2017an, Skolae hezkidetza programa pilotua abian jarri zenean, haren kontrako kanpaina bortitza abiarazi zuten eskola erlijiosoetako zenbait gurasok, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek eta talde ultrakatolikoek. Programa ikastetxeetara iritsi zenerako, sare sozialetan bolo-bolo zabalduak ziren hari buruzko gezurrak —haur txikiei pornografia irakatsiko zitzaiela, esaterako—, eta eskuin mediatikoak bozgorailua eskaini zien halakoei. Auzitara ere jo zuten, eta berdintasun alorrean aditu diren zenbait teknikari eta hezitzaile epaile aurrean deklaratzera behartu zituzten, zer-eta XXI. mendean sexu heziketa ikastetxeetara eramateagatik. Horrela ere ez zuten lortu Skolae hondoratzea, baina gorrotoaren hazia landatu zuten: ordutik, ez dira gutxi Skolae onartu ez eta beren burua «kontzientzia eragozle» gisa aurkeztu duten ikastetxeak. Edo, gogoz kontra onartuta ere, hura ikasgelan aplikatzeko urratsik txikiena ere egin ez dutenak.
Skolae Nafarroako hezkuntza sisteman orokortu izanak ez ditu isilarazi, eta horren adibide da 2021-2023 hezkidetza planari iaz aurkeztu zioten errekurtsoa. Orain, plan berria onartu du gobernuak, baina aurrerantzean zer eginen du ikasgelan hezkidetza emateari uko egiten dioten irakasleekin edo ikastetxeekin? Itun ekonomikoa kenduko die, ikasleak sexuka bereizten zituzten zentro erlijiosoekin egin bezala, ala ez ikusiarena eginen du, eskuinaren beste kanpaina mediatiko bat izan ez dadin?