Gizonen eta emakumeen artean jada desberdintasun sozialik eta ekonomikorik ez dagoela dioten ideiei aurre egitea pentsamendu kritikoaren bidez. Hori proposatzen du Nafarroako Gobernuak Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpainarako. Ez zaitzatela nahasi... gezur matxistekin lelopean antolatutako kanpainan, gogora ekarri nahi dituzte gizonen eta emakumeen artean desberdintasunak daudela erakusten duten adierazleak, hala nola soldata desberdintasunak, pobrezia arriskua, zaintzen eta etxeko lanen banaketa...
Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, eta Patricia Abad Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria izan dira kanpainaren aurkezpen agerraldian, Nabiko hainbat kiderekin eta zenbait ordezkari politikorekin batera.
Tabernak erran duenez, aurre egin nahi diote «berdintasun ispilukeria» delakoari, zeinaren arabera herritar batzuek sinesten duten emakumeek nahikoa eskubide lortu dutela. Tabernaren irudiko, ordea, berdintasunaren arloan «lanean jarraitu behar da», emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ez baita «afera pribatua», eta bai, ordea, «egiturazko elementu bat».
Bide horretan, Abadek gehitu du diskurtso horiek gizarteko hainbat sektoretan errotzen ari direla, eta batez ere zabaltzen gazteenen artean. Azaldu du kanpainak ideia horiei guztiei aurre eginen diela «txostenekin eta datu ofizial argi eta zehatzekin». «Zaintzaren arloko arrakalekin lotuta dauden soldata arrakalak daude, pentsioetan ere bai, haurren eta gaixorik dauden familiako kideen zaintzarako baimenetan... Horiek guztiak ohartarazpenak dira, esateko politika publikoak sustatzen jarraitu behar dugula». Izan ere, gogoratu du «politika publikoak eta politika feministak» erremintak direla «gizarte demokratikoago eta berdinzaleagoak lortzeko».
Mezu zehatzak
Kanpainan zabalduko dituzten mezu zehatzagoen berri ere eman dute. Erraterako, Ni feminista naiz. Etxean laguntzen dut esaldiari erantzuteko proposatu dute erratea kontua ez dela laguntzea, baizik eta lanen ardurak modu orekatuan banatzea eta zaintza lanak baldintza beretan egitea. Soldata arrakalarik ez dagoela esaten duten horiei gogora ekarriko dizkiete batez bertzeko soldata gordinak: gizonena 32.005 eurokoa da, eta emakumeena, 26.033 eurokoa.
Azaldu dutenez, soldata arrakalaren eragile dira, bertzeak bertze, lanaldi partzialetan gehienak emakumeak izatea, gizartean gutxiesten diren lanpostuetan emaztekiak aritzea, eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ere gehienak andreak izatea. Hain zuzen, azaldu dute zaintza eredua aldatzea dela Nafarroako Gobernuaren helburuetako bat.
Berdinna saria
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak Berdinna Saria emanen dio Esther Erize magistratuari, erreferente izateagatik «ikuspuntu feminista duen justizia arloan». Gaur zortzi emanen diote saria.
Horrez gain, Emakumeen Nazioarteko Egunean kontzentrazioa eta adierazpen instituzionala eginen dute agintariek, Iruñean.