Berant eta berezitasunik gabe, baina izenpetu dute lurralde kontratua

Frantziako Gobernuak, Akitaniak eta Pirinio Atlantikoek 167 milioi euro emanen dituzte Ipar Euskal Herriko 61 proiektu sei urtez diruz laguntzeko.Desadostasunak agertu dituzte izenpeduran ere

Irudian, Caroline Phillips, Pierre Andre Durand, Pierre Dartout, Alain Rousset, Jean Jacques Lasserre eta Jean Rene Etxegarai, hitzarmena sinatzen. M. A. T. I.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hizkuntza politikari buruzko desadostasunak bururaino eraman dituzte 2014tik 2020ra arterako Ipar Euskal Herriko lurralde kontratuan, baita izenpetzeko orduan ere. Jean Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidenteak, Caroline Phillips Garapen Kontseilukoak eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko buruak nabarmendu dute euskararen aldeko dirua ez dela aski, eta, beraz, ez dela berezitasunik hitzarmenean; Akitaniako eta Frantziako Gobernuko ordezkariek, aldiz, euskararen alde indar berezia egiten dutela ohartarazi dute, «testuinguru ekonomiko zaila» kontuan harturik.

Orotara 300 milioi euro bilduko ditu sei urterako iraunen duen hitzarmenak, baina aldeek emaniko dirutzak kontuan harturik, 167 milioi euro inguru dira, azken finean. Frantziako Gobernuak emanen ditu horietatik 62 milioi inguru, Akitaniak bertze 62 milioi eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak, azkenik, 43 milioi euro. 300 milioietara iritsi arteko dirua proiektu bakoitzaren bultzatzaileak finantzatu beharko du, instituzioena ez baita zati bateko diruztatzea baino.

Baionako Bakia gelan izenpetu zuten hitzarmena instituzio bakoitzeko ordezkariek, atzo arratsaldean. Frantziako Gobernuaren izenean Pierre Dartout Akitaniako prefeta eta Pierre Andre Durand Pirinio Atlantikoetakoa mintzatu ziren, Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidente gisa Alain Rousset, eta Lasserre bera Pirinio Atlantikoetako departamenduaren izenean. Phillipsekin eta Etxegarairekin batera, izenpedura ekitaldiaren ondotik sinatu zuten diruztatutako proiektuak biltzen dituen txosten mardula, eta horien ondotik, ekitaldira bilduriko hautetsi andana batek gehitu zioten haien izenpedura.

«Erosketen zerrenda»

Phillipsek, Etxegaraik eta Lasserrek Ipar Euskal Herriaren «berezitasuna» ez aintzat hartzea dolutu zuten, bereziki euskarari laguntzak ez emendatzeagatik —hizkuntzaren «salbamenduaz» mintzatu zen Etxegarai—. Roussetek, ordea, uste du lehentasunak finkatzean datzala gakoa: «Lurralde kontratua ez da erosketen zerrenda». Hizkuntza politika aldatzen ez den politika publiko bakarra da, haren arabera, eta «zinezko arrakasta» duena, gainera: «Ez zaie begiratu behar hiltzen doazen hiztunei, sortzen direnei baizik. Etorkizuneko kurba hazkundean doa». Hizkuntz politikan Ipar Euskal Herria «Frantziako txapelduna» zela gaineratu zuen.

2017an berrikusi eginen dute lurralde kontratua, eta euskararen laguntzak igotzeko esperantza dute Hautetsien eta Garapen Kontseiluek. Urte horretan jarriko litzateke martxan Ipar Euskal Herriko elkargoa, ordea, eta horren barruan euskarak zein leku izanen duen erabakitzeke dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.