hori beste kontu bat zen, eta ustekabe bat». Alor kulturalean-eta engaiatutako jendea zela nabarmendu du Colinak.

Iparraldeko giroa 1990ean

Jakes Bortairuk dio Ipar Euskal Herrian abertzaleen artean giro nahasia zegoela Argala komandoaren atxiloketaren garaian. 1989an EMA Ezkerreko Mugimendu Abertzalea utzi zuen Bortairuk, eta 1990ean Oldartzen kolektiboan zebilen. «1980ko hamarkadan zatiketa gogorra egon zen mugimendu abertzalean, IKren eta ETAren arteko lehia politikoa zela eta. Haustura zen alderdi abertzaleen artean, presoen aldeko mugimenduan...». Dena dela, Bortairuk azaldu du 1990eko hamarkada hasieran, «belaunaldi berriei-eta esker», ikusi zirela «batasunerako lehen urratsak», eta horrek eman zituela «fruituak» ezkerreko alderdi abertzaleen eta euskal presoen sostenguaren eremuetan, «egitura komunak sortuta. Bi aro horien erdian gertatu zen, beraz, Argala komandoarena». Bestetik, hark ere aitortu du «ikaragarrizko ezustea» izan zela haien atzematea, «baina ez Ipar Euskal Herrian soilik, eta hemen ez esparru abertzalean soilik».

Auziaren berritasunak

Unai Paroti denera 5.000 urte inguruko kartzela zigorra ezarri zioten hogei sententziatan baino gehiagotan. Jon Paroti, Esnali eta Haranbururi 1997ko maiatzean eta ekainean egin zieten epaiketa, Parisen. «Auzi berezia» izan zela oroitu du Basurkok, «bai baitziren berritasun batzuk»: halako akusaziopean frantziar nazionalitateko lehenak izateaz gain, leporatutako ekintzak Espainiako Estatuan egindakoak eta espainiar herritartasuna zutenen aurkakoak ziren; eta hango biktimak lehen aldiz agertu ziren Parisko epaiketa batean, lekukotasuna emateko. Gainera, Argala komandoaren jarduera osoa epaitu zuten, 22 urtekoa —ETAk 1978an jarri zuen martxan—. Epaimahaiak ez zuen onartu Unai Parot saioetan egotea lekuko. «Parisko auzi haren iturburua, Unaik atxiloaldiko torturen ondorioz egindako adierazpenak ziren», esan du Basurkok.

Defentsa abokatuak adierazi du nolabait aurreikusten zutela bizi osoko zigorra ezarri ahal ziela epaimahaiak. Hori eskatu zuen prokuradoreak. «Baina sententzia entzutea izugarria izan zen, arrunt gogorra». Panpi Erremundegi, Filipe Saez eta Bixente Garzia ere kondenatu zituztenorduan: aurrenari sei urteko kartzela, beste biei hamarnakoa.

Espainiako Estatuko 1973ko Zigor Kodearen arabera, Unai Parot (62 urte) gehienez 30 urtean eduki zezaketen preso, eta, beraz, espetxe onurekin gaur egun kalean behar luke, baina 2007an Auzitegi Nazionalak beste 11 urteko kondena bat ezarri zion, bost urte lehenago aurkitu zioten eskutitz bateko edukiagatik berriro ETAko militantzia egotzita. 30 urte hauetan hamar espetxetan eduki dute, beti Euskal Herritik urrun, beti 500-1.100 kilometrora. Azkeneko bederatzi urteetan Puerto III-n dago (Andaluzia, Espainia), orain arteko urrutien. 22 urtezbakartuta izan dute, gainera.

Ion Parotek (68 urte) bost aldiz eskatu izan du baldintzapeko askatasuna. Guztietan ukatu egin dio Frantziak. Haranburuk (65 urte) bitan eta Esnalek (69 urte) behin egin dute eskaera bera, eta erantzuna, berdina. Datorrenostegunean Frantzia bigarrenez erantzutekoa da Esnalen eskaerari. Fiskaltza irteerak trabatzen ari da helegiteen bidez. Basurko abokatuaren esanetan, Frantziakazkeneko urteetan, lege aldaketa batzuen ondorioz, «zaildu» egin du terrorismoaren auzietan baldintzapeko askatasuna ematea. «Egoera okertuz joan da, beraz. 1997an ez genuen pentsatukohalakorik pasatuko zenik».

Kommutazioaren aukera

Frantziako Errepublikako presidenteak kommutazioa ematea da Jon Parot, Haranburu eta Esnal libre geratzeko beste aukera bat. Defentsak 2015eko urrian egin zuen lehen eskaera, eta ezezko erantzuna jaso zuen. Bigarrena, 2017ko martxoan, eta oraindik ez du jaso erantzunik. Basurko: «Tarteka galdetzen dugu gaia zertan den. Parisek ikusi beharko luke hirurak Espainiara eraman izan balituzte, kalean leudekeela aurreko [1973ko] zigor kodeagatik. Ez da normala Frantzian preso egotea oraindik. Bere garaian ez estraditatu izana okerragoa izan da azkenik. Ez da koherentea». Zail ikusi arren, abokatuak ez du itxaropenik galdu, Frantziak eman baititu kommutazio batzuk. Presidenteak —egun, Emmanuel Macronek— ez du eskaerari erantzuteko eperik. Kartzelatik ateratzekotan, baldintzapean aterako lirateke, 5-10 urterako kontrol judizialpean. Lannemezanen dago preso Haranburu (Baionatik 205 kilometrora), Saint Martin de Ren Esnal (390 km-ra) eta Mureten Parot (280 km-ra).

Colinak Frantziaren jokabidea deitoratu du. «Justu orain dela hiru urte ETAren armagabetzezibila egin genuen, eta ETA duela bi urte desegin zen. Herri honek erakutsi du gauzak beste era batera egiteko jarrera, indarkeriarik gabe egin nahi du bidea. Denon artean orri berri bat idatzi behar dugu, baina baldintza beretan. Ordea, oraindik ere 37 euskal preso daude Frantzian». Bortairuren iritziz, «Frantziak mendeku gogoa eta Madrilekiko menpekotasuna» ditu. Parisen alor antiterroristako taldeak daukan eraginari ere eman dio garrantzia, baita estatuak afera politiko eta sozialetan duen «izaera errepresiboari» ere, «kasurako, jaka horien auzian ikusi den moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.