DONOSTIA. Atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, osoko bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiari mozio baten bidez eskatu zioten Irunen eta Hondarribian alardeak «berdintasunezko, elkarbizitzako eta errespetuzko» jaia izateko, udalen eskutik eta «beraiekin elkarlanean» konponbidean laguntzeko. EH Bilduren iniziatiba baten emaitza izan zen testuaren onarpena, eta alde egin zuten PSE-EE, EAJk eta PPk ere. Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu egin zen.
EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak «ongi etorria» eman zien gainerako taldeei, lehen aldiz egin dutelako bat propio jaiaren hautu parekidearen aldeko testu batean. «Gaur lehenengo aldiz alarde parekide eta bakarraren aldeko mozioak Gipuzkoako Batzar Nagusien babes zabala jaso du», nabarmendu du koalizioak ere mozioaren berri emateko oharrean.
Mende laurden bat bada bi udalerrietan aldarri parekidea hasi zela. Motel egin da aurrera, eta eragozpen askorekin. Aurten izan dira aurreraurrats esanguratsuak, ordea. Lehen aldiz egin dio harrera udaletxeko balkoian Irungo alkate Jose Antonio Santanok Irungo alarde mistoari, eta Hondarribian ere, jeltzaleek alkatetza galduta, aldarri parekidearen aldeko keinu esanahiz beteak egon dira. Auziak konpontzera egin behar dela ere jarri dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu duten mozioan :«Irtenbide hori guztion arteko elkarrizketaren bidez lortu beharko da».
«Berdintasunezko» alardeen aldeko mozio bat onartu dute
Gipuzkoako Batzar Nagusietan bozkatu da, EH Bilduren ekimenez; onartu egin dute PSEk, EAJk eta PPk ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu