JAURLARITZAREN EGITURA

Berdintasuna eta bizikidetza lehendakaritzatik atera ditu Urkulluk

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du gobernuaren egitura berriari buruzko dekretua.

Aurreko legealdiko Jaurlaritza, herenegun, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 7a
09:52
Entzun

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak larunbatean egin zuen karguaren zina, eta egun horretan bertan jakinarazi zuen gobernuaren osaera: Jaurlaritza berriaren sailak eta sailburuak. Horiek bihar hartuko dute kargua, lehen gobernu kontseilua egin aurretik.

Jaurlaritzak gaur argitaratu du gobernuaren egitura eta sail bakoitzaren eginkizunak zehazten dituen dekretua, eta badira berritasun nabarmenak. Berregituraketa horretan, Beatriz Artolazabalek hartuko du orain arte zeukana baina esangura politiko handiagoa, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren esku geratuko baitira Emakunde, eta memoria eta bizikidetza gaiak. Orain arte, Lehendakaritzaren egiturapean egon dira Emakunde —Izaskun Landaidak zuzenduta— eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritza —Jonan Fernandezen ardurapean—;baita Gogora institutua ere, Aintzane Ezenarrok zuzendua.

Dekretuaren arabera, Artolazabalek zuzenduko duen sailak berdintasunaren arloan izango dituen egitekoak izango dira «generoaren aukera berdintasunerako politika» eta «genero indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzendu eta koordinatzea». Memoriari eta bizikidetzari dagokionez, haren lana izango «giza eskubideak eta bizikidetza gauzatzeko baldintzak sustatzea», «biktimen eta memoriaren politikak zuzendu eta koordinatzea» eta «espetxe legeria betetzea».

Fernandez 2012an sartu zen Jaurlaritzan, Urkullu lehendakaritzara heltzearekin batera, eta zortzi urte eman ditu bake eta elkarbizitza idazkaritzan. Halere, litekeena da Fernandezek Jaurlaritzan jarraitzea, lehendakaritzan beste zereginen batean edo giza eskubideen arloan.

Elena Perez Barredo Lan sailburuorde

Beste sail batzuetan ere badira aldaketak; ingurumen eskumenak izateari utzi dio Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio Sailak, eta Iñaki Arriola izango du sailburu; eta, orain, ingurumen arloa Arantxa Tapiak hartuko du, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean.

Gainera, hasi dira sailburuorde batzuk jakinarazten ere; Idoia Mendia lehendakariordearen sailean, Elena Perez Barredo Lan sailburuordea izango da, eta Alfonso Gurpegi Ruiz, Enplegu eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zuzendari. Perez Barredo zen orain arte Lan Sailaren zuzendaria. Gurpegi, berriz, Gizarte Gaien sailburuorde izan zen Patxi Lopez buru zuen Jaurlaritzan. Besteak beste, Lanbideren erreforma izango dute mahai gainean.

Aldaketa horien inguruan galdetu diote Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariari Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean: «Urkulluk gobernuaren egitura mantendu du, eta egoki iruditzen zaizkion aldaketak egin ditu pertsonetan, eta ongi iruditzen zaizkigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.