Euskara

Bere taldekoei euskaraz ez zuzentzeko eskatu dio Beltranek Aznarezi, idatziz

PPko kideei "beti gazteleraz" hitz egiteko eskatu die, euskaraz egitea "gaztelera hitz egiten dutenentzat errespetu falta" dela iritzita.

Ana Beltran eta Ainhoa Aznarez, artxiboko irudi batean. JESúS DIGES, EFE
2018ko irailaren 6a
07:55
Entzun

Nafarroako Legebiltzarreko azken legegintzaldian "errespetu falta" gertatzen ari da, Ana Beltran PPko bozeramailearen iritzian, eta "aldatzeko unea da". Batzuetan euskaraz zuzentzan zaie Ainhoa Aznarez presidentea beraiei, eta denentzat ari denean ere euskaraz egiten ei du gehien. Horregaitik, beraiei ari denean "beti gazteleraz" egiteko eskatu dio, idatziz.

Beltranen iritzian, badaude arrazoiak eskaera hori egiteko. Batetik, dio, euskaraz hitz egitea "errespetu falta" bera gazteleraz aritzen direnentzat, "haiek direnean legebiltzarreko gehiengoa, eta noski, baita Nafarroako gizartekoa ere". Bestetik, dio, beraiek ez dutela ulertzen euskaraz esaten dietena. Eta bide batez, gogora ekarri du, Legebiltzarra zonalde mistoan dagoela eta euskara ez dela ofiziala.

"Aznarezen erabakiz" euskara erabiltzen da kameran "neurriz kanpo", Beltranek salatu duenez. Eta gainera, "batik bat osoko bilkuretan" gertatzen da hori. Beren lana "trabatzen" du horrek. Horregatik PPri zuzendu behar zaionean "beti gazteleraz" egitea galdegin dio, izan idatziz edo izan ahoz.

Pleno osoari zuzentzen zaionean ere, gaiak azaltzeko edo bozketen emaitzen berri emateko, Aznarezek berak edo mahaiko beste kideren batek gazteleraz egiteko eskatu du Beltranek, "edo gutxienez bi hizkuntzetan" egiteko, "legebiltzarkideok aldi berean jakin dezagun zer esaten ari den presidentea".

Hori bai, bakoitzak "nahi duen hizkuntzan" hitz egiteko eskubidea duela diote komunikabideetara bidalitako oharrean, horretarako daudela itzulpen zerbitzuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.