Euskal gatazka. Desmilitarizazioa

Berdeak, urdinak eta gorriak

Biztanleko polizia gehien duen Europako Batasuneko herrialdea da Euskal Herria. ETAren erabakiaren ondorenak berriz piztudu euskal gatazkaren desmilitarizazioari buruzko eztabaida.

Ertzaintza eta Guardia Zibila, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. J. U.  / ARP.
jokin sagarzazu
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mafiako ustezko 127 kide atxilotzeko, Ameriketako Estatu Batuetako FBIk 800 agente erabili zituen. Aste hatan bertan —2011ko urtarrilean—, Euskal Herrian, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko 390 agentek parte hartu zuten Ekineko eta Askatasuneko ustezko hamar kide atxilotzeko. Kontuak argiak dira: mafiako kide bat atxilotzeko FBIk 6,2 agente behar izan zituen; etxean armarik ez zuen militante independentista bat atxilotzeko, berriz, 50 agente erabili zituzten Espainiako polizia indarrek.

Halako albisteekin gobernuek egin dezaketen indar erakustaldia edo erabilera propagandistikoa alde batera utzita, zifra horiek agerian uzten dute militarizazio handiko herrialdea dela Euskal Herria. Zipreren atzetik, polizia dentsitate handiena du Europan: polizia bat 165 biztanleko. Beste modu batera esanda, sei polizia 1.000 biztanleko. Zifra horiek txiki uzten dute Europako Batasunak gomendatutako ratioa: bi polizia 1.000 biztanleko. Eurostatek kaleratutako datuen arabera, Turkian eta Irlanda iparraldean baino polizia dentsitate handiagoa dago Euskal Herrian —herrialde horietan, baina, armaden presentziak du nagusitasuna—.

Euskal Herrian, gainera, kolore guztietako poliziak daude: Espainiako Polizia eta Guardia Zibila; Frantziako Polizia eta Jendarmeria; eta Ertzaintza eta Nafarroako Foruzaingoa. Horiei gehitu behar zaizkie Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuetako kideak.

Armadako soldaduak zenbatu gabe —1.200 inguru Hego Euskal Herrian— eta udaltzainak kontuan hartu gabe, 18.100 polizia daude Euskal Herri osoan. Horietatik 9.000 inguru Espainiako eta Frantziako polizia indarretakoak dira. Guardia Zibilak dauka presentzia handiena: 4.800 agente eta 79 kaserna ditu Hego Euskal Herrian, horietatik 52 Nafarroan. Askatasunak 2006an eginiko azterketa baten arabera, Hego Euskal Herrian, Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta armadak 40 milioi metro koadro dituzte lurretan; 25 milioi Nafarroan.

Polizia kopuruak eta Espainiako eta Frantziako indar armatuen presentziak lotura zuzena dauka gatazka politikoarekin. Euskal Herrian dauden polizia guztiek dituzte eskumenak —Foruzaingoak eta udaltzainek izan ezik— «terrorismoarekin» loturiko gaietan. ETAren jardun armaturen amaierak, baina, ezbaian jarri du polizien zeregina, bereziki Espainiako Poliziarena eta Guardia Zibilarena; besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak polizia propioa dutelako.

Euskal Herriaren desmilitarizazioa ezker abertzalearen aldarrikapen historikoa izan da. ETAren su-eten guztietan galdegin du Espainiako eta Frantziako poliziak erretiratzea.

Hala ere, eta aurreko su-etenetan bezala, hainbat eragilek salatu dute militante independentisten aurkako jazarpen poliziala ez dela eten, eta polizien errepide kontrolek, jarraipenek eta kolaborazio eskaintzek bere horretan jarraitzen dutela.

Erakunde armatuak berak ere aipatu zuen gaia, iazko azaroan, jardun armatuaren amaiera iragarri eta bi astera Gara egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean. Frantziako eta Espainiako gobernuekin aurrez aurreko negoziazioak abiatu beharra nabarmendu zuen ETAk, eta adierazi zuen «gatazkaren ondorio» diren hiru «gai nagusi» landu behar zirela mahai horretan: Euskal preso eta iheslari guztiak etxeratzea, ETAren armak desegitea eta Euskal Herria desmilitarizatzea, hurrenez hurren.

