Txibitek nabarmendu du bere gobernuaren lehen urtea «lasaia eta eraginkorra» izan dela

Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri du 391 milioi euroko bederatzi inbertsio foru interesekotzat jo direla. Osasungintzan, «hartutako neurriei esker» 4.847 pertsona gutxiago daude itxaron zerrendetan. Lehen urtean, 70 ekintza jarri dira abian.

Maria Txibite, hiru presidenteordeak eta sei kontseilari, gaur, Nafarroako Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maria Txibite, hiru presidenteordeak eta sei kontseilari, gaur, Nafarroako Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko uztailaren 31
13:20
Entzun

Bere bigarren agintaldiko gobernuak aurki urtebete beteko du, eta Maria Txibite lehendakariak haren egonkortasuna eta segurtasuna nabarmendu nahi izan dizkie herritarrei, gero eta egongaitzagoa den ingurune batean. «Gobernua lasaia eta eraginkorra da, gatazketatik urrundua, eta Nafarroak aurrean dituen erronkei aurre egitera bideratua», aipatu du lehen urteari buruz antolatutako agerraldian. Azaldu du 70 neurri jarri dituztela abian orotara.

Nafarroako Jauregiko lorategi nagusian egin du agerraldia, gobernuko hiru presidenteordeak —Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro— eta sei kontseilari —Carlos Gimeno, Carlos Txibite, Carmen Maeztu, Patricia Fanlo, Amparo Lopez eta Jose Mari Aierdi— alboan zituela. 

Duela urtebete kargua hartzeko ekitaldian aurrean zituzten hodei beltzen artean, hauek aipatu zituen: bizitzaren garestitzea, munduko merkatuak enpresei eta lehen sektoreari eragiten dizkion zailtasunak, planetaren degradazioa eta demokrazia auzitan jartzen dutenen mehatxua.

Hori hala, agerraldian ezinbestekotzat jo du Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen egonkortasuna. «Inguruko beste administrazioekin alderatuta, herritarrek nabaritzen dute Nafarroako administrazioa gertukoagoa, kualifikatuagoa eta gardenagoa dela. Gobernuak konfiantza ematen du, ez du itxurakeriaz jokatzen, eta interes orokorraren alde egiten du lan».

Bezperan Nastatek kaleratutako datu ekonomikoei erreparatu die jarraian, eta atzean utzitako urte politikoa ekonomikoki «bikaina» izan dela iritzi dio, espero baino hobeto aritu baita ekonomia. Pandemia eta Ukrainako gerrak eragindako ondorioak gogoan, aipatu du «inoizko ekaitzarik handiena» atzean utzi dela.

«Gobernuak konfiantza ematen du, ez du itxurakeriaz jokatzen, eta interes orokorraren alde egiten du lan». 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Gainera, hamabi hilabeteotan 391 milioi euroko bederatzi inbertsio foru interesekotzat jo ditu gobernuak —mila lanpostu inguru sortuko dituzte—. Estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, baldintza batzuk betez gero, izendapen hori ematen die gobernuak, enpresen proiektuei tramite administratiboak azkartzeko. «Sinets iezadazue: enpresek zerbait bilatzen badute, segurtasuna da bilatzen dutena, eta Nafarroak hori eskaintzen die», esan du.

Aurrera begira, «besteen menpeko izan nahi ez badugu, ekonomikoki lehiakor izan behar da», Txibiteren arabera. Hori lortzeko, berrindustrializazioa eta enpresen deskarbonizazioa ezinbestekoak direla gogorarazi du. «Beste faktoreekiko alde handiz, bi aldagai horietan arrakastatsuak izateak markatuko du lehiakorrak izango ote garen».

Osasungintzako arreta

Osasungintzari begira, gogora ekarri du aurtengo aurrekontuetan lau eurotik bat Osasunbidearako erabiltzen ari dela. Onartu du, dena den, oraindik arazoak daudela. Azken urtean, itxaron zerrendak goia jo du: 67.605 herritar egon dira espezialistaren arreta jasotzeko zain, eta beste 8.757 operazio kirurgikoaren zain. Txibiteren arabera, Osasun Departamentuak, neurriak hartu behar izan ditu, eta 4.847 pertsona gutxiago daude orain zain. «Ezin dugu jarraitu duela hamar urte bezala pertsonak artatzen, eta guretzat lehentasun bat da osasun publikoko arreta hobetzea, hala lehen arretan nola espezializazioan. Neurriak ez dira amaitu».

Hezkuntzari dagokionez, hiru mugarri azpimarratu ditu. Alde batetik, datorren ikasturtetik aurrera 0 eta 3 urte arteko zikloa doakoa izango da. Bigarrenik, lanbide heziketan ikasleek formakuntza duala jasoko dute, eta, zentroko azalpenez gain, enpresetan bertan jasoko dute lehen eskuko prestakuntza. Horrez gain, Txibitek aipatu du unibertsitate bekak %15 areagotu direla azken urtean.

Memoria eta bizikidetzan, apirilean jakinarazi ziren aitortutako lehen hamabi biktimak, eta ordutik aitortza gehiago egin dira. Horrez gain, ikastetxeetan memoria jorratzeko programa aipatu du. 

Eskumena, aurki

Trafiko eskumenari dagokionez, irailean helduko da Foru Hobekuntzaren erreforma Espainiako Auzitegi Gorteetara, eta, prozesua azken txanpan sarturik, espero du «aurki» itzultzea errepide zaintza Nafarroari.

Kataluniako Gobernua osatzeko PSC eta ERCren arteko akordioaz galdetuta, Txibitek erantzun du errespetatzen duela. ERCk aipatu du «kontzertu ekonomiko solidarioa» jasotzen duela agiriak, eta, horren inguruan, Txibitek gogora ekarri du Nafarroako hitzarmen ekonomikoa ere solidarioa dela. «Nafarrok lan handia egin behar izan dugu hitzarmen ekonomikoa zer den azaltzeko. Lurralde solidarioa gara, eta ulertzen dut akordio horrek elkartasun printzipioari heltzen diola. Beraz, errespetuz ikusten dut, eta Nafarroarekiko ere begirune bera eskatzen dut». 

Azpiegiturei dagokionez, Nafarroako ubidearen lehen fasearen zabaltzea amaitzekotan dela aipatu du, eta Erriberaraino heltzekoa den bigarren fasean atzerapenak daudela. «Nahi genukeena baino motelago doa», azaldu du. Ura Erriberara helduko dela ziurtatu du jarraian.

Agerraldiaz gain, abian jarritako politikak eta neurriak azaltzeko webgune bat sortu dute, ele bitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.