Gazteei ez zaie politika interesatzen, belaunaldi berriak ez daude sozialki edo politikoki inplikatuta, edo gazteek beren buruan bertzerik ez dute pentsatzen. Gero eta ohikoagoak dira gazteek politikarekiko duten jarrerari buruzko baieztapen horiek. Ordea, politika instituzionalaz harago ez al dago militantziarik? Akaso dena da zuria edo beltza? Oso politizatuta dauden edo politika guztiz arbuiatzen duten gazteak bakarrik existitzen dira?
Ane Larrinaga soziologiako doktoreak (Mungia, Bizkaia, 1960) gazteen deskonexio politikoa aztertu du, eta zalantza horiek guztiak argitu. Joan den asteartean horiez mintzatu zen Gasteizen egin zuen solasaldian.
Lotura politikorik ezaz, atxikimendurik ezaz, politizatuta ez dauden gazteez mintzo zara. Zer ulertzen duzu dela politika?
Ikerketa egiten hasi ginenean ez genuen aurreiritzirik edo definiziorik jarri, nahiz eta mundu akademikoan gai hori oso aztertua izan den. Inkestetan edo neurketak egiten direnean agertzen da gazteek gero eta interes txikiagoa daukatela politikan, edo gazteak gero eta urrunago sentitzen direla mundu politikotik. Horregatik, gu saiatu gara inkestetan agertzen diren joera horien atzean, iritzi edo jarrera horien atzean zer dagoen aztertzen.
Bi gazte profil bilatu genituen: beren burua ez-politizatutzat hartzen dutenak, eta politizatutzat hartzen dutenak. Bi kasuetan saiatu ginen ikusten beraien autodefinizio horren atzean zer dagoen. Hau da, iritzi horren atzean badago politika ulertzeko modu bat, parte hartze politikoa ulertzeko modu bat, konpromiso soziala ulertzeko modu bat. Orduan, gu saiatu ginen aurkitzen gazteek, subjektu politiko gisa, beraien jarrerei eta ematen dizkieten zentzuak, baina guk aldez aurretik definitu gabe.
Elkarrizketa horiek egin eta gero, zer ulertzen duzue pertsona edo gazte ez-politizatu gisa?
Gazte horiek guztiak gizartean baztertuta sentitzen dira, politika publikoek ez dute beraiengan interes berezirik, eta iruditzen zaie politikariek ez dituztela beraiek aintzat hartzen. Hau da, guztiek dute mendekotasun sentipen bat.
Ezaugarri komunak badituzte ere, talde horren barruan desberdintasunak daude. Badaude, adibidez, politikan interesik ez duten gazteak horretarako baliabide gutxi dutelako?
Bai, hori da. Mundu politikoa ulertzeak esan nahi du baliabide batzuk izatea, joko politikoa oso konplexua delako. Baliabide kognitibo, kultural eta ekonomikoak behar dira hori ezagutzeko, bestela arrotza egingo da; eta desjabetze egoeran dauden gazteentzat, mundu politikoa ulertezina da. Ez dituzte ezagutzen eta ulertzen joko politiko instituzionalaren arauak.
Indibidualizazioaren garaian bizi gara, eta indibidualizazio neoliberalak kultura bat sortu du, batez ere, kultura politiko bat. Hortaz, kultura neoliberalaren barruan dagoen herritar idealak bizi ditu bere porrotak eta arrakastak auzi indibidual gisa, ez dakite loturarik egiten beste prozesu sistemiko batzuekin. Orduan, baliabide urriak dituzten gazteei zaila egiten zaie egunero bizi duten egoera latz horren eta prozesu makrosozial eta makropolitikoen arteko lotura egitea. Hau da, baztertuta sentitzen dira, baina pentsatzen dute beraien gauza bat dela.
«Baliabide urriak dituzten gazteei zaila egiten zaie egunero bizi duten egoera latz horren eta prozesu makrosozial eta makropolitikoen arteko lotura egitea»
Zein bertze mota daude beren burua ez-politikotzat identifikatzen duen talde horren barnean?
Badaude beste gazte batzuk adierazten dutenak ez dutela politikan interesik, baina ez dute beren burua subjektu mendekotzat hartzen. Izan ere, badute maila kultural bat, batzuetan eskarmentu politiko bat ere bai. Pertsona horiek erretiratu egin dira, baina ez dakigu zenbat denborarako. Beraz, gazte horien kasuan badago potentzial bat. Autore batzuek zentzu horretan erabiltzen dute esaera bat ingelesez stand by citizens.
Horrek erran nahi du ez-politizatutzat definitzen diren gazte guztiek ez dutela inolako konpromiso politikorik?
Ez, ezta gutxiago ere. Guk ikusi dugu bere burua ez-politizatutzat definitzen duten gazteek badituztela konpromiso sozial batzuk, kezkatu egiten dira beraien inguruan gertatzen denaz, eta, batez ere, gai dira identifikatzeko beraiei interesatzen zaizkien gaiak: lanaren prekaritatea, emantzipatzeko ezintasuna, etxebizitza... Badaude beraien inguruko komunitateko auzietan inplikatzen diren gazteak, baina hori ez dute politika gisa definitzen.
Beraz, politika kontzeptuaren definizio tradizionalean egon daiteke gakoa?