Berriki, Iñigo Urkulluk berriz piztu du eztabaida. EAJren EBBko presidente izendatu zutenean eginiko hitzaldian, urtarrilaren 15ean, «Euskaditik kanpoko polizien presentzia amaitzeko» eskatu zuen. Egun bat geroago, erantzun zion Ignacio Cosido Espainiako Poliziaren zuzendariak: «ETA desagertuta ere, polizien presentzia ziurtatua dago Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan».

Buruzagi jeltzalearen adierazpenek, baina, kezka eragin dute Euskal Herrian dauden Espainiako polizien eta guardia zibilen artean. EAEko Polizien Sindikatu Bateratuko (SUP) idazkari nagusiak «arduragabekeria» leporatu dio hari. Deia egunkariari eginiko adierazpenetan, nabarmendu du Euskal Herrian jardundako Espainiako poliziek «lan handia» egin dutela «ETA amaitzeko borrokan». Eta erakunde armatua desagertuta ere, ez dutela Euskal Herria utziko.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak hainbat zeregin dituzte Hegoaldeko lau herrialdeetan. Baina, bereziki, «Espainiako Estatuko subiranotasun nazionala zaintzea» —mugen zaintza, presoen lekualdatzeak, armen kontrola— eta «terrorismoaren aurka borrokatzea» da haien jardun nagusia. SUPeko bozeramailearen arabera, ETAk jardun armatua amaitu badu ere, badira hainbat «arrisku» erakunde armatuaren aurkako borroka dela-eta «albo batean» utzi direnak; «terrorismo islamista» aipatu du, besteak beste.

Azken egunetan, Espainiako eta Frantziako polizien presentziak baino gehiago ETAren desarmeak hartu du eztabaidaren erdigunea. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi duenez, armak entregatzen hastea urrats bat izango litzateke «ETAren amaiera benetakoa dela irudikatzeko». Prozesu hori aurrera eramateko prest azaldu da erakunde armatua, baina gobernuekin adostu nahi du hori.

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak ideia hori berretsi zuen herenegun. Etxeberriaren arabera, prozesu horretan hiru eragilek hartu behar dute parte: ETAk, batetik, eta Espainia eta Frantziako gobernuek, bestetik, eta bi aldeek onartutako ikuskatzaile batek. Era «ikuskatu, ordenatu eta adostuan» egin behar da armak uzteko prozesua, Etxeberriaren arabera. «Zalantzarik utziko ez duen prozesu bat izan behar du».

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere, duela bi aste eginiko bisitan, ETAri eskatu zion armen inguruan gogoeta egiteko. ETAk armak gehiago ez dituela erabiliko ziurtatu badio ere, Egiaztatze Batzordeak uste du talde horretakoek armak aldean eramateak «egoera arriskutsuak» sor ditzakeela.

Bizkartzainak lehenengo

Hori argitu bitartean, Espainiako Gobernuak urratsik ez duela egingo azpimarratu du. Hala ere, eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriari jarraituz, bizkartzainen kopurua nabarmen murriztuko duela iragarri du.

2011ko hasieran, 3.000 bizkartzain inguru zeuden Hego Euskal Herrian. Horietatik %80 baino gehiago —2.500 inguru— enpresa pribatuetakoak ziren.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren 2012ko aurrekontuetan jasotzen denez, bizkartzainak kontratatzeko diru sailak nabarmen gutxituko dituzte aurten. Jaurlaritzak %57 jaistea aurreikusi du. 2011n 88 milioi euro bideratu zituen, eta aurten 36 milioi. 2010ean 140 milioi eurokoa izan zen diru saila, aurtengoa halako lau. Espainiako Gobernuak, berriz, 100 milioi euro bideratu zituen iaz.

Murrizketa horiek direla-eta, kezka agertu dute bizkartzainen elkarteek. Jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.000 bizkartzain baino gehiago kendu dituztela iaztik; bereziki, ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.