Iazko otsailean Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen hasi ondotik, joan den astean onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lege berria. 2005ekoa zen aitzineko Berdintasun Legea, baina azken urteetan etengabeak ziren gaurkotzeko eta egungo estandarretara egokitzeko proposamenak.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 2020ko azaroan onartu zuen lege proiektu berria, eta, iazko otsailean hasita, talde politikoak zuzenketak egiten ibili dira. Akademiako eta mugimendu feministako kideak igaro dira lege proiektua idatzi duen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun, eta Justizia batzordetik, eta gaiaren inguruko gomendio eta zuzenketak bildu dituzte. Behin horiek jasota, behin betiko ordenantza onartu zuten joan den ortzegunean, EAJren, PSE-EEren eta EP-IUren aldeko botoekin, EH Bilduren eta PP-C's-en abstentzioarekin eta Voxen kontrako botoarekin.
Aitzineko legetik aldaketa nabarmena du ordenantza berriak, izenetik beretik hasita: Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legea da joan den astean onarturikoa. Eta, izenak berak nabarmentzen duen bezala, bortxa matxistaren kontrako neurrietan dakar aurrerapausorik nabarmenena. Izan ere, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurka egindako bortxaz gain, bertze hainbat indarkeria molde aintzat hartu ditu legeak: familia indarkeria, sexu indarkeria, emakumeen eta nesken salerosketa, sexu esplotazioa, genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak, hertsapena, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta bortizkeria obstetrikoa, bertzeak bertze.
Genero harremanen ulermenean eta andreen ahalduntzean oinarrituko da legea, «biktimen eskubideak neurri guztien muinean jarrita, biktimizazio sekundariorik ez eragiteko». Indarkeria kasu horietan erakundeek egin beharreko esku hartzea ere zehazten du arauak. Biktimek arreta «lehentasunezko, integral, doako eta kalitatezkoa» jasotzeko eskubidea izango dute.
Arreta horrekin batera, biktimari eman beharreko laguntzetan ere aurrerapausoa dakar legeak: biktimek urgentziazko laguntza ekonomikoak jaso ahalko dituzte, eta salbuetsita egongo dira diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintza batzuetatik. Bortxa matxistaren ondorioz umezurtz geratutako haurrei ere laguntza ekonomikoa emango diete. Halaber, zerbitzu eta laguntza horiez baliatzeko, ezingo da orain artean bezala baldintza gisa jarri «biktimek delitugilearen aurka lekukotza emateko edo lege ekintzak baliatzeko borondatea izatea».
Indarkeria matxistatik haragoko berritasunak ere jasotzen ditu legeak. Zehaztu egiten ditu legea aplikatu behar duten «euskal botere publikoek» bete beharko dituzten printzipio orokorrak: tratu berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa; aukera berdintasuna; andreen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea; sexu edota genero identitatea eta sexu orientazioa askatasunez garatzeko eskubidea; genero ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza orekatua; emakumeen ahalduntzea; gizonen inplikazioa; eta hizkuntza eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea. Gainera, berdintasun unitaterik ez zuten administrazioek sortu egin beharko dute atal hori, eta dagoeneko badagoenetan, indartu.
Gainerako berdintasun politiketara bideratu beharreko aurrekontuaren gutxienekoa ere zehaztu du legeak: %1ekoa izan behar du. Zaintza lanei dagokienez, aurrekontuak eta politika sozioekonomikoak egitean, etxeko eta ordaindu gabeko zaintza lanen balioa kontuan hartu beharra aipatzen du testuak, «zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean izango dituen eredu ekonomiko eta soziala izaten laguntzeko».
Legeak dio pertsona guztiek «zaintzak jasotzeko duten eskubidea bultzatuko» dela, eta botere publikoek «zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa sustatu» behar dutela, baita profesionalen baldintzak hobetu behar direla ere.
Legea betetzeko tresnak
Tramite prozesuan zela, hainbat adituren ekarpenak jaso zituen lege proposamenak: besteak beste, Bilgune Feministako eta Feministaldeko kideenak. Biek ala biek lege berriak betetzeko «tresnak eta aurrekontuak» eskatu zituzten, haien iritziz lege proposamena boluntaristegia zelako eta ez delako zehazten legean ezartzen diren baldintza horiek betetzeko tresnarik. «Lege hau nola betearaziko den ziurtatzeko, neurri, mekanismo, eta ebaluazio irizpideak falta dira», nabarmendu zuen Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak lege proposamena aztertzen ari ziren batzordean.
Aurrekontuak ere hizpide izan zituzten adituek. Bilgune Feministak, Feministaldek, eta baita akademiaren alorreko adituek ere aurrekontu handiagoak eta zehatzagoak eskatu zituzten. Bilgune Feministak ez zuen zenbakirik eman; bai, ordea, nabarmendu ezinbertzekoa dela «aurrekontu indartsua» izatea. Akademiako adituek, berriz, gutxienez aurrekontuen %2,5 berdintasun politiketara bideratzeko eskatu zuten, eta legean «zehaztasun» gehiago ere eskatu zituzten, eta baita ezarritako helburuak betetzeko epe bat zehazteko ere.
Legea betearazteko tresnen falta izan da, hain zuzen ere, oposizioko alderdi nagusi EH Bilduk abstentziora jotzeko arrazoi nagusienetako bat. Oihana Etxebarrieta koalizioko eledunak salatu zuen ez dela nahikoa neurri hartu emakumeak babesteko ardura hartzen ez duten instituzioei aurre egiteko mekanismoak ezartzeko.
Legea onartu berritan, eta nahiz eta orduan egindako proposamen batzuk aintzat hartu, kritika «zorrotza» egin du Bilgune Feministak, eta salatu du legedi berria ez dela «nahikoa».«Feminismoaz hitz egiten dute benetako politika feministarik egin gabe», nabarmendu du Bilgune Feministak, eta hainbat ñabardura egin dizkio onartu berri den arauari.
Indarkeria lege «propio» baten beharra dagoela nabarmendu du, alde batetik, prebentzioan oinarritua eta mekanismo betearazleak izango dituena. Gainera, adierazi du legea betearazteko «aurrekontu sendoak» behar direla, orain «miseria bat» bideratzen dela iritzita. Halaber, salatu du lege berriak «ez duela interesik» emakume langileen egoera hobetzeko, eta pribatizazioak eta azpikontratazioak bukatuko dituen «berdintasun politika feminista baten» beharra dagoela aldarrikatu du.
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Berdintasuna bermatu nahi duen tresna
Eusko Legebiltzarrak joan den astean onartu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Berdintasun Lege berria. Berritasunak ekarriko ditu, batez ere bortxa matxistaren kontrako araudian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu