Irunen eta Hondarribian alardea «berdintasunezko, elkarbizitzazko eta errespetuzko» jaia izan dadin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, gaurko osoko bilkuran, mozio baten bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote konponbidean laguntzeko, udalen eskutik eta «beraiekin elkarlanean». EH Bilduren ekinaldi baten emaitza izan da testuaren onarpena, eta haren alde egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk ere. Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu egin da.
EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak «ongietorria» eman die gainerako taldeei, lehen aldiz egin dutelako bat propio jaiaren hautu parekidearen aldeko testu batean. «Gaur lehenengo aldiz, alarde parekide eta bakarraren aldeko mozioak Gipuzkoako Batzar Nagusien babes zabala jaso du», nabarmendu du koalizioak ere mozioaren berri emateko atera duen oharrean.
Udalerri bietan mende laurden bat daramate herritar askok alarde parekideen alde, desfileak ere antolatzen dituzte, baina erresistentzia handiak izan dituzte aurka. Herritar askok kontra egin zuten aldarriaren hastapenetan, eta udal gobernuek ez dute oraintxura arte alarde parekideen aldeko keinu eta urratsik egin. Alde horretatik, urte berezia izan da aurten. Lehen aldiz egin dio harrera udaletxeko balkoian Irungo alkate Jose Antonio Santanok Irungo alarde mistoari, eta Hondarribian ere, jeltzaleek alkatetza galduta, aldarri parekidearen aldeko keinu esanguratsuak egon dira, eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek (Abotsanitz), adibidez, txalo egin dio aurten Jaizkibel konpainia parekideari. Keinu hori egin duen lehen alkatea izan da.
Hala ere, konpondu gabeko auzia da alardeena bi herrietan. Hondarribian, alardean ez dituzte andreak onartzen oraindik; aparte desfilatzen du Jaizkibel konpainia parekideak. Irunen bi alarde daude, baina baztertzailea da handiena; txikiagoa da mistoa, eta hura berriz antolatzen hasteko eta lehenesteko alarde parekidearen aldekoek egiten dituzten eskeei ez die erantzunik ematen udalak.
Auziak konpontzera egin behar dela ere jarri dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu den mozioan: «Irtenbide hori guztion arteko elkarrizketaren bidez bilatua izan beharko da».
Nolako konponbidea
«Alarde publiko eta parekide bat» lortze aldera zer egiteko asmoa duen galdetu zion irailean Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozari. «Konponbide bat» lortzen laguntzeko prest dagoela erantzun zuen, baina ez zuen esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere. Beste hitz batzuekin adierazi zuen nolakoa izan behar duen bere ustez konponbideak: «Justua eta bidezkoa izan behar du».
Argazki esanguratsua utzi zuen aurten Hondarribian, alarde egunean, Eider Mendozak ere. EAJko lehen diputatu nagusia izan zen Jaizkibel konpainiari txalo egitera joan zena. Alardea ikusten ere geratu zen gero.