OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearekin batera gidaliburu bat argitaratu du Mikel Otxotorena soziologoak (Hernani, Gipuzkoa, 1974). Erdialdeko Amerikako herrialdeetan ibili ostean, lan esparruan gertatzen diren sexu erasoak nola identifikatu eta saihestu landu du proiektuan. Uste du han bizi izandako esperientziak eta hemengoak ez daudela oso urrun, eta berdintasuna lortzeko bidean oraindik aurrerapauso handiak eman behar direla. Horregatik, Euskal Herriko errealitateari begira, On:Giz eta Gizon Sarea proiektuetan buru-belarri ari da lanean.
Nolako esperientzia izan da Erdialdeko Amerikakoa?
Esperientzia ona eta, aldi berean, gogorra izan da. Egia esan, prozesu bat izan da: OITk bere garaian deitu ninduen Erdialdeko Amerikan egin zen ikerketa baten laburpena egiteko. Ikerketaren ondorioak irakurrita, ohartu nintzen gizonekin lan egin behar zela, sexu jazarpenaren aurka jardun behar zela lan munduan. Hauxe planteatu nien: gizonentzako prebentzio plan bat. Hainbat arlotan: alde batetik, sektore publikoan lan egiten dutenekin, eta, bestetik, sindikatuekin. Gida egin ostean, El Salvadorren testatzeko aukera izan nuen, eta polita izan zen; gustuko dut gizonekin esku hartzeak egitea.
Nolako errealitatea topatu zenuen han?
Gogorra. Gainera, lan esparruan lan jazarpenak oso modu bortitzean azaltzen dira askotan. Halere, errealitateaz galdetzen didatenean, ezberdintasunen inguruan galdetzen didate: hemengo errealitatea eta hango errealitatea. Nik ikusi eta bizi izan dudanagatik, itxura aldetik eta azaleko gauzetan ezberdintasun handiak badaude ere, erroan dagoena oso antzekoa da.
Lan munduaz ari gara. Erdialdeko Amerikako herrialdeetan langileen lan baldintzak eta eskubideak okerragoak dira hemengo langileenekin alderatuta, dudarik gabe. Horregatik azaltzen dira bortitzago lan jazarpenak. Baina estruktura, jarrera sexistak eta zer den gizon izatea oso berdintsuak dira han eta hemen.
Erroan antzekotasunak baldin badaude, gida erabil daiteke Euskal Herrian?
Bai. Noski, kontuan hartu behar da non egiten den lan: gizartean eragina duten arloak kontuan hartu behar dira. Halere, gida hau lehen pausoetako bat da, hain zuzen, identifikaziora begira: gizon izatea zer den, gizontasun jakin bat misoginian edo homofobian oinarritzen den... Berdin du zein herrialdetan zauden: hori denetan dugu. Laudioko [Araba] Udaleko Berdintasun Sailak eskatuta, bertako sindikalistekin batu, eta gida hau praktikan jarri genuen, tailer moduan.
On:Giz taldeko partaide zara. Zer lan mota egiten dituzue?
2007an sortu genuen. Hainbat gizon eta emakume berdintasunaren inguruan lanean ari ginen, eta beharra ikusi genuen elkarte bat eratzeko, espresuki gizonei begira eta gizonekin lan egiteko. Batik bat, formazio lanean hasi ginen; ikerketa batzuk ere bultzatu genituen, eta ebaluazioak egin izan ditugu... Hainbat modutan lantzen ditugu maskulinitatearen eta berdintasunaren gaiak. Noski, teoria feministetatik edaten dugu, baita LGTBQ teorietatik ere. Euskal Herriko mugimendu feministaren ildotik ari gara gure pausoak ematen.
Euskal Herrian erraza al da berdintasunarekin lotutako helburuak betetzea?
Ez dakit erraza edo zaila terminoekin definituko nukeen. Lan jarraitua da. Askotan, gaiaren arabera, gustatuko litzaiguke urte batetik bestera egoera aldatzea eta aurrerapauso nabariak ematea. Baina berdintasun gaietan, bai homofobia gaietan, bai arrazakeria gaietan, aurrerapausoak pixkanaka ematen dira. Horrek aurrerapausoak emateko zailtasunak erakusten dizkigu. Gizartean oso errotuta dauden gaiak dira, eta aldatzeak jarraitutasun bat eskatzen du.
Gaur egun, talde atzerakoiak indartsu daudela ematen du.
Bizi garen gizarteak arauak ditu. Horien aurka egiteak erreakzioak sortzen ditu, eta arauak mantendu nahi dituzten entitate atzerakoiak zelatan daude. Guk proposatzen ditugun aldaketek haien statu quo-a hankaz gora jartzea dakarte. Normala da, beraz, gizarte oinarrien aldaketa proposatzen dugunok talka egitea horrelakoekin, eta diskurtso atzerakoiak adieraztea. Hori seinale ona da, gauzak ondo egiten ari garen seinale. Ez balute ezer esango, alarmak piztuko nituzke.
Gizon Sareko partaide ere bazara. Zertan ari zarete orain?
Orain stand by momentuan gaude. Sortu genuenean, hainbat herritan gizon taldeak lanean ari ziren, baina bakoitzak bere kabuz jarduten zuen. Gizon talde horien artean elkarkidetza eta elkarlana lortu nahi genuen. Urte batzuetan oso aktibo lan egin dugu: kanpora eta barrura begira. Baina azken bi urteetan-edo, beherakada bat izan da parte hartze aldetik.
Zergatik zaudete geldialdian? Kideak beste talde batzuetan aktibo dabiltzalako, edo belaunaldi aldaketa ez delako egin?
Baliteke bietatik zerbait egotea. Baina uste dut oro har gizonen parte hartzea oso txikia dela berdintasunarekin lotutako gauzetan. Ezin dugu konparatu mugimendu feministarekin. Oraindik, gure erronka nagusia da gizonak berdintasunarekiko lanketa horretara gerturatzea; zoritxarrez, gizonezkoei iruditzen zaie emakumeek konpondu beharreko zerbait dela berdintasuna. Bigarren mailan geratzen gara, ikusle gisa, pentsatuz lagundu dezakegula. Baina ez. Guk ere parte hartu behar dugu, maila guztietan. Parte gara berdintasunaren arazoan, eta arazoaren parte garen neurrian, baita konponbidearenean ere.
Arriskuak badaude, orduan.
Gizonak ere hasi gara biltzen mugimendu feministaren barnean edo paraleloan. Baina ikusle bilakatzeko arriskua beti egongo da. Gure lana hor dago, sentsibilizazioan, ez gaitezen bazterrean geratu. Baina tentuz aztertu behar dugu gure parte hartzea nola bideratzen dugun. Helburu bera dugunon artean gatazkak sortzea litzateke okerrena. Gure parte hartzea aztertu eta landu behar dugu. Oraindik hasieran gaude.
Mikel Otxotorena. Soziologoa
«Berdintasunaren arazoaren parte gara, eta konponbidearena»
Gizonek berdintasunaren lanketan parte hartzea oraindik erronka handia dela uste du Mikel Otxotorenak, askok pentsatzen baitute ez dela euren arazoa. Ikusle izan ordez aktore gisa ikusi nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu