2002ko Berdintasunerako Legea “guztiz gainditua” gelditu dela esan du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, gaur goizean Mertxe Leranoz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NABI) zuzendariarekin batera egindako agerraldian.
Aldi berean, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek gobernuko programa akordioan berdintasunerako legea berritzeko konpromisoa hartu ondoren, Foru Lege berria garatzeko “garai aproposa eta erabakigarria” dela azpimarratu du Ollok. Izan ere, politika publikoetan genero berdintasuna lantzeko tresna berriak suertatu direla azaldu du, eta 2015eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Legea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua berrantolatzea ere egoera horren barruan kokatu ditu.
Aurreko hilabeteetan, bai intereseko zenbait alorretan eta baita administrazioan ere, emakume eta gizonen garapena eta gaur egun duten egoera aztertu du gobernuak. Horrekin batera, berdintasuna eta generoa lantzen dituzten politika publikoen azterketa bat ere egin du.
Kontseilariak azaldu duenez, diagnostikoak “ahalbidetu egiten du” antzematea zein diren genero berdintasunean dauden hutsuneak eta legearen aurreproiektuan landu beharreko alorrak. Diagnostikoak, datu eta estatistika ugari biltzeaz gain, zenbait adituren iritziak ere biltzen ditu. Gainera, nazioarteko zein estatuko legedia berrikusi eta lege autonomikoen analisi konparatua ere egin dela gaineratu du Ollok.
Aurkeztutako datuei dagokienez, lanaren eta bizitza jasangarritasunaren arloan, emakumearen okupazio tasa gizonena baino %10,36 txikiagoa da. Gainera, soldata arrakala orduko %18koa da. Horrez gain, behin-behineko kontratazioen %55 emakumeek betetzen dute, eta aldi baterako lanaldien kontratuen %79 ere bai.