Berdea zuritzen

Guardia Zibilaren kaleko erakustaldiak «normalizazio demokratiko» gisa uler daitezen nahi du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak. Memoria osoak salatu du ekintza horiek biktimak «umiliatzen eta birbiktimizatzen» dituztela.

Guardia Zibilaren desfilea, Gasteizen. L. RICO / EFE
Guardia Zibilaren desfilea, Gasteizen. L. RICO / EFE
xabier martin
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Aste honetako albistea da: Guardia Zibilak Nafarroako Ikasnova plataforma digitala baliatu du DBH4ko ikasleak zibersegurtasunaren inguruko lehiaketa batera aurkez daitezen. LAB sindikatuak egindako salaketan zehazten da seguruenera Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean egin dela hori, eta garbi esan du Guardia Zibila «zuritzeko» beste saio bat dela. Beste bat, ez baita gertaera bakarra izan azken hilabeteotan, hamarkada askoan jazarpen gogorra ezarri duen erakunde militarra Hego Euskal Herrian «normalizatzeko» saioaren barruan. Espainiako segurtasun indarrak kuarteletatik atera eta gizarteratzeko saio bat abiarazi dute aurten, eta Gasteiz bilakatu da saio horren laborategi nagusia.

PSE-EEk gobernatzen du Gasteizen, Maider Etxebarria alkatearen bidez, eta, udatik hona, polemika handia piztu dute hark hartutako erabaki bik: lehena, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari ematea Gasteizko urrezko domina; hau da, esaterako Meliton Manzanas biktima soil gisa hartzen duen erakundea; eta bigarrena, Guardia Zibilak urriaren 12an hiriko erdigunean desfilea egitea eta omenaldia jasotzea. Hispanitatearen Egunean Guardia Zibilak Gasteizko Plaza Berrian egindako erakustaldiak sumindura piztu du erakunde horien biktimen artean. Memoria Osoa elkarteak salatu du biktimak «umiliatzea eta birbiktimizatzea» dakarrela horrek, halako ekitaldiak «eraso zuzenak» direlako estatu indarkeriaren bortxa jasan zutenentzat.

2016. urtean, Eusko Jaurlaritzak torturari buruz egindako ikerketa ofizialak modua eman zuen 5.000 lagunen kontrako torturak frogatzeko. Paco Etxeberria auzi medikuak gidatu zuen azterketa, «ahozko frogak, froga dokumentalak eta perituenak» oinarri hartuta, eta Etxeberriak oso garbi utzi zuen kasu horiek guztiak egiazkoak zirela: «Guk frogatuta dauzkagu. Sinetsi nahi ez badute, haiena da arazoa». Bada, milaka tortura kasu horietako gehienetan Guardia Zibilaren eskua azaltzen da, bai eta hil arte torturatutako zenbaitenetan ere.

«Itzal iluna» zuritu

Orain, berriz, aldatu egin nahi dute erakunde armatu horrek Euskal Herrian duen «itzal iluna», LABek salatu duenez Nafarroako hezkuntza alorreko auziaren harira. «Nire helburuetako bat da estatuaren segurtasun indarren presentzia normalizatzea, zeren eta borroka antiterroristan egin zuten lan ikaragarritik harago, herritarrentzat balio handikoak diren eginbeharretan dihardute oraindik ere». Marisol Garmendia EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak argi azaldu du zein den Guardia Zibila gizarteratzeko saioaren helburua.

«Euskadik bizi duen normaltasun demokratikoaren sintoma ona da, segurtasun indarrak herritarrak babesteko baitira»

MARISOL GARMENDIA Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria

Nafarroako aste honetako auzia eta Gasteizen egindako desfilea Bilbon abiarazitako ekintza baten segida baizik ez dira izan. Urri hasieran, Guardia Zibilaren Bizkaiko Komandantziak gonbita egin zien bilbotarrei Ramon de la Sota moilara joan eta bertatik bertara ezagut zitzaten Seprona Natura Babesteko Zerbitzuaren bitartekoak, mendi erreskatekoak, lehergailuak indargabetzekoak eta bestelakoak. Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Bilbon egindako erakustaldi horri buruz, Garmendiak adierazi zuen «Euskadik bizi duen normaltasun demokratikoaren sintoma ona» zela, uniforme berdeko eta urdineko agenteak ere «herritarrak babestu eta haiei zerbitzua emateko baitira».

Guardia Zibilaren urriko erakustaldia, Bilbon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Guardia Zibilaren urriko erakustaldia, Bilbon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Erakunde polizialen biktimek oso bestela hartzen dituzte ekintza horiek, azpimarratzen baitute areagotu egiten dutela indarkeriaren biktimen arteko asimetria, tratu desberdina. Memoria Osoak ohartarazi du ordezkari politikoek Guardia Zibilak egindako ekitaldietan parte hartzea erakunde hori «omentzea» dela: «Giza eskubideen milaka urraketaren erantzulea», alegia.

«Geuk pairatu dugun biolentziaren apologia egiteko eta hura goresteko ekintza argiak dira; institutu armatu hori zuritzeko estrategia bat da»

Memoria Osoa

«Geuk pairatu dugun biolentziaren apologia egiteko eta hura goresteko ekintza argiak dira, eta, aldi berean, estrategia bat, eragindako minaren aitortza egitea eta egin zigutenagatik erantzukizunik hartzea ere eskatzen ez zaion institutu armatu hori bera zuritzeko», salatu zuen taldeak, Gasteizko desfilearen harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.