Hori da. Badago diskurtso hegemoniko bat gizartean zabalduta dagoena, eta dioena gaur egungo gazteak axolagabeak direla, indibidualistak, eta ez dutela inolako inplikaziorik beraien ingurune sozial eta politikoan. Horrelako baieztapenak kontuz hartu behar dira, zeren autodefinizio horiek sortzen dira politikaren ulerkera jakin batetik.
Egin ditugun elkarrizketetan atera da batzuk ekinbide ekologistetan edo sozialetan parte hartzen dutela, baina beren burua politikatik urrun kokatzen dute. Izan ere, asko ez dira gai ekintza horiei zentzu politikoa eransteko, ulertzen dute politikotzat eta parte hartze politikotzat politika instituzionala. Badaude beste gazte batzuk, oso politizatuak, ekinbide komunitarioetan edo gizarte mugimenduetan aritzen direnak. Eta, beharbada, azken horiek beraien borroka ulertzen dute borroka politiko gisa, nahiz eta bide ez-formaletatik aritu.
Planteamendu horren arabera, gazte anitz, kontziente izan edo ez, instituzioetatik kanpo politizatzen ari dira. Arlo tradizionaletik gertatzen ari den erretiratze hori politikoa da?
Nik ez nuke esango beti horrela denik, batzuetan egia da erretiratze hori kontzientea dela. Lehen aipatu ditugun stand by kasu horietan, adibidez. Esango nuke erretiratze politiko horietan badagoela herritartasun emergente bat: bilatzen dute beste eredu politiko, sozial eta ekonomiko bat. Beste batzuek, baliabide kognitibo urriak eta sistema politikoa ulertzeko zailtasunak dituzten horiek, bazterketa politiko bat jasaten dute, ez da erretiratze politikoa.
Herritartasun emergentea aipatu duzu, zergatik uste duzu jotzen dutela bide alternatibo horietara?
Gero eta handiagoa eta sakonagoa delako belaunaldi berriek sistema politiko formalarekiko duten arrakala. Politikariek, askotan, ez dute ezagutzen gazteen kultura, gazteen hizkuntza kodeak ez dakizkite erabiltzen, eta beren kezkak ez dituzte ordezkatzen.
«Gero eta handiagoa eta sakonagoa da belaunaldi berriek sistema politiko formalarekiko duten arrakala»
Parte hartze eredu alternatibo horretan, genero aldetik desberdintasunak daudela nabaritu duzu?
Guztiz. Neska asko ez dira sozializatuak izan mundu ofizialki politiko horretan jarduteko, eta hor zailtasun handiagoak dauzkate. Egia da neska askorentzat erakargarria dela ekintza feminista, baina beste batzuk erosoago sentitzen dira besteak laguntzen. Zergatik? Beraien erreferentzia emakumeari esleitu zaion rol tradizionala delako.
Gazteek indibidualizaziorako joera dutela ere erran ohi da. Praktika politikoan nabaritzen da joera hori?
Bai, gazteen artean, eta populazio orokorrean, gero eta ohikoagoa da praktika politiko indibidualizatuak garatzea. Esate baterako, euskaraz hitz egitea, harremanak ikuspegi feminista batetik garatzea, birziklatzea, garraio publikoa erabiltzea, zero kilometroko elikagaiak kontsumitzea… Ekintza horiek jendearen eguneroko bizitzan gauzatzen dira, hau da, ez dira gauzatzen bakarrik mobilizazio handietan edo dinamika kolektiboetan. Ekintza horiek errazagoak dira pertsona ez-politizatu gisa definitzen diren horientzat. Batzuek zentzu politikoa eransten diete ekintza indibidual horiei, beste batzuk ez dira gai, baina da beraien inplikazio soziala erakusteko modu bat.
Badirudi orain hogei urteko gazteen eta egungoen politika egiteko ereduak desberdinak direla. Zein dira gakoak?
Desberdintasun nagusia da gaur egungo gazteen artean kolektibo aniztasun handiagoa dagoela, eta kolektibo asko borrokatzen direla subjektu politiko bilakatzeko. Lehen, beharbada, klasea eta nazioa ardatzen inguruan eraikitzen zen edo eraiki nahi zen subjektu politiko bat. Orain, ordea, subjektu politikoen aniztasun bat dago, eta gazteen artean ere ikusten da aniztasun hori dagoela.
«Gazte ez-politizatuen eta politizatuen artean ñabardura handiak daude, eta horiek ulertu behar dira, politizatzeko modu asko dago gaur egun»
Garbi dago politizatu eta ez-politizatu edo antzeko kategoria dikotomikoetatik harago badagoela zer aztertu. Zertaz da beharrezkoa planteamendu hertsi horiek gainditzea?
Nik uste dut inportantea dela, gizartean dauden sen oneko irudikapenak gainditzea. Hau da, denok daukagu ezagutza bat, gizarteko kide garen heinean. Gure inguruan gertatzen denaz eta, esate baterako, gazteei buruz, badaude irudikapen nagusi batzuk. Lehenengo baztertu egin behar ditugu irudikapen horiek, orokortzaileak direlako, eta, gainera, normalean etortzen direlako pentsamendu hegemoniko batetik. Baina hori ez da horrela, gazte ez-politizatuen eta politizatuen artean ñabardura handiak daude, eta horiek ulertu behar dira, politizatzeko modu asko dago gaur egun.