EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasun zuzendari izendatu berri dute Maggie Bullen (Nedging, Suffolk, Erresuma Batua, 1964). Datozen sei urteetarako erronka anitz dituela azaldu du: indarkeria matxistari aurre egitean biktimei lehentasuna ematea, eta, aldi berean, ikasleen eskaerak aintzat hartzea; 2018an ondutako protokoloa berritzea; edota unibertsitateko irakasle, ikasle eta administrazioko langileak ezagutzea. Ziur da prozesu horretan bidelagun izanen duela inguruan duen sare feminista.
EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza 2006an sortu zen, eta ia hogei urte geroago hartu duzu gidaritza. Nola jaso duzu albistea?
Sorpresaz. Ustekabean eta bertigo pixka bat sentituz hartu nuen, banekielako ardura handia dela. Azken urteotan bi kargu hartu ditut: bata sailburu gisa, eta bestea dekanotzan. Horregatik, buruan nuen unibertsitatean egingo ditudan azken urteetan ikerketan egongo nintzela.
Halere, aldi berean ohore handia izan da egindako lana horrela aitortzea. Oso babestuta eta indartuta sentitu naiz unibertsitatean daukadan sare feministaren aldetik; eta horregatik, proposamena egin zidatenean ez nuen sentitu nire ardura bakarrik izango zenik, sarean elkarrekin egingo genuen zerbait izango zela sentitu nuen. Izan ere, sare horren laguntza jasoko dudala pentsatu nuen.
Adierazi duzu zure kezka handienetako bat dela sare sozialetan zabaltzen diren mezu matxisten eta arrazisten hazkundea, eta hezkuntza arlora ere iristen ari direla. Nola ikusten duzu unibertsitatea?
Hezkuntzan dagoen egoera kezkagarria da; gizartean, orokorrean, egoera kezkagarria den bezainbeste. Gero eta salaketa gehiago daude gizartean zein unibertsitatean, emakumeok ez gaudelako prest lehen jasaten genituen hainbat gauza jasateko; edo, agian, lehen [salaketa baten egiten zenean] erantzuna ez zelako behar bezalakoa. Egia da gaur egun ere ez dela behar bezalakoa, baina, halere, erantzun gehiago dago; ez erasoak handitzen ari direlako, baizik eta ageriago gelditzen direlako. Baliabide gehiago bideratzen ari gara horretara, bai unibertsitatean eta baita gizartean ere.
Hain zuzen, azken hilabeteotan EHUko hainbat irakasle salatu dituzte ikasleek, beren jarrera matxistengatik eta arrazistengatik. Zer-nolako garrantzia du unibertsitateak irmo erantzuteak horrelakoei?
Unibertsitateak lehentasuna ematen dio horrelakoei erantzuteari. Genero indarkeriaren salaketaz ari garenean, askotan unibertsitatearen aldetik erantzuna dago, baina ez da ikusten: biktimak artatzea eta horiek babestea delako lehentasuna. Prozesua motela da, gainera. Kasuak hedabideetan ateratzen ez badira ere, lan asko dago atzean: saileko talde teknikoa eskarmentu handikoa da, eta lan fina egiten du. Halere, tentsio puntu bat ere badugu: biktima babestu eta ondo lan egin nahi dugu, eta, aldi berean, ikasleek eskatzen digutenari erantzuna eman. Oreka bilatu behar dugu.
Horiei erantzuteko protokoloa berritu behar dela uste duzue?
Hori da gure lehentasun nagusietako bat, bai. Sei urtez indarrean egon da protokoloa, eta gauzak aldatzen ari diren honetan berrikusi behar dugu. Izan ere, protokoloan aniztasunaren kontua txertatzea erronka handia da. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egin dugu, LGTBI eskubideak lantzen ere urteak daramatzagu, baina oso gutxi egin dugu arrazakeriari aurre egiteko, adibidez. Hortaz, Berdintasunerako Zuzendaritzan aniztasunaren ikuspegitik egin behar dugu lan, ahots guztiak kontuan hartuz. Generoaren kontzeptua bera landuz, eta bestelako ahotsak ere aintzat hartuz: pertsona arrazializatuak, dibertsitate funtzionala dutenak edota adin guztietako jendea. Gai izan behar dugu horiek guztiak kontuan hartzeko, aniztasun hori aintzat hartzeko.
Izan ere, ez nuke nahi gure Berdintasunerako Zuzendaritza genero indarkeriari bakarrik erantzuten dion bulego bat izatea; badaude beste hainbat arlo eta lan egiteko esparru berdintasuna zentzu zabal batean lortzeko unibertsitatean.
