«Astelehenean jakin nuen nire taldeko kide baten jarrera onartezinaren berri. Ez nator bat mezu horien edukiekin, eta erabat gaitzesten ditut». Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde eta bere taldeko kidearen dimisioa onartu eta bi egunera, atsekabetuta agertu da Eva Ferreira errektoregaia agerraldi publiko batean. Bere hautagaitzaren programa aurkezteko prentsaurrekoa egin du gaur Ferreirak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusean, baina Quindosekin gertatutakoari buruzko adierazpen bat irakurtzeko ere baliatu du agerraldia.
Astelehenean salatu zuen Joxerramon Bengoetxea errektoregaiak Ferreiraren taldeko errektoreorde eta hautagaitzako kide batek X sare sozialean troll kontu bat sortu zuela, Bengoetxearen hautagaitzako kideak «iraintzeko eta difamatzeko», eta hortik gutxira Ferreiraren taldeak jakinarazi zuen dimisioa eman zuela Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak; Ferreirak onartu egin zuen dimisioa.
Quindosen izena eta kargua aipatu gabe, dimisioari buruzko adierazpen batekin hasi du gaurko agerraldia Ferreirak. Euskaraz eta gazteleraz irakurri duen testu horretan, berretsi du astelehenean jakin zuela zer gertatu zen, eta «erabat ustekabean» harrapatu zuela, ez zuelako gertatuaren berri. Gertatutakoa jakinda, bere burua behartuta ikusi du azalpen publiko bat ematera —adierazpen publikoa irakurri du gaur horretarako, baina uko egin dio kazetariek gaiaz egindako galderei erantzuteari—.
Errektore agintaldiko «egunik gogorrena eta mingarriena» izan dela aitortu du, atsekabetuta. Izan ere, Ferreiraren esanetan, jokaera oker horiek izan dituen errektoreordearen jokabidea unibertsitatearen eta bere hautagaitzaren «espirituaren eta balioen» kontra doa erabat. Kontatu du gertatutakoaren berri izan bezain laster azalpenak eskatu zizkiola Quindosi, eta aurkeztutako dimisioa «berehala» onartu ziola; «inolako zalantzarik egin gabe» onartu ere.
Eztabaidarako prest
EHUko errektoretzarako kanpaina «garbia eta gardena» nahi du Ferreirak, eztabaida bi programen arteko kontrastera mugatuta. Hala lortuko baita, haren ustez, unibertsitatea gizartearen «eredu» izatea.
Bide horretatik, bi hautagaien arteko eztabaiden inguruan sortutako polemikari ere heldu dio, eta argitu bere taldea «erabat» prest dagoela eztabaidarako, baina lehenetsi egiten dutela unibertsitatean bertan egitea eztabaida horiek, eta bertako publikoarentzat. Bi eztabaida egitea adostu dute, eta horietako lehena Ikasle Kontseiluak antolatuko du.
Lehengo astean salatu zuen Bengoetxea errektoregaiaren taldeak Ferreirak uko egin diola eztabaida publikoetan parte hartzeari. Ziurtatu zuenez, ezezkoa eman dio EITBk proposatutako telebista eztabaidetan parte hartzeari, eta, gainera, Ikasle Kontseiluari «zailtasunak» ipintzen jardun du.
Errektore berria aukeratzeko boto sistemaz ere iritzia eman nahi izan du gaurko agerraldian Ferreirak. Gogora ekarri du unibertsitateko gobernu kontseiluak irailaren 26an onartu zuela, aho batez, sistema hori indarrean jartzea. «Horrek esan nahi du organo horretako kide diren guztien adostasuna izan zuela; beraz, bi hautagaitzetako kideena ere bai». Hori hala izanik, sistema errespetatzeko eskaria egin du.