Berdintasun politikak. Pilar Mayo eta Axel Moreno. Iruñeko Udaleko Berdintasun Saileko arduradunak

«Berdintasunaren bidean, andreei dagokie lidergoa, ez administrazioari»

Genero ikuspegia udalaren alor guztietara zabaldu nahi dute III. Berdintasun Planaren sustatzaileek. Emaitza «iraultzailea» dela diote.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Genero politikei «beste ikuspegi bat» eman nahi die Iruñeko Udalak, III. Berdintasun Plana aurkeztuta. Benetako aldaketa «feminismoaren bidetik» helduko dela uste dute Pilar Mayo Berdintasun teknikariak (Donostia, 1960) eta Axel Moreno Herritarren Partaidetza, Berdintasuna eta Ahalduntze Soziala alorreko zuzendariak (Molina de Segura, Espainia, 1974).

Berdintasun Planak dituen berritasunen artetik, zein nabarmenduko zenukete?

PILAR MORENO: Lau bloketan sailkatua dago plana: berdintasunarekiko konpromiso politikoa, emakumeen ahalduntzea, erantzukidetasuna eta emakumeen kontrako indarkeria. Bada, niretzat, lehenengoa da aipagarriena, administrazioaren alor guztietan genero ikuspegia ezarriko dela eta berdintasunarekiko konpromisoa mantenduko dela bermatzen duelako. Udalaren azpiegitura osoa berdintasunaren alde lanean jartzea da hori, eta neurri iraultzailea da, genero kontuetan hezitako profesionalak izanen ditugulako sail guztietan. Bestalde, erabaki politikoen neutraltasunik eza onartzea ere jauzi itzela da; izan ere, administrazioaren erabakiak ezin dira neutralak izan, eta emakumeen kontrako desberdintasun egitura aldatzeko edo bere horretan iraunarazteko balioko dute. Hori guztia kontuan hartu gabe, ezin da benetako aldaketarik gauzatu.

AXEL MORENO: Oro har, berdintasunaren aldeko jarrera garbia erakusten du plangintza honek, eta irizpide horren arabera diseinatu da udalaren egitura berria. Horrek guztiak bestelako ondorioak ekarriko ditu: baliabideen berrantolaketa, genero politikak gauzatzeko aurrekontu handiagoak... Eta, jakina, planaren ekarpen nagusiak aipatzeko garaian, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko neurriak ere nabarmenduko nituzke.

Indarkeria horren testuingurua aztertzen duzue txostenean...

P.M.: Emakumeen kontrako indarkeriak larritzen gaitu, baina argi dugu bortizkeria horren atzean badagoela testuinguru bat, eta erasoak legitimatzen dituen gizarte patriarkala. Ikuspuntu horretatik abiatu gara.

A.M.: Plana ez da arazoaren azala urratzera mugatzen. Ikusten ez diren biolentziei ere aurre egin nahi diegu.

«Emakumeen lidergoa», «ahalduntzea», «mugimendu feministarekiko elkarlana»... Administrazioen ohiko diskurtsoetatik aldentzen diren kontzeptuak dira horiek. Aldaketa iritsi al da berdintasunaren esparrura?

P.M.: Aurreko egitasmoekin alderatuta, plan berri honen idazketa prozesua eta ikuspegia bera oso bestelakoak izan dira: herritarrei kontsultatzeaz gainera, elkarlana sustatu dugu berdintasunaren arloko profesionalekin. Lantalde sendoa osatu dugu: Eraberria eta Likadi aholkularitza taldeekin lan egin dugu, unibertsitateko adituekin... Eskarmentu handiko profesionalengana jo dugu, punta-puntako egitasmoa osatze aldera. Udalaren protagonismoa bilatu beharrean, beharrezkotzat jotzen dugun aldaketa soziala lehenetsi dugu. Ikuspuntu feministatik erreparatu diogu egungo errealitate sozialari, emakumeen ahalduntzea sustatzeko. Desberdintasun egoera iraultzeko tenorean, argi baitugu emakumeei dagokiela lidergoa hartzea, eta ez administrazioei.

A.M.: Nabari da plan honek aurrekoek baino izaera integralagoa eta estrategikoagoa duela, eta parte hartzea askoz ere zabalagoa izan dela.

Agintean ezkerreko alderdiak egoteak lana erraztu al dizue?

P.M.: Tira, egoera politikoak aukera eman digu lehen pentsaezinak ziren kontzeptuez hitz egiteko: transbertsalitateaz eta udalaren barruko alor guztietan genero ikuspegia ezartzearen beharraz, esate baterako. Bestalde, helburu zehatzak planteatu ditugu, eta hori ere berritasun bat da. Garai batean, orokorkerietan erortzeko joera genuen. «Emakumeen egoera hobetuko dugu», eta horren gisakoak. Erretorika hutsa. Orain, planeko helburu gehienak egingarriak direla uste dut.

Lau urte barru UPN agintera itzuliko balitz, egindakoa atzera botatzeko aukera izanen luke?

A.M.: Sei urteko epea eman diogu Berdintasun Planari, hain zuzen, hauteskunde zikloak gainditu eta halako egoera aldrebesak saiheste aldera. Agintean edonor dagoela ere, aurretik egindako lana alferrik ez galtzea da helburua. Dena den, parte hartzea izan da planaren oinarria hasieratik beretik, eta horrek esan nahi du oposizioko taldeek ere aukera izan dutela batzordeetan parte hartzeko, ekarpenak egiteko eta abar. Emakumeen Udal Batzordearen oniritzia ere jaso du txostenak, eta apirilaren 7ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Beraz, ez dirudi konpromisoak betetzeko arazorik egonen denik. Ezarri dugun ebaluazio sistema berriak ere bermatuko du Berdintasun Plana ez dela egonen unean uneko kolore politikoen menpe, helburuak urte batetik bestera ezarriko baitira, eta udal teknikarien lana ez da geldituko. Jarraitutasuna izanen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.