«Ez nuke nahi gure Berdintasunerako Zuzendaritza genero indarkeriari bakarrik erantzuten dion bulego bat izatea; badaude beste hainbat arlo eta lan egiteko esparru berdintasuna zentzu zabal batean lortzeko unibertsitatean»
Eta nola eginen duzue?
Lehenengo protokoloa adituekin batera egin zen, prozesu parte hartzaile baten bidez. Talde eragile bat sortu genuen, fakultatez fakultate eztabaida taldeak egin ziren ikasle, irakasle eta administrazio zerbitzuko langileekin; eta hori guztia egin eta gero osatu zen protokoloa. Oraindik zehaztu behar dugu oraingo prozesua nola egin, baina nik uste dut hortik bideratzea garrantzitsua dela. Nire ustez, unibertsitatean dagoen mugimendu feministaren parte hartzea behar-beharrezkoa da; haiekin lan egin behar dugu, kontrastatu. Orokorrean, haiekin eta ikasleen artean dauden gainerako eragile guztiekin lan egin behar dugu, ikusteko zer-nolako erantzuna eman ahal diegun egungo eskaerei protokoloaren bidez.
Berdintasunerako Zuzendaritzak Leioan du egoitza. Zure irudiko, bertze bi campusetan duzuen presentzia indartu behar da?
Bai, inolako zalantzarik gabe. Eta hori da, hain zuzen, gure beste helburuetako bat. Presentzia handiagoa izan behar dugu, eta, horretarako, baliabide gehiago behar ditugu. Asmoa litzateke campus bakoitzean teknikari bat izatea. Gainera, campus nagusietatik at, ikasle asko Bilbon daude, beste asko Eibarren. Horietara ere iritsi behar dugu.
Horrez gain, gure lana ikusgai egin nahi dugu: egun, Berdintasunerako Zuzendaritza [Leioako] liburutegi nagusian dago, seigarren solairuan. Ez da erraza horraino iristea. Hor ere badugu zer egin: nola egin zerbitzua ikusgai eta irisgarri, eta, aldi berean, nola babestu intimitatea. Tentsio eta kontraesan horiekin ari gara lanean. Eskura gaudela erakutsi nahi dugu.

Kargua hartu berritan adierazi zenuen unibertsitatean dauden gizonek ulertu behar dutela indarkeria zer den, eta horren arabera beren jarrerak aldatu. Halere, nabarmendu zenuen formakuntzetan izena ematen duten gizon kopurua askoz ttipiagoa dela emakumeena baino. Zer proposatzen duzue hori aldatzeko?
Buruan daukadan galderetako bat hori da, eta oraindik ez dut erantzun argirik topatu; inguruan zer egiten ari diren ere ikusten ari naiz. Kanpainak egin dira, ikastaroak daude, baina ez dugu lortzen gizonengan emakumeengan bezainbeste eragitea. Ez da unibertsitatean soilik gertatzen, oro har gizartean ere gertatzen da.
Konplexua da, eta, Maggie Bullen gisa eta zuzendari gisa, bidegurutze batean nago: alde batetik, Maggie Bullen gisa, pentsatzen dut gure unibertsitatean sartzen diren guztiak derrigortu beharko genituzkeela formakuntzak egitera, gutxieneko oinarri bat izatera; baina, Berdintasun zuzendari gisa, badut tentsio moduko bat hor, eta zalantza dut ea horrelako zerbait oinarrizko baldintza gisa ezarri behar den ala ez. Baina zergatik ez dugu exijituko hain beharrezkoa den zerbait? Konplexua da, baina zuzendari gisa ikusi beharko dut zer bide dauden horrelako zerbait egiteko.
«Maggie Bullen gisa, pentsatzen dut gure unibertsitatean sartzen diren guztiak derrigortu beharko genituzkeela formakuntzak egitera, gutxieneko oinarri bat izatera»
Aipatu duzu inguruan egiten ari direnari ere erreparatzen diozula. Adibide interesgarririk ikusi duzu?
Ni ingelesa naiz, eta ahizpak esan zidan han hezkuntzan dauden pertsona guztiek egin behar dutela etengabeko formakuntza bat genero indarkeriari buruz. Ikusi dut horrelakoak ez direla ideia zoroak, egin daitezkeela.
Zer bertze erronka identifikatu dituzu datozen sei urteetarako?
Nik, pertsonalki, horien berri jakin eta entzun nahi dut; gure unibertsitatea nolakoa den jakin nahi dut. Orain arte nire fakultatean egon naiz, eta beste fakultateetara ere joan nahi dut, horietako bakoitzean lan ikaragarria egiten ari baitira. Gure unibertsitatean berdintasunaren alde lan egiten ari direnekin bildu nahi dut, haiei entzun eta zer kezka eta arazo dauden jakin. Horretarako, nire lehenengo urte osoa beharko dut gutxienez.