Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria

«Berdintasun legea tresna estrategikoa izango da»

Batez ere indarkeria matxistaren alorrean aldaketa esanguratsuak ekarriko ditu berdintasun lege berriak. Halere, beste hainbat erronka aipatu ditu Landaidak, hala nola zaintzari buruzko hausnarketa edota soldata arrakala desagerraraztea.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hirugarren legegintzaldia du Emakundeko zuzendari gisa, baina zuhurtziaz mintzatzen da, aginte tonutik aldenduta. Izaskun Landaiak (Ugao, Bizkaia, 1969) aitortu du erakundeek asko dutela egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean, baina gizarte osoaren inplikazioa eskatu du.

Martxoaren 3an onartuko da Eusko Legebiltzarrean agintaldiko egitasmo garrantzitsuetako bat: Berdintasun lege berria. Pozik zaude emaitzarekin?

Bai. Guretzat proiektu garrantzitsuena da. Erantzukizun handia sentitu dugu legea berritzean, datozen urteetan berdintasunaren esparruko erronkei erantzuteko tresna izango baita. Prozesua aurreko legealditik dator, parte hartzailea izan da, eta legebiltzarrean ere ekarpen asko jaso ditu. Tresna estrategikoa izango da. Hori esanda, lege indartsuez gain, gizarte osoaren inplikazioa ere ezinbestekoa da: balio aldaketaz berba egiten ari gara, eta denok hausnartu behar dugu zer egin dezakegun. Aldaketak motel datoz, baina espero dugu ez izatea itxurazkoak, baizik eta sakonak.

Zer hobetuko du legeak?

Oso lege zabala da. Batetik, administrazioan berdintasun egiturak sendotzeko apustu garrantzitsua egin du, eta formakuntzan ere derrigortasuna ezarri da. Bestetik, indarkeriaren alorrean, hobekuntza asko egin dira, baina niretzat oso interesgarria da erreparazioaren gaia, eta oso zaila. Horren inguruan lan, berba eta hausnarketa asko egin beharko dugu; izan ere, zer da erreparazioa? Ekonomikoa agian ezaguna da, baina zelan heldu beste erreparazio motei? Eta zelan bermatu ez errepikatzea? Izugarrizko erronka dugu hor.

Legebiltzarreko prozesuan talde feministek eta adituek kritikatu dute lege «boluntaristegia» dela, zigorrak jartzeko gaitasun txikia duela. Zabalduegi dago berdintasun arauak ez betetzeak ez duela ondoriorik?

Ez dut uste. Asko dugu egiteko hainbat esparrutan, baina, adibidez, lan eremua gure eskumenetatik kanpo dago. Bat nator esaten dutenekin zigorrekin bakarrik ez ditugula helburuak lortuko; une batzuetan halako neurriak beharko ditugu, baina benetako eraldaketa izatea nahi badugu, errora jo behar dugu, eta hor bultzatu aldaketak. Gero eta enpresa gehiago ari dira berdintasun planak egiten, sexu jazarpenaren aurkako protokoloak... Ikusi dute berdintasunaren aldeko apustuak onurak dakartzala, ez soilik justizia sozialarekin lotuta, baizik eta bikaintasunarekin lotuta. Mezu horretan sakondu behar dugu, berdintasuna aukera gisa ikus dezaten.

Lege proiektuak jaso zuen aurrekontuaren %1 berdintasun politiketarako baliatzea, eta aditu batzuek %2,5 ere eskatu dute. Zertan geratu da?

Oker ez banago, %1,5ean geratu da: igoera polita da datozen urteetara begira. Berdintasunean aurrera egiteko aurrekontuak, proiektuak, pertsonak eta baliabideak behar dira.

Legeak dio indarkeria matxistaren alorrean arreta integrala bermatu beharko zaiela biktimei. Aditu batzuek ohartarazi dute hori betetzeko, adibidez, askoz psikologo gehiago behar direla gizarte zerbitzuetan. Baliabiderik egongo al da arreta integral hori bideratzeko?

Pentsatu gura dut baietz, hori da helburua. Azken urteetan, gainera, eboluzioa nabaritzen ari da. Atzera begiratzen badugu, orain hogei urte, ez zegoen estatistikarik, gai hau esparru pribatuan kudeatzen zen... Asko egin dugu aurrera denbora gutxian: gero eta kontzientzia gehiago dago, eta gizartea gero eta exijenteagoa da berdintasunarekin.

Konfinamenduak kezka berezia eragin zuen, emakume asko etxean itxita geratu zirelako erasotzaileekin. Azken bi urteotan harreman sozialak murriztu izanak zer arrasto utzi du?

Konfinamenduan zehar salaketa kopuruak behera egin zuen; horrek ez du esan nahi indarkeria desagertu zenik, baizik eta andreek beste estrategia batzuk erabili zituztela egoerari eusteko; eta ondoren, ikusi dugu zerbitzu psikologikoen lanak gora egin duela. Dena den, guk txosten bat egin genuen, jakiteko COVID-19ak zer eragin izan zuen berdintasunean: indarkerian ez ezik, lan ordainduan nabaritzen da, ez-ordainduan, egoera zaurgarrian dauden emakumeengan...

Salaketarik ez jartzea erabakitzen duten andreei ere babes neurriak zabaltzea aurreikusi du legeak. Zertan datza aldaketa?

Emakumea jarri behar dugu erdigunean: bere iritzia, erabakia eta egoera. Helburua da indarkeriatik ateratzea, eta emakume bakoitzaren errealitatearen arabera, bide desberdinak daude. Batez ere, andrea prestatuta egon behar da, jakin behar du erabaki horrek zer ekarriko duen. Noski, salaketa jartzeak ahalbidetu izan du emakumeen egoera ebaluatzea eta babes neurriak lortzea, baina hor ez du balio denentzako irizpide berberak: egoera bakoitza baloratu behar da. Gainera, gero eta formakuntza gehiago dago esku hartzen duten profesionalen artean: andreek osasun zentrora, gizarte zerbitzuetara, Ertzaintzara edo epaitegira jo dezakete laguntza bila, eta funtsezkoa da profesionalak trebatuta egotea. Profesionalek eurek eskertzen dute gehien: egoera oso zailak dira, ardura handia dute, eta formatuta egonda tresna gehiago dituzte interbentzio hobea egiteko.

Azken urteetan azaleratu da zerbitzu sozialetan eta auzitegietan GAS guraso alienazioaren sindrome faltsua erabiltzen dela. Zer iritzi du Emakundek gaiaz?

Hainbat erakundek argi esan dute sindrome hori ez dela existitzen, beraz, ezin dela erabili emakumeei beren seme-alabak kentzeko. Zer egin behar da? Formakuntzan sakondu, nire ustez. Ez badira erabaki zuzenak hartzen, kalte handia eragin dezakete.

Pandemiak zaintzaren premia ere azaleratu du, baina legeari kritikatu diote ez duela ekarpen handirik egin alor horretan.

Beno, aurreko legean baino sakonago lantzen da gaia; aurrerapauso bat da, baina egia da asko dugula egiteko. Feminismoak aldarrikatzen du zaintza erdigunean jartzea, eta krisi honetan ikusi da zein garrantzitsua den: zaintza barik gure gizartea gelditu egiten da. Espero dut zaintzari buruz sakon hausnartzeko balio izatea.

Bi urte dira pandemia hasi zela, baina ez da onartu zaintza baimen berezirik. Nola da posible, egoera hain berezi batean?

Ez nuke orokortuko: enpresa batzuetan akordioetara iritsi dira halako egoerak kudeatzeko. Egia da, halaber, jendeak seme-alabak izatea nahi badugu, horretan jarri behar dugula arreta: bikotekideen arteko erantzukidetasuna bultzatzeko, enpresa esparruan neurriak behar dira, eta arlo publikoan ere, hezkuntza lehen urteetatik bermatu behar da, adibidez.

Izurriak zahar etxeetan jarri du beste arretagune bat. Jaurlaritzak 2019an onartu zuen egoitzetako baldintzei buruzko dekretua, baina 1990eko urteetan baino ratio okerragoak eta zaintza ordu gutxiago ezarri ziren. Emakundek esku har dezake hor?

Gure eskumenetatik kanpo geratzen da, baina uste dut borondatea dagoela hori hobetzeko. Egoitzen kudeaketa aldundiena da, baina denon artean eman behar diogu erantzun egokia.

Langileen zein mugimendu feministaren eskaeretako bat da zaintza ez izatea negozio bat, eta alorra publifikatzea. Horretarako aukera ikusten duzu?

Zaintza erantzukidetasunez egin behar da: esparru publikoak, pribatuak eta gizarte osoak egin behar du ekarpena, betiere publikoa ahal den gehiena indartuz. Hor bide berriak ireki daitezke.

Soldata diskriminazioaren aurkako neurriak hartu dituzue legean. Lan eremu feminizatuetako soldata arrakala amaitzeko balioko dute?

Espero dut baietz. Soldata arrakala egiturazko arazo bat da, eta gauza asko hartu behar dira kontuan: emakumeek dituztela kontratu partzial gehienak, zaintzaren ondorioz horiek aukeratzen dituztela, segregazio bertikala eta horizontala daudela... Legeak marko bat ezartzen du, baina administrazioan ez ezik, beste eremuetan ere erabakiak hartu behar dituzte: enpresek, sindikatuek... Izan ere, lan hitzarmen desberdinak daude garbiketa emakumeek barruan egiten dutenean eta gizonek kanpoan egiten dutenean. Negoziazio kolektiboaren esparrua garrantzitsua da.

Azken bi udetan ez da alarderik izan Irunen eta Hondarribian. Tentsiorik gabeko garai honetan, hainbeste aipatzen den sukalde lanetan ari zarete?

Emakumeei eta gizonei tradizio batean era berean parte hartzeko aukera ematea ez da tradizioaren kontra egitea, baizik eta indartzea, denboran irauteko estrategia bat baita askotan. Hainbat herritan horrela lortu dira eraldaketak. Eta guk uste dugu, neurri handi batean, konponbidea herri horietatik etorri behar dela. Guk dakigula, lanean dabiltza, diskretuki: ez dakigu zein izango den emaitza, baina lanean ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.