Jaizkibel konpainiak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria banatuko du aurten hamargarrenez, berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonen eta erakundeen lana goraipatzeko. EAEko Berdintasun Legearen eguneratzean jardun zuten ordezkari politikoak saritzea erabaki du oraingoan. Izaskun Larruskain (Hondarribia, Gipuzkoa,1966) Jaizkibel konpainiako kide da, eta epaimahaian ez dagoen arren, erabaki horren zergatia azaldu du: «Berdintasun Legeak esaten duena gogoraraztea, eta betetzen ez dela erakustea». Irailaren 1ean eginen dute sari banaketa, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean.
Izan ere, lege horrek debekatu egiten ditu, propio, sexuan oinarritutako diskriminazioak, eta, beraz, baita andreak baztertzen dituzten jarduerak ere. Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen araua, eta 2022an eguneratu. Arauaren arabera, administrazio publikoei dagokie sexuan oinarritutako diskriminazio oro eragoztea eta kultura jarduera guztietan emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatzea. Anitzetan aipatzen da legearen artikulu hori Irungo (Gipuzkoa) eta Hondarribiko alardeekin lotuta, bi udalerrietan egiten direlako desfile baztertzaileak nagusi direlako oraindik, eta nekez egin dutelako aitzina besta parekideen aldeko aldarriek. Jaizkibel konpainiak, baina, alardea parekidea izatea aldarrikatzen du urtero.
EAEko Berdintasun Legea eguneratzen jardundako ordezkari politikoak saritzea erabaki duzue; hamargarren urteurrenean, gainera. Zer dela eta?
Epaimahaiak erabaki hori hartu zuen ikusten zuelako oso ongi egindako lege bat badagoela. Aspaldikoa da, 2005ekoa, eta, lege horri esker, Jaizkibel konpainiak lehentasuna dauka, eta horregatik ateratzen gara lehenago. Baina hainbat tokitan ez da gauzatzen; hemen, adibidez, badago alarde bat non emakumeok ezin dugun parte hartu. Horregatik pribatizatu zen, publikoa den heinean, nahitaez izan behar duelako parekidea. Bestea pribatua da, baina, berez, legea ez du betetzen. Izan ere, badaude bi artikulu zehazten dutenak nahiz eta pribatua izan ekintza parekidea izan behar duela.
Lege horrek, beraz, zalantzan jartzen du alarde baztertzailearen, zein hura babesten duten ordezkari politikoen jarreraren egokitasuna; halere, egoerak bere horretan dirau herrian. Beharbada, sari banaketarekin hori agerian jarri nahi izan duzue?
Ikusi dugu, edo epaimahaiak ikusi du, legea ondo dagoela, baina oraindik ez dela gauzatzen. Hortaz, Berdintasun Legea berritu zutenei saria emanez, bultzada bat ematen diogu alardearen gaiari; jendea konturatuko da hemen ez dela betetzen. Agian batzuk ez dakite legeak zer esaten duen, eta modu honetan gaia presente izan dezakegu. Bi alde horiek ditu: beraiek egindakoa saritzea, ikusten genuelako lan bikaina dela, baina, era berean, abisu moduko bat ematea esanez Irunen eta Hondarribian oraindik lege hori ez dela gauzatzen.
Sariaren berri ematean, zer erantzun jaso duzue?
Saria jasoko dute hura egin zuten bost pertsonek, alderdi bakoitzeko emakume batek. Horietako lauk erantzun digute, PPko Laura Garridok ez. Erantzun digutenetatik hiru joango dira saria jasotzera: EH Bilduko Oihana Etxebarrieta, PSE-EEko Gloria Sanchez eta Elkarrekin Podemos-IUko Isa Gonzalez. EAJko Leixuri Arrizabalagak erantzun digu, eta eskerrak eman dizkigu, baina ezin izango da saria jasotzera joan. Nik uste dut momentua dela plazaratzeko baditugula urratsak egiteko, egiten ari direla, baina oraindik falta da.
Sariarekin gaia erdigunean jarri duzue. Bertze pausorik emanen duzue bide horretan? Edo dagoeneko zerbait egiten ari zarete?
Sariarekin horixe egingo dugu. Gero, guk jarraituko dugu herrian lanean, eta jarraituko dugu udalean eskatzen Berdintasun Legea bete behar dela. Dena den, gu kontziente gara momentu honetan konponbidearen bide horretan gaudela, jarraituko dugu [legea bete dadila] eskatzen, uste dugulako konponbide horretarako urratsak egin behar direla.
«Kontziente gara momentu honetan konponbidearen bide horretan gaudela, jarraituko dugu [legea bete dadila] eskatzen, uste dugulako konponbide horretarako urratsak egin behar direla»
Zein da, zuen ustez, Berdintasun Legearen potentzialitatea konponbiderako bide horretan?
Legeak garbi esaten du bai gobernua, bai [Gipuzkoako Foru] Aldundia, bai eta udalak ere derrigortuta daudela araua gauzatzera. Beraiek pausoak eman behar dituzte, baina nik uste dut pauso horietan ezin dela Hondarribiko Udala bakarrik utzi. Egia da urte askotan ezer egin gabe egon direla, eta Hondarribiko Udalak ez duela ezer egin hau konpontzeko, baina orain udalean daudenek bi urte daramatzate hor, eta nik uste dut gauzak egiten ari direla, baina momentu batzuetan bakarrik sentitzen dira. Orain kanpotik entzuten ari garena da hau herrian konpondu behar dela, baina 28 urteren ondoren herriari ezin diozu utzi dena konpontzeko. Nik uste dut herrian konpondu behar dela, baina kanpoko laguntzarekin.
Gipuzkoa, berdintasunezko jaien alde izeneko kanpaina aurkeztu zuen uda hasieran Gipuzkoako Diputazioak, jai parekideen alde. Irungo eta Hondarribiko jaien aipamenik ez dute egin propio gidan, nahiz eta Berdintasun zuzendari Nerea Isasik erran gidarekin Irungo eta Hondarribiko udalei ere egin zaiela gomendio parekideak betetzeko eskea: «Inplizituki». Zer iritzi duzue protokolo horri buruz?
Hor xehetasun inportantea bat aipatzea ahaztu zaie: joan den irailaren 8aren ondoren, Jaizkibel konpainiatik aldundiari eskatu genion zerbait egin zezatela Berdintasun Legearekin. Behar genuela kanpaina bat edo horrelako zerbait, kanpotik laguntzeko herria. Hori da eman duten erantzuna, baina inon ez da ageri guk eskatu genuela.
«Orain kanpotik entzuten ari garena da hau herrian konpondu behar dela, baina 28 urteren ondoren herriari ezin diozu utzi dena konpontzeko»
Nola dator aurtengoa?
Irailaren 8ari begira, argitzeko gauza asko ditugu, baina espero dugu pauso batzuk emango direla, aurrerapausoak egongo direla. Beharbada ez guk nahiko genituzkeen guztiak, baina kontziente gara prozesu batean gaudela, eta hor pausoak eman behar diren moduan emango direla.