Berdintasun politiketan sakontzeko alternatiba gisa aurkeztu da Elkarrekin Podemos

Koalizioak bere lorpen gisa aurkeztu ditu Gipuzkoako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimak artatzeko asmoz irekiko dituen krisi zentroak, eta Irene Montero Berdintasun ministro ohiaren lana goraipatu du.

Miren Etxebeste, gaur goizean egindako agerraldian, Donostian. ELKARREKIN
Miren Etxebeste, gaur goizean egindako agerraldian, Donostian. ELKARREKIN
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 5a
13:55
Entzun

Elkarrekin Podemosek kanpainari ekin dio esanez Eusko Jaurlaritzan ezkerreko gobernu bat ezartzea dagoela jokoan bozetan. «Benetako gobernu aurrerakoi bat», zehaztu du Victor Lasa koalizioak Donostiako Udalean duen eledunak. Argudiatu du Elkarrekin Podemos dela horri bide emateko hautagaitzarik onena, eta adibide gisa jarri ditu koalizioak eta Podemosek Espainian zein Euskal Herrian sustatutako neurriak; zehazki, berdintasun politikei eta indarkeria matxistaren aurkako neurriei dagokienez. Hala, Lasak eta Miren Etxebeste Gipuzkoako zerrendako kideak euren lorpen gisa aurkeztu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko 24 orduko krisi zentroak irekitzea.

Donostian egindako ekitaldian, Etxebestek azpimarratu du koalizioak indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa duela, eta haren biktimei arta bermatzekoa; gainera, adierazi du haiek egindako presioaren ondorio dela Gipuzkoako hiriburuan sexu erasoen biktimak artatzeko 24 orduko zentro bat irekitzea.

Etxebestek gogoratu du Espainiako Berdintasun Ministerioak Irene Montero alderdikidearen gidaritzapean ezarri zituela halako zentroak finantzatzeko laguntzak, Sexu Askatasunaren Legea ─soilik baietz da baietz lege gisa ezaguna─ onartu ostean, eta ordutik indar egin dutela Euskal Herrian ere halako guneak martxan jartzeko; zehazki, azaldu du euren ekimenez bultzatu dela Gipuzkoako Foru Aldundia hiru zentro irekitzera. 

Halere, Elkarrekin Podemoseko kidea kritiko azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundiak auzi horren inguruan duen jarrerarekin. Izan ere, azaldu du informazio falta nabaria dela: «Aldundiak iragarritako hiruretako bat da [Donostiako zentroa], nahiz eta gaur egun ez diguten informaziorik ematen, erregistro bidez eskatuta ere». Hala, EAJren «borondaterik eza» kritikatu du, jeltzaleen jarrera Espainiako estatuko beste erkidego batzuetako gobernuenarekin alderatuta: PP eta Vox agintean dauden horiek aipatu ditu. «EAJren asmoa zen zentro horiek ez irekitzea Euskadin». 

Bide horretatik, aldundiari eskatu dio bete dezala kanpainan emandako hitza: «Kanpainan iragarri zuen baietz, irekiko zituela, baina egia bestelakoa da. Bi hilabeteren ostean, lizitazioa hutsik geratu zenean, foru gobernuak bertan behera utzi zuen diru saila». Hori ikusirik, Etxebestek azaldu du eurak direla afera horretan indar egiten ari diren bakarrak, eta berriz ere funtsa martxan jartzea lortu dutenak: «Gu atzetik ibili garelako egin dute. Beste alderdiek ez zuten besterik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.