Bere ekintzekin eragindako sufrimendua onartu du ETAk

Azken hildakoaren senideei doluminak azaldu dizkiete lau auzipetuk epaiketan; «zinez» sentitzen dutela esan dute

jokin sagarzazu
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Bere azken atentatuan hildako Jean-Serge Nerin polizia frantsesaren familiari doluminak agertu dizkio ETAk, eta, horrez gain, azken hamarkadetan bere ekintzekin eragindako sufrimendua onartu du. Halaber, norabide horretan urrats gehiago egiteko konpromisoa agertu du, eta beste eragile batzuei gauza bera egiteko eskatu die. «Hamarkadotan sufrimendu handia izan da, alde askotarikoa. ETAk bere ekintzekin eragindakoa onartzen du. Are gehiago egin behar dugu denok bakea eta askatasuna ekarriko dituen etorkizun berri bat erdiesteko. Euskal herritarrek gure hitza dute egitasmo horretan gure konpromisoa osoa izango dela».

2010eko martxoaren 16an hil zuen ETAk Nerin brigadierra, tiroketa batean. Hura hiltzea egotzita sei pertsona epaitu eta zigortu zituen Frantziako Justiziak 2015 amaieran, eta haietako lauk jarritako helegitea aztertu du egunotan Parisko Kriminaleko Auzitegi Bereziak. Atzo eginiko azken auzi saioan, ETAren izenean agiri bat irakurri zuen haietako batek —Izaskun Lesakak—, Nerinen senitartekoak aretoan zeudela. «Heriotza hura zinez sentitzen dugula jakinarazi nahi dugu publikoki, eta gure doluminak azaldu nahi dizkiegu bere sendiari. Errespetuz diogu, jakin ondo baitakigu ez dagoela halako mina baretzeko hitzik».

Auzipetuen azken hitza entzun eta ordu gutxira eman zuen epaia auzitegiak. Aurrez ezarritako zigorrak berretsi zituen, fiskalak eskatu bezala: 25 urte Arkaitz Agirregabiriarentzat, 16 urte Josu Urbietarentzat eta 14 urte Xabier Goienetxearentzat eta Izaskun Lesakarentzat. Auzi berean beste bi pertsona epaitu eta zigortu zituzten duela bi urte, baina ez zuten helegiterik jarri. Joseba Fernandez Aspurzi 16 urte espetxe zigorra ezarri zioten, eta Mikel Karrera Saroberi, bizi osokoa.

Arrisku handiko gertaera

Atentatu hori bere azken urteetako ibilbidean kokatu du ETAk. Aitortu du, «kalte humano handia» eragiteaz gain, mahai gainean jarri zuela «kalte politikoak» eragiteko arriskua ere, «erasoko ekintzak bertan behera utzi eta berehala horrelako gertakari bat jazo izanak hasitako bake ahaleginari sinesgarritasuna kendu ahal ziolako».

Gogoratu du Nerinen hilketa gertatu zela 2010eko otsailean ETAk ekintza armatu gehiago ez egitea erabaki eta aste gutxira. Hori izan zen erakunde armatuaren azken atentatua, azken hildakoa, bere historian hil duen Frantziako polizia bakarra. Nabarmendu du ez zela ekintza antolatu bat izan, eta xehetasun batzuk eman ditu horren inguruan.

Azaldu duenez, «babes logistiko bila» ari ziren ETAko kideak, eta «auto kopuru handi bat eskuratu» nahi zuten horretarako. Horretan ari zirela, tiroketa bat hasi zen haien eta polizien artean; Nerin hiru tiro jaso ondoren hil zen, eta beste polizia bat ere zauritu zuten. «Zoritxarrez, operazio horren ostetik, [ETAk] bilatu ez zituen gertaerak suertatu ziren. ETAko kideak une oro ekiditen saiatu ziren enfrentamendua izan zen Frantziako Poliziarekin».

Hori hala izanik ere, ETAk berretsi du hilketa horrek ez zuela aurrez hartutako erabakirik baldintzatu. Alegia, eraso ekintza armatuak ez egitea erabaki zuenetik, konfrontazio armatuaren aroa amaitzeko erabakiari eutsi ziola, eta hautu hori izan zela aurtengo apirilaren 8ko armagabetze egunera iristeko «lehen urratsa». Azpimarratu du orduz geroztik «borondate onez» aritu dela «konponbide bila».

Auzipetuen izenean, Xabier Goienetxeak ere hartu zuen hitza atzoko saioan, eta Frantziako Gobernuari eskatu zion urrundu dadila Espainiaren «jarrera antidemokratikoetatik». Gogoratu zuen apirilaren 8ko armagabetzean Frantziak «desberdin» jokatu zuela, eta bide horretan sakontzeko eskatu dio.

ETAk konponbiderako bidean jarraituko dutela berretsi zuen Goienetxeak, eta auziaren erro politikoei ere heldu beharko zaiela ohartarazi zuen. «Gatazka politikoa ez zen ETArekin hasi, eta ez da haren desagertzearekin amaituko».

Horrekin loturik, Espainiaren jarrera salatu zuen. «Beti esan izan digute indarkeriarik gabe dena posible dela, baita erabakitzeko eskubidea ere». Eta Kataluniako auzian Madrilek duen jarrera jarri zuen adibide moduan: «Espainiak gatazkak konpontzeko ulertzen duen modu bakarrarekin erantzun du: indarkeria eta inposizioarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.