Kataluniako prozesu subiranista. Urkulluren parte hartzea

Bere posizioa elikatzen duen artikulu bilduma

Urkulluk eskuragarri jarri dituen dokumentuen artean daude prozesuaren gorenean idatzizko hedabideek kaleratutako zutabeen, erreportajeen, elkarrizketen eta bestelakoen sorta hautatu bat.

BERRIAren artikulu bakarra dago: Artur Masi egindako elkarrizketa, 2017ko irailaren 27an kaleratutakoa. BERRIA.
Igor Susaeta.
Bilbo
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hamar egun falta ziren Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak iragar zezan 2017an independentzia erreferendum batera deituko zuela. 2016ko irailaren erdialdea zen, eta Iñigo Urkullu La Vanguardia egunkarianelkarrizketatu zuten, Katalunian irakurle gehien duen berripaperean. «Katalanei aholkatzen diet frontismoa saihestu dezatela». Horra Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariari eta egun batzuk geroago egingo ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJren lehendakarigai zenari egunkariko azalean jarritako izenburua. Barruko orrietakoa: «Aldebakarrekotasuna ez da bidea. Europak ez luke onartuko».

Kataluniako prozesu subiranistan izan zuen esku hartzeari buruzko dokumentuetarako sarbidea eman du Urkulluk, eta, horiei erreparatuta, ondoriozta daiteke bai Generalitateari eta bai Espainiako Gobernuari eskatu ziela elkarrekin hitz egiteko eta auziarentzako irtenbide bateratu bat adosteko. Dokumentuz osatutako liburuki horretako atal batek Idatzizko hedabideetan izandako isla du izena, eta bildutako albiste, zutabe, elkarrizketa, erreportaje eta bestelako gehien-gehienek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak auzian duen posizioa indartzen dute.

Aipatutako elkarrizketa eta 2014ko azaroaren amaieran —independentziarako kontsulta egin eta aste batzuetara— Emiliano Lopez Atxurra gerora Petronorreko presidente izango zenak blog batean jasotako hausnarketak izan ezik, gainontzeko artikuluak 2017ko irailetik azarora bitartean kaleratu ziren; gehienak El Correo-n, El Diario Vasco-n, Deia-n eta El País-en argitaratutakoak. BERRIAtik bakarra hautatu dute: Artur Mas PDeCATeko presidente zenari egindako elkarrizketa bat.

Kronologikoki daude ordenatuta. Hirugarrena El País-en Cinco Días ekonomiari buruzko gehigarrikoa da, irailaren 9 eta 10eko asteburukoa: «Katalunian orain ireki diren inkognita juridikoak». Izan ere, irailaren 6an erreferenduma egiteko legea onartu zuen Kataluniako Parlamentuak, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hurrengo egunean baliogabetu zuen, behin-behinean. Ordurako, alde batekin zein bestearekin hizketan ari zen Urkullu, eta El Diario Vascok-k irailaren 10ean nabarmendu zuen lehendakaria «agertu» zela «bi trenen arteko talkarako erdibideko irtenbide gisa». Katalunia independente batek izango zuen «254.539 milioi euroko zorra» zuen hizpide, bestalde, El Confidencial-ek.

Irailaren 20an eta 21ean, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko epailearen aginduz, Guardia Zibilak miaketak egin zituen Generalitatearen hainbat kontseilaritzatan, eta hamabost pertsona atxilotu zituen. Horri buruzko erreferentziarik ez dago artxiboan. Galdeketarako astebeteren faltan El País-ek argitaratutako «Independentismoaren mitoak eta faltsukeriak» erreportajeari buruzkoa da hurrengoa. Bien bitartean, Jordi Alberich Bartzelonako Cercle d'Economia-ko buruak « irabazle eta galtzailerik gabeko irtenbide bat» eskatzen zuen El Diario Vasco-n.

U-1ean Espainiako Poliziak izandako jarrera bortitza islatzen duen artikulurik ez dago. Erreferedumaren egunean Garak-k Josep Ramoneda kazetari eta pentsalariarekin kaleratutako elkarrizketa dago jasota «Demokrazia liberalaren krisian eskuragarri dagoen utopia bat da independentzia», eta gero urriaren 8ra jauzi egiten du, EB Europako Batasunak auziaren aurrean zuen jarrera erakusteko. El País-en erreportajea: «Independentziaren faktura: aldebakarreko banaketak EBtik, Schengen eremutik, eurotik eta itun komertzial handietatik kanpo utziko luke lurraldea».

Egin eta ia une berean etengo zuen independentzia adierazpena plazaratzekoa zen Puigdemont parlamentuan, urriaren 10ean, eta Mariano Rajoyk El País-en egindako ohartarazpena: «Idealena litzateke irtenbide drastikorik ez hartzea, baina, horretarako, norabidea zuzendu behar dute». Hau da, 155. artikulua ezarri eta Katalunia autonomiarik gabe utziko zuela, hilaren 21ean erabaki bezala.

«Eta orain zer?»

Urriaren 10eko adierazpenaren ondorengo egunetan jasotako artikuluetan islatuta dago egun haietako nahasmena. El País-ek: «Eta orain zer? Errepublika bat gara?». Abc-k: «Puigdemonten gezurrak». Juanjo Alvarezekharen hainbat zutabe daude jasota liburukian aldebakarreko adierazpenak eta 155.az hausnartzen zuen: «Zuzenbidearen eta politikaren artean». Rajoy 155.a ezartzekotan zegoen, eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidente zenak babestu egiten zuen: «Legea denek errespetatu behar dute». La Razón-ek kaleratu zuen Masek Urkulluri eskatu ziola bitartekari lanak egiteko Rajoyrekin, eta lehendakariaren iritzi artikulu bat argitaratu zuen The Guardian-ek: «Kataluniako gatazkak jasanezin bihurtuko du Europa».

Urriaren 27an parlamentuak independentzia aldarrikatuta, eta Madrilek jarraian 155.a ezarrita, buruzagi subiranisten erbesteratzeak eta kartzelatzeak iritsi ziren. Ricard de Querolek Cinco Días-en kaleratutako hainbat zutabe daude artxiboan, eta azaroaren 4koaren izenburua da: «Amildegi hartaraxe zihoazen zuzenean». Alvarez politikaren eta zuzenbidearen «porrotaz» mintzo zen (El Diario Vasco, 2017-11-05). Urkulluk prozesuan egindako «bitartekari lanaren kronika» argitaratu zuen Deia-k astebete geroago. Artxibatutako artikuluen artean atzetik hasita hirugarrenak hizpide du «Independentziaren sedukziorako hiztegia» (El País, 2017-11-19); azken-aurrekoa egun berean El Correo-n argitaratutako erreportaje bat da, zeinaren arabera «sezesionistek» onartu zuten ez zituztela prozesuaren «ondorioak» neurtu —«zalantza da kalkulu elektoral hutsagatik egin ote duten»—; eta liburua ixten duena urriaren 25aren eta 27aren arteko «72 orduko kontakizuna» da, El País-ek kaleratutakoa.Oro har, Urkulluren tesiekin bat egiten dute artxibatutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.