Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba Izar «oso larri» zauritu zuen aitak, eta «berehala hiltzeko arriskuan» iritsi zen Valentziako La Fe ospitaleko (Herrialde Katalanak) larrialdietara, aurrez Alzirako osasun etxean artatua izan eta gero. Hala berretsi zuten atzo goizean erietxe horretako ZIU zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoaren arduradunak eta bi peritu medikok, haurraren erasotzailearen aurkako epaiketaren bigarren saioan.
Valentziako Probintzia Auzitegian epaitzen ari dira Stytianos Messinezis: fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat, alaba hiltzen saiatzea eta Majarenasi lesio psikikoak eragitea egotzita. Izan ere, akusazioen tesiaren arabera, Majarenasi min egiteko eraso zion akusatuak alabari, indarkeria matxistako kasuetan ohikoa denez.
2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek —gero etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, horien ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, birikan eta bihotzean. Ospitaleko ordezkariak azaldu duenez, «oso gaizki» iritsi zen hara: «Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen». Lesio nagusien eraginez, beste hainbat konplikazio ere izan zituen, perituek azaldu dutenez. Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen ospitaleratuta.
Horrez gain, kalte psikologiko eta psikiatriko handia jasan zuen Izarrek, perituek nabarmendu dutenez. Oraindik 3 urte ez zituela, trauma osteko estresa izan zuen, baita antsietatea ere, amarengandik banatuta egotearen ondorioz —hiru asteetan, bi egunean behin ordubetez baino ezin izan zuen Majarenasek alabarekin egon ospitalean—. «Lehen egunetan, ez zuen hitz egiten, ezin zuen bakarrik lo egin...», esplikatu du Valentziako peritu batek. Gipuzkoan haurraren balorazioa egin duten auzitegi medikuek adierazi dute hobera egin duela, baina oraindik sintoma batzuk dituela: antsietatea, lo egiteko arazoak, jokabide «konpultsibo eta erasokorrak»...
Majarenasek ere «hainbat tratamendu psikiatriko eta psikologiko» behar izan ditu erasoari aurre egiteko, adituen arabera. Antsietatea du hark ere, eta oraindik tratamendua hartzen ari da. Amaren egoera psikologikoa preso izaerarekin lotzen saiatu da defentsa abokatua —epaiketaren hasieran ere behin baino gehiagotan kargu hartu zion epaileak, ETArekin lotutako galderak egiteagatik—, baina perituek erantzun dute Majarenas «ondo» egokitu zela espetxera, nahiz eta kartzelaldian «une jakin batzuetako» laguntza psikologikoa eskatu zuen, eta orain duen gaitz psikologikoa alabaren aurkako erasoak eragin diola: «Antsietatea gertakariokin lotuta dago; horren ondorio da sintomatologia».
Azken saioa
Epaiketa atzo zen amaitzekoa, baina lekuko baten eta bi perituren deklarazioen faltan, beste saio bat egin beharko dute urriaren 16an. Aldeek orduan aurkeztuko dituzte ondorioak, eta epaiaren zain geratuko da auzia. Hain justu, hirugarren saioa hilabete atzeratuko dela eta, akusatua behin-behinean kartzelatzeko eskatu dute fiskalak eta akusazio partikularrak, eta onartu egin du epaileak.
Messinezis aske egon da otsailetik, bi urteko behin-behineko espetxealdia bete zuenetik, Majarenasengana eta Izarrengana hurbiltzeko debekuarekin. Fiskalaren ustez, ihes egiteko arriskua areagotu egin da orain, epaiketan «froga sendoak» agertu direlako eta zigor eskaera oso handia delako. Akusazio partikularrak erantsi du urruntze agindua kontrolatzeko gailu telematikoekin hainbat gorabehera izan dituztela, eta ama-alaben kezka ez ezik gutxienez 145 polizia mugiaraztea ekarri duela horrek.
«Berehala hiltzeko arriskuan» egon zen Izar, perituen esanetan
Aitak egindako zauriak «oso larriak» izan zirela diote medikuek, eta ondorio psikologikoak dituztela ama-alabek oraindik. Ihes egiteko arriskua ikusita, espetxeratu egin dute gